Irakasle etorri berriari harrera eta gutxieneko akonpainamendua (ez) egiteaz, batetik bestera ibiltzeaz, plantilla desegonkorrek hezkuntza proiektuan eta ikasleengan dituzten eraginez, hierarkiez eta beste hitz egin dugu Amaia Zorita eta Mikel Uriguena irakasle ordezkoekin. “Ikastetxe berri batera heltzen zaren aldiro, zerotik hasi behar duzu”.
Bizkaitarrak dira bi elkarrizketatuak: Amaia Zorita Bermeosolo Zornotzan bizi da; haurreskoletan urtetan aritu ostean, pare bat ikasturte daramatza Haur eta Lehen Hezkuntzako zerrendetan. Mikel Uriguena Ruiz durangarra da eta 2009tik darama Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ordezko.
Ordezko irakasleak Euskal Herriko punta batetik bestera mugitzen irudikatzen ditugu sarri.
Amaia Zorita: Ni Muskizen izan naiz urrutien, 50 minutu joateko eta beste 50 bueltatzeko, baina bi ikasturte hauetan hautatu dudalako soilik esleitzea Bizkaian eta jardun osoan diren lanpostuak. Haurreskoletan lan egindako urteetatik puntu ugari nituen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako nire lehen lanpostua bakantea zen. Izan ere, ordezkoen artean ezberdindu behar dira bakantedunak (ikasturte osoko kontratua dutenak) eta ordezkapen xumeak egin behar dituztenak.
Mikel Uriguena: Nire kasuan, EAE barruan Durango nahiko erdigunean dago eta hasieratik lurralde osoko ikastetxeetara joateko eman dut izena, aldatu dudana da hastapenetan jardun murriztua nahiz osoa nituela hautatuta, eta orain, puntu gehiagorekin, osoa baino ez. Donostian, Hernanin, Alegian, Gasteizen, Lekeition… izan naiz irakasten, eta nire eskualdean lehen aldiz duela bi ikasturte egokitu zitzaidan. Alde batetik bestera autoan, Euskal Herriko kutsadura ordezkoek eragiten dugu, kar, kar, zoratzekoa da. Eta garraio publikoa erabiltzeko esatea polita da, baina askotan ez da posible.
Zorita: Norberak aukeratzen du zein lurraldetan aritu nahi duen, eta jardun murriztuan, aukera dago 50 kilometro gainditzen dituzten lanpostuak ez esleitzeko, horrek laguntzen du mugikortasunari mugak jartzen, baina puntu gutxi dituzten ordezkoek urrunera joateko aukerari ez dizkiote ateak ixten, sakrifizio hori egin beharra dute, dauden eskaintza guztietan aukera izateko eta pixkanaka puntuak lortzen joateko.
Uriguena: Okerrena da ordezkapen laburrak direnean, gaur Santurtzin, bihar Oionen eta hurrengoan Beasainen. Kilometro asko dira eta gainera ez duzu bertan geratzeko aukerarik. Behin Karrantzan egokitu zitzaidan eta han inguruan etxe bat alokatzen saiatu nintzen, jakinik ezingo nuela autoan sartuta egunero hiru ordu pasatu, ez ekonomikoki, ez osasun mentalaren ikuspegitik… Azkenean, ordea, erratu egin ziren lanpostua esleitzerakoan.
Gertutasuna lehenetsi beharko litzateke irakasle postuak esleitzerakoan?
Uriguena: Amurrion heren bateko jarduna egokitu zitzaidanean, nire buruari galdetzen nion: ez da egongo Amurrio inguruan nire zerrendako norbait, heren batean izanda ere urte osorako lanpostu bat interesatuko zaiona, etxetik gertu? Ni prest nengoen hori utzi eta beste bat hartzeko… Administrazioarentzat hau guztia kudeatzea ez da erraza, baina sarri “zorte onaren” edo “zorte txarraren” menpe bukatzen dugu: egokitu dakizuke hamazazpi ikastetxetan aritzea ikasturte bakarrean, alegia zero atxikimendu izango duzu zentro horiekiko eta kasik zaintza lanak egitera zoaz; eta egokitu dakizuke ikasturte osoan ikastetxe berean jardutea.
Hamazazpi ikastetxe ikasturte bakarrean. Halako egoeran, zaila dirudi ikastetxe horiekiko lotura sortzea, berdin ikasleenganakoa.
Zorita: Ez dituzu umeen izenak ere ezagutzen. Ikastetxe ezezagun batera goaz, haientzat ere ezezagunak gara, eta epe laburreko ordezkapenetan gauza gutxi egin dezakegu. Irakasle titularrak lanak prestatuta utzi baditu lagungarria da, baina bat-bateko gauza izan bada… Ikastetxe bakoitzak antolakuntza, izaera eta dinamika ezberdinak ditu eta horretara moldatzeak, ezinbestean, jantzi egiten gaitu ordezkoak, egokitzeko gaitasun handia eskuratzen dugu.
