M3ko sarraskia eliza barrutik

  • 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak behin eta betiko sarraskitu nahi izan zuen langileen mugimendua. Arratsaldeko 17:00etan batzarra agindua zen Zaramagako San Frantzisko elizan, eta, garaiz joanda, haraxe egin zuten bost emakumeok. Tenplu barruan zeuden masakrea gertatu zen denboran eta, 50 urte igaroagatik ere, oroit dira, oroit direnez. Bost ahots dira, bat eginak.

Ezker-eskuin: Rosa Alonso, Pili Bengoa, Maite Elizondo, Kristina Valverde eta Bego Oleaga. Zaramaga auzoan elkartu gara beraiekin. Argazkia: Zaldi Ero
Ezker-eskuin: Rosa Alonso, Pili Bengoa, Maite Elizondo, Kristina Valverde eta Bego Oleaga. Zaramaga auzoan elkartu gara beraiekin. Argazkia: Zaldi Ero
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hitz-festa da bost emakumeon topatzea. Batzuek elkar ezagutzen dute, beste batzuek ez. Badira osasun publikoaren aldeko manifetan bata bestea ikusi dutenak, edo pentsiodunek egiten dituzten mobilizazioetan. Batzuek, beren aita greban zuten Martxoaren 3ko hartan. Besteren bat, langilea zen ordurako, eta grebalari zen. Besteren batek guardia zibila zuen aita… Ogitik bezainbat ardotik bildu da San Frantzisko atari honetan. Honakoak dira bost lagunak: Bego Oleaga Erdoiza (Durango, 1945), hainbat tokitan lan egina eta, azkena, Salhaketa elkartean; Kristina Valverde Ibañez (Gasteiz, 1952), irakaskuntzan lan egina; Pili Bengoa Saez de Kortazar (Langraiz, 1960), erizaina; Maite Elizondo Larreina (Gasteiz, 1949), kontabilitatea lanbide; eta Rosa Alonso Mardones (Eibar, 1959), erizaina.

Emakumeak Francoren diktadura garaian bizi zuen egoeraren testigu eta oinorde dira bostak. Martxoaren 3ko borrokaren parte aktibo ziren, eta horrexek eraman zituen egun fatidiko hartan Zaramagako elizara, greba eguneko batzarra aginduta zegoen tokira. Tantaka gabe, trumilka dator hitz anabasa… Maite Elizondok eraman gaitu lehenik, 50 urte atzera.

Goiza: greba

Ohar eginez hasi da Elizondo: “Askok jakingo du, beste askok ez, ez zuelako eguna ez garaia bizitu. Martxoaren 3 hura greba eguna zen Gasteizen. Greba orokorra”. Hilabeteak lehenago piztu zen gatazka Gasteizen, hiriko hainbat lantegitan lan-hitzarmena negoziatzen hasi ziren garaian. Lagun du memoria: “Gogoan dauzkat Forjas [Alavesas], Cablenor, Mercedes, Apellaniz, Areitio, Aranzabal, Ugo, Gabilondo, Olazabal y Huarte, Industrias Galycas, Tuboplax… lantegi mordo bat”. Elizondo bera lan egiten zuen tailerreko enpresa-komitekoa izan, eta hilabete haietan egin ziren batzar eta lanuzteetan parte hartu ohi zuen. 

“Askok jakingo du, beste askok ez, ez zuelako eguna ez garaia bizitu. Martxoaren 3 hura greba eguna zen Gasteizen. Greba orokorra”
(Maite Elizondo)

Martxoaren 3ko hartan, hortaz, Gamarratik Gasteizko erdialderantz egin, eta saltotik saltora eman zuten goiza: kalea okupatu zuten eta polizia karga eta karga, kontra oldartzen zitzaien langileei. “Gasteizen ez zegoen hainbeste polizia, eta ondoko probintzietatik etorrarazi zituzten. Bistakoa zen ez zirela Gasteizkoak, zeren polizia talde bakoitzak kolore bateko zapia zeraman lepoan. Nortara edo hartara, behin eta betiko gerarazi nahi zituzten greba haiek”. Eta, jarraian, Elizondoren oharra: “Greba haiek arrazoi ekonomiko eta laboralak zituzten, ez ziren greba ‘politikoak’, eta grebalariok sostengu handia jaso genuen hirian, eta denda, taberna eta gizarte zentro askotan itsulapikoak ere jarri ziren”. Erresistentzia kutxak osatu ahal izan zituzten.

Elizondo oroitzen denez, garai hartan, etxeko irratian Poliziaren emisorea sintonizatzeko modua zuten. Arretaz aditzen zuten poliziek batak besteari esaten ziotena. Zer esanik ez, greba orokor egun hartan, asteazken hartan.

Arratsaldea: eliza

Goizean Poliziarekin izandako borrokak eta gero, etxera egin zuen Elizondok. “Bazkari garaia Poliziaren emisorea aditzen eman genuen. Bazkaldu orduko, nire lankide Rakel eta biok arratsalde hartan batzarra egitekoa zen tokira abiatu ginen, Zaramagako San Frantzisko elizara. Sasoiz joan nahi izan genuen, batzar nagusia baitzen: greba orokorra zen, hiria erabat geratu zen, eta jende asko espero zen batzarrean. Bai guk asmatu ere! Etxetik irten orduko ohartu ginen: jende lamada ikaragarria ikusi genuen, denak elizara bidean. Hara sartu ginenerako, hainbat langile zeuden barruan, baina tokia bilatu genuen eta banku batean jarri ginen”. Batzarra arratsaldeko bostetan izango zela agindu zuten.

Zain zeudela, bat-batean, sekulako zarata eta zalaparta elizaren kanpoaldean. “Baten batek esan zuen atarian enfrentamendu gogorrak gertatzen ari zirela, Poliziak eliza inguratuta zeukala, ez ziotela inori sartzen uzten. Langileen Batzorde Ordezkatzaileetako kideek ere ez zuten sartzerik izan, Poliziak galarazi zien”. Alegia, batzorde hark biltzen zituen mugimenduaren gidariak… Haiek sartzerik ez, bestelako “gonbidatuak” zituen ondoan Elizondok: “Zortzi bat urteko bi ume, futboleko baloia eskuetan. Nonbait, jolasean ari zirela, Poliziaren eta langileen arteko borrokak parean harrapatu zituen, eta bere buruak elizan babestea pentsatu zuten!”, diosku Elizondok.

Poliziaren erasoa

Izu-ikara zen nagusi: “Aldare gaineko kristalera borobil haietako batetik eta jendearen harmailen gainetik, ke-poto bat erortzen ikusi genuen. Elizaren erdi-erdian erori zen!”. Harrezkero, ke-lainoa elizan. “Bi mutiko haiek ihesi joan zitzaizkigun, ez genituen ikusi, Rakel eta biok haien bila ibili ginen arren. Harmailetan jarrita zegoen jendea –hantxe neukan ahizpa ere–, beherantz hasi zen".

“Sakristian kerik ez zegoela, eta haraxe abiatu ginen lurrean narrastaka. Eta narrastaka nindoala, polizia bat ikusi nuen leiho batetik eliza barrura begira, arma bat eskuan"
(Maite Elizondo)

Ordurako, dena zen buila eta hoska, eliza barruan zein kanpoan. Eta ke-potoen tinki-tanka, gomazko piloten dinbi-danba… Eta, okerrena, tiro hotsa. “Baten batek esan zuen atea joka ari zirela, kanpoan Poliziak jendeari tiroka eraso ziola. Besteren batek esan zuen aho-sudurrak zapi busti batekin tapatzeko. San Frantzisko elizak, beste tenplu askok bