Iruzur orokortuaren garaian bizi gara, eta konturatu gabe, ohitu gara. Nolabaiteko tolerantzia auto-immunea garatuta ohitu dira asko. Tantaz tanta eratzen zaie estalagmita ariman, kailua oinean, eta harekin ibiltzen dira, egokitzapenerako defentsa-mekanismo moldakor. Beste batzuek, gizajo, ez dute zorterik edo gaitasunik hura abian ipintzeko eta, aitzitik, kutsu jakin batzuk usaindu hutsarekin, erreakzio alergiko bortitza izaten dute.
Aurrekoan, gertuko batek kontatu zidan mezu bat jaso zutela lanean, kanpoko erakunde baten kideak igorrita, tankera honetako gauzak esaten zituena: “Ekingo diogu 2025-2026 aldiari, erronka askorekin eta, batez ere, hausnarketarako une ugarirekin; lanean jarraitzeko borondate irmoarekin egingo diogu aurre, elkarrizketa, lankidetza eta sormen kolektiboa indartuta. Eskerrik asko komunitate honetako kide izateagatik eta zuen konpromiso eta parte-hartze aktiboagatik, funtsezkoak baitira elkarrekin ikasteko, lankidetzan aritzeko eta inspiratzeko gune bat eraikitzen jarraitzeko”. Betaurrekoen gainetik begiratu eta, komunera zihoala, egiaztatu zuen sabeleko mina berak soilik zeukala. Alergikoen taldekoa da.
Gehienek pozaren pozez hartzen dituzte horrelako mezuak, baina gutxi batzuei oka egiteko gogoa ematen die. Ez dute lortzen tolerantzia garatzea; aitzitik, mezu mota horien ukitu txikienak erupzio jasanezina eta kristoren azkura sorrarazten dizkie eta botaka hasten dira segituan. Ezin dute jasan publizitatearen logika eta horrek jendea lausengatzeko duen obsesioa, ziria sartzen dien bitartean.
Hezkuntza behar bereziak dituztenei lagundu behar zaiela aitortu beharrean, esan dezagun denok garela bereziak eta diseina dezagun guztiontzat balio duen ikaskuntza-esparrua
Hezkuntza munduan zalaparta apur bat sortu duen azken-aurreko amarrua IDUrena izan da (Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala). Asmakeria “Teknologia Berezi Aplikatuen Zentroa” (CAST, ingelesezko siglen arabera) izeneko batek atera zuen txisteratik orain hamarkada batzuk. Baina zinez errentagarri bilakatu da azken urteotan, publizitatearen botereak dena zapaldu duenean. Dena formula erraz batekin, sare neuronalak (ufa, neurozientziak!), ikas-komunitatea, emozioak eta inklusioa bezalako terminoak biltzen dituen berba nahaste-borrastea. Arkitektura-korronte batzuen praktiketan inspiratu ziren, eraikinak guztiontzat eskuragarri izatea bilatzen zutenak. Antza, inork ez zien esan agian ez zuela funtzionatuko, gauza desberdinak direlako, besterik gabe, eta arlo horretan ondo dabilen ideia agian ezin da beste honetan aplikatu. Baina ez da erraza iluminatuen gogoa eta egarria baretzea, batik bat diru asko irabazteko aukera agertzen denean ortzi-mugan. Hezkuntza behar bereziak dituztenei lagundu behar zaiela aitortu beharrean, esan dezagun denok garela bereziak eta diseina dezagun guztiontzat balio duen ikaskuntza-esparrua. A zelako ideia polita.
Aspalditik, ahots kritikoak altxatu ziren asmakizunaren aurka (UNESCOk ere erosi zuena) askotan beste iruzur batekin lotu zelako, portzierto, "ikasteko estiloak" izenekoarekin, baztertua inolako oinarri zientifikorik ez zeukalako, nahiz eta oraindik bueltaka jarraitzen duen hortik zigorgabe. Azkena IDU babesten duten neurozientzia iturrien azterketa sakon samarra izan da, kea baino ez baitu aurkitu. Pablo Garaizar irakasle eta ikerlariak azaldu duen lez, neurozientzia XXI. mendeko panazea bihurtu da: hitza aipatu behar, besterik ez, edozein gauza, aztikeriaz, balioztatzeko.
Begirada bota, irakurle, IDU apostoluen webguneetan, ea estalaktita kaltzifikatu bat garatu duzun ariman edo erupzioa ateratzen zaizun. Kasu horretan, ez bilatu antihistaminikorik; pentsamendu kritikoaz arduratzen den neurotransmisore baten dosi handiak dituzu, abantaila asko baina desabantaila batzuk ere badituena.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.