Uriguena: Egun bat edo birako zoazenean, zaintza lanak egitera zoaz. DBHn, 8:00etan institutura iritsi eta 8:30ean zuzenean klasea ematen egon zaitezke, eta gerta daiteke aste honetan Musika eta Ekonomia ematen aritzea Bilboko institutu batean, eta hurrengo astean Geografia eta Historia irakasten aritzea Gipuzkoako herri txiki batean. Errealitate oso ezberdinak dira eta ikasgaiak prestatzeko denborarik ere apenas duzun. Pentsa, ikastetxe batera azterketa egunean heltzea ere tokatu izan zait, eta irakasle titularraren bajaren arabera, tokatu daiteke norberak zuzendu behar izatea irakatsi eta prestatu ez duen materiaren azterketa. Horri gehitu ikasleek ere ongi dakitela paseko norbait zarela.
Bestalde, leku batzuetan harrera egiten dute, baina askotan ez, eta ordezkoarenganako begirune horren falta sumatu dut ikastetxe batzuetan, etorri berriari lehenengo orduetan akonpainamendua egin eta gutxienekoak azaltzea. Egia da, aldi berean, haiek haien errealitatean murgilduta daudela eta gu goazela arazo bat konpontzera.
Zorita: "Proposamenak eta ekarpenak egin nahi ditugu. Beste ikastetxe batzuetan ikusitakotik esperientzia handia dugu, zerk funtzionatu duen han eta hemen"
Iritsi bezala joango zaretela jakitun, zenbateko pisua ematen zaie ordezko irakasle baten ahots, erabakimen eta proposamenei? Irakasle finko eta ordezkoen artean nabari al duzue ezberdintasunik?
Zorita: Aldea dago, bai, karrerako funtzionario finkoek pisu handiagoa dute, proiektuaren jarraipena egiten dute. Baina ordezkoaren jarrerak ere eragiten du, badirelako “aldi baterako baino ez nago eta ez dut ekarpen handirik egin nahi” pentsatzen dutenak, eta bagaudelako proposamenak eta ekarpenak egin nahi ditugun ordezkoak. Gainera, beste ikastetxe batzuetan ikusitakotik esperientzia handia dugu, zerk funtzionatu duen han eta hemen. Jende gaztea (ordezkoak batik bat gazteak izan ohi dira) indar handiz dator, proposamen berriekin; beste kontu bat da klaustrokideek ontzat hartzea, “hemen beti beste era honetan egin dugu” ere entzun behar izaten dugulako hainbatetan. Batzuetan sentitzen dugu trantsizio lanak egiten ari garela, baina finkoen ardura eta konpromiso berarekin egiten dugu lan.
Uriguena: Denetik topatu dut. Badira jatorrak, irekiak eta beti laguntzeko prest dauden irakasle finkoak, eta badira, agian estatus kontuagatik, oso argi uzten dizutenak adibidez erabakiak hartzeko orduan ordezkoa zarela. Hori bai, erantzukizunak banatzeko orduan batzuetan ez gara hain ordezko… Eta gauza harrigarriak ere ikusi ditut: murrizketa eskatua duen irakasle titularrak tutoretza askatu eta lanaldi herenean ari den ordezkoa talde osoaren tutore aritu behar izatea. Ez zaizkit hierarkiak gustatzen: zu finkoa zara eta ni ordezkoa, baina lankideak gara, eta denon esperientzia da aberasgarria; zuk urte asko daramatzazu eskola honetan, baina agian eskola honetan baino ez zara egon, eta nik ikastetxe asko zapaldu ditut, beste ikuspuntu bat ekarri dezaket.
Dituzuen puntuengatik, gaur egun epe luzeko ordezkapenak egiten dituzue. Nola bizi duzue, demagun, ikasturte oso batez ikastetxe batean egon, eskolako hezkuntza proiektuan murgildu, eta gero alde egin behar izatea?
Zorita: Haustura bat egoten da eta, nire kasuan, Haur Hezkuntzako geletan, oso emozionala da, ume eta familiekin garatutako lotura apurtzen da. Ikasturte osoan erreferentziazko pertsona izan naiz haur horientzat. Eta ikasturtea nola bizi izan duzun, pena handia emango dizu utzi behar izateak edo, agian, eskertu egingo duzu ez errepikatzea.
Uriguena: Amaiak dioen moduan, pena ematen du, baina gauzak ondo ez doazenean edo apurtzea behar duzunean ere ongi dator ordezko izatea eta beste norabait joatea.
Eta eskolako hezkuntza proiektuaren ikuspegitik, nola eragiten du irakasle taldea egonkorra ez izateak?
Uriguena: Egonkortasuna beti da hobea ikastetxearentzat, jakitea zein egongo den eta bakoitzak nola egiten duen lan, proiektuak aurrera eramateko, erantzukizunak banatzeko… Nor etorriko den ez jakiteak, ezegonkortasunak ez dio laguntzen ikastetxeari, ezta ikasleei eurei ere, zeren ikasturte batez ikasleekin lanean aritu zarenean, haiekin bigarren ikasturte batez jarraitzeak aukera ematen baitizu ikasle horien jarraipena egoki egiteko. Gainera, DBH nahiko ezegonkorra da berez ikasleentzat, hamar-hamaika irakasle dituzte urtero, eta gutxienez horietako batzuk mantentzeak lagundu egiten die, batez ere zailtasun gehiago dituztenei. Hiru-lau urte jarraian ikastetxe berean egon naizenean, ikaslearen errealitatea osoki ezagutu dut, haren familia eta beste. Aldiz, ikastetxe berri batera heltzen zaren aldiro, zerotik hasi behar duzu. Dena den, urte batetik bestera lankideak joan-etorrian ikustea ohikoa da, ez ordezkoak bakarrik, baita irakasle finkoak direnak ere.
Zorita: Behin-behineko asko egoteak ziurgabetasuna ekartzen dio zuzendaritzaren planifikazioari, hasteko, ez dakizulako zein diren indarguneak eta ahulguneak, eta epe luzerako planifikazioak zaindu nahi izaten direlako. Hala ere, egonkortasun faltak ez du esan nahi ordezkoen inplikazio falta dagoenik, hori ere nabarmendu nahi dut. Arazoa ez da hainbeste langileena, baizik eta estrukturala.
Uriguena: Eta langileen baldintzak egonkorrak diren heinean, langileek ere hobeto erantzungo dute, zeren ez badakit bi hilabetetan edo datorren ikasturtean non egongo naizen, hori ere karga bat da, batez ere urteek aurrera egiten dutenean.
Uriguena: "Egiturazko lanpostuak egonkortu behar dira: bakante bera zazpi urtez atera bada, horrek esan nahi du lanpostu hori beharrezkoa dela ikastetxe horretan"
Eta zein da formularik egokiena, lanpostuak eta plantillak egonkortzeko?
Uriguena: Behin-behinekoak egonkortzeko halako saiakera bat egin zen duela urte batzuk, baina sortu zituen langileen arteko mesfidantzak eta egoera beti ez justuak, batzuen eta besteen puntuak gorabehera. Formula zein den ez dakit, baina bai uste dut oposizio eredua aldatu egin behar dela. Gaitegia zaharkituta geratu da, lehenengo proba oso memoristikoa da, ikasteko 70 gaitik gora egon daitezke eta bolatxoak esango du horietatik ze hiru suertatu diren azterketan, oposizioak prestatzeko dugun denbora ere ez da bera batzuen eta besteen egoeran… Ez baduzu gainditzen ez duzu aurrera egiten, kontuan hartu gabe nolako irakaslea zaren eta zenbateko esperientzia duzun, esperientzia meritu gisa hartzen delako, baina horretarako lehenik azterketa gainditu behar duzu. Beste herrialde batzuetan egonkortze sistema hobeak dituztela esango nuke, baina Espainiako Gobernuak ezartzen du oposizio prozesuak nolakoa izan behar duen.
Zorita: Lanpostu estrukturaletan behin-behinekotasuna murriztu egin beharko litzateke, baina esanguratsua da badela jendea oposizioak gainditu eta plaza finkorik ez duena: bermatzen da lana, baina ez lanpostua.
Uriguena: Egiturazko lanpostuak egonkortzearekin ados nago: bakante bera zazpi urtez atera bada, horrek esan nahi du lanpostu hori beharrezkoa dela ikastetxe horretan, oposizioetara atera behar dela.
Zorita: Eta hori esanda, egia da baita ere eskola baten funtzionamendua ezin dela aurrera eraman ordezkorik gabe. Bajak kubritzeko eta abar, beti izango dira beharrezkoak.
Ordezkapen horiek izango dira prekarioenak…
Zorita: Prekarioenak lanaldi hereneko ordezkapenak iruditzen zaizkit. Titularrak murrizketa hartu eta ordezkoak ikasturte osorako lanaldi herena egin behar izatea.
Uriguena: Gainera, legeak ez du uzten irakaskuntza bigarren lan batekin uztartzen, baina urte osoko lanaldi herena ez da ekonomikoki sostengarria, halako kasuetan malguago jokatu beharko litzateke.