Joera globalen menpe

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurki Euskal Herriko zati batean udal hauteskundeak izango dira, garrantzitsuak izan daitezkeenak euskal nazio ikuspegitik; izan ere, abertzaletasunak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aurrerapausoak ematen jarraituko duela dirudi. Hego Euskal Herrian, ordea, eztabaida eta arreta ia erabatekoa Espainiako politikak bereganatzen du. Zehazki, erresuman nagusi den egoera politiko agonikoak gure espazio politiko-komunikatiboan zentraltasuna eskuratu du. Ez dut esan nahi Espainiako Estatu mailako egoera horrek larritasunik eta garrantzirik ez duenik, baizik eta ikuspegi subiranista eta abertzaletik Hego Euskal Herriko herritarren arreta Espainiara eta, batez ere, Madrilera begira egotea gure indar harreman errealen erakusgarri dela. Halakoa da joko zelaia, hala ere, eta hegoaldera ez begiratzearekin soilik ezer lortuko ez dela ere esan beharko litzateke.

Espainiako Estatuko egoera politikoa larria da, eta hala bizi da, politikarekiko interesa duten sektoreetan, bederen. Gobernu ahulak parez pare eskuin neofrankista dauka, bi alderditan banandurik. Eta independentista euskaldun, katalan, galiziar eta abarrek zentro-ezkerreko gobernua babestea beste aukerarik ez dute ia. Kontraesana agerikoa da, ia ekidin ezina den kontraesana izan arren: beren lurralde marko propioa eta prozesu autozentratuak eraiki eta bultzatu nahi dituzten indar politikoak haiena ez den nazio-egitasmoa bultzatzen duten indarrak babesten ari baitira.

Estaturik gabeko nazioetako indar subiranistek eta eraldatzaileek zailtasunak dituzte eskuin espainiarraren bloke horren aurrean bloke historiko bat ezartzeko

Edonola ere, aurrez aurre dugun arriskua ere argi izan beharko genuke. PPren eta Voxen arteko gobernu batek urrats estrukturalak eman ditzake nazio auzian, hezkuntzan, adibidez, edota eremu sozioekonomikoan nahiz askatasun politikoetan. Arazoa da, nire ustez, estaturik gabeko nazioetako indar subiranistek eta eraldatzaileek zailtasunak dituztela eskuin espainiarraren bloke horren aurrean –propositiboa izango dena, eremuz eremu jardungo duena– bloke historiko bat ezartzeko. Aurrera begirako bide bat mahai gainean jarriko duen bloke historikoa, eta erreaktiboa soilik izango ez dena. Eskuin-muturra gelditu eta dagoeneko baduguna defendatu leloak gaindituko dituena. “Aldaketaren” adierazlea ezin dakioke-eta eskuin espainolista, antifeminista eta arrazistari oparitu.

Gauzak horrela, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaitik Espainiara begira gauden bitartean, estatuetako politikagintzetan geroz eta eragin handiagoa du nazioarteko politikak. Beste modu batera esanda: estatu mailako politikak gero eta internazionalagoak dira, herrialde orotan. Joera globaletatik kanpoko politika fikzioa da garaiotan. Eta mundu mailako tendentzia horiek, oro har, oso ezkorrak dira: olatu erreakzionarioa gorantz doa AEBetatik Italiara eta Argentinatik Kataluniara, Japoniatik pasatuz. Joera horiek herrialde bakoitzean ezaugarri propioak hartzen baditu ere, arrazakeria, antifeminismoa eta inperialismoa osagai garrantzitsuak dira.  

Argazki ezkor horren eraginpean bada ere, Euskal Herrian joera erreakzionario hori oso minoritarioa da zentzu politikoan eta antolatuan. Gurean haren eragina geroz eta handiagoa den arren, nagusiki espainiar edo frantziar nazionalismoei loturik garatzen ari da. Eta Euskal Herri mailako joera erreakzionario “autoktonoa”, nolabait esatearren, oso ahula da momentuz, sare sozialei begiratuz gero batzuetan aurkako inpresioa izan dezakegun arren. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Politika
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.