Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza memoriarako espazio bilakatzeko bidea korapilatsua izan da urte hauetan, Memoria Gara herri ekimenak 2018an proposamen hori egin zuenetik. Gasteizko apezpikutza luzamendutan ibili da, bai eraikina Martxoak 3 Memoriagunea fundazioaren esku uzteko, bai jaiotzen erakusketa tenplutik ateratzeko; bere jarreraren erakusgarri dira berriki Gasteizko gotzain Juan Carlos Elizaldek egindako adierazpenak, fundazioaren patronatuan dauden biktimen elkarteko kideak “azal garratzekoak” direla esan baitu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuak alde batetik, eta Memoria Garak zein Martxoak 3 elkarteak bestetik, espazioaren funtzioaren inguruan dituzten desadostasunak agerian geratu izan dira. Herri eragile horiek garbi dute guneak egungo erronkekin loturiko memoria jaso beharko lukeela (langile borroka, feminismoa, antiarrazismoa…) eta horretarako plangintza prest dute.
San Frantziskoko memoriala ez da 50. urteurrenerako prest izango. Eraikina, utzikeriaren ondorioz, oso hondatuta dago eta sakoneko lanak behar ditu. Otsailaren 16an urgentziazko lehen obrei ekin zieten, eta horren barruan, elkarteek eskatuta, zundaketak ere egingo dituzte tenplua inguratzen duen lorategian, 1976ko sarraskiaren arrastoak bilatzeko.
Baina edukiontziari ez baizik edukiari erreparatu diete efemeridearen kari, eta aurten inoiz baino gehiago, hamaika ekimen eta mobilizazio antolatu dira martxoaren 3ko dataren bueltan. Hona batzuk besterik ez ditugu ekarri.
Komunikabideak
Florida parkeko Ignacio Aldekoa kultur etxean Komunikazioa eta Memoria izeneko erakusketa dago ikusgai martxoaren 31 arte. Garaiko prentsak 1976ko langileen sarraskia nola tratatu zuen aztertu dute kritikoki.
Prentsa frankista oraindik indarrean zen eta langileen heriotza manifestarien jarrerari egotzi zioten egunkari horietan. Aldiz, izan ziren zentsurari aurre egin zioten kazetak: Zeruko Argia-k, esaterako, orduko poliziaren inspektore buru Antonio Losada egin zuen erantzule, Langile odolez tristatua artikuluan. Mahai-inguruak ere antolatu dituzte; otsailaren 26an langile asanbladen ingurukoa, fabriketan lan egiten zuten hainbat lagunekin.
Radio Vitorian, bestalde, podcast dokumental serie batean garaiko testigantzak, audio argitaragabeak eta elkarrizketa esanguratsuak eskaintzen ari dira, tartean Rodolfo Martín Villa ministro frankista ohia, bizirik dagoen sarraskiaren erantzule politiko nagusiena: “Gauza guztiak zerbaitengatik gertatzen dira, ez da justifikatzeagatik…”, esan du.
Martxoak 3 elkarteak Inor ez fikziozko laburmetraia aurkeztu du otsailean. Txalapartak, bere aldetik, Martxoak 3, greba, sarraskia, memoria liburua kaleratu du; Jon Martínez historialariak Gasteizko 1976ko greba mugimendua aztertu du bertan.
Emanaldiak
Jimmy Jazz aretoan Ez dago kerik surik gabe zikloaren barruan Olvido Flores emanaldia eskainiko du Estefanía de Pazek, martxoaren 1ean. Areto berean, martxoaren 13an, M3Moria zuzenean kontzertua izango da, Olaia Intziarte, Izaki Gardenak, Nihil eta Beat Artean-en eskutik. Artiumen, otsailaren 28an, Nerea Lekuona artistarekin tailerra antolatu dute.
Ekitaldiak
Aurten Martxoak 3 elkarteak ekitaldi berezia antolatu du Europa Jauregian otsailaren 28an. Biktimei egindako omenaldi hunkigarria izango da eta edukiera mugatua du, baina ehunka lagun izatea aurreikusten da. Otsailaren 26an, berriz, Eusko Legebiltzarrera Estatua erantzule kanpaina eramango dute, Gasteizko 1976ko eta Iruñeko 1978ko gertaerak argitzea eskatzeko.
Mobilizazioak
Martxoaren 2an pentsiodunek mobilizazioa iragarri dute. Hurrengo egunean, martxoaren 3an, Ikamak ikasle greba deitu du Euskal Herri osoan eta Gasteizen manifestazioa egingo du, 12:00etan Elurretatik hasita. Gasteizko Ikasle Antolakunde Sozialistak ere greba deitu du, eta kasu honetan 11:30ean abiatuko da mobilizazioa Andre Mari Zuriaren plazatik.
Arratsaldean, 17:00etan omenaldia egingo diete hildako bost langileei Zaramagako monolitoan. Ondoren, 18:30ean, sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak herritarrak “kaleak hartzera” deitu dituzte, Katedral Berritik hasi eta Andre Maria Zuriaren plazaraino. Ekitaldi nagusi horretan berriz ere dozenaka milaka lagun elkartzea espero da, 50 urte geroago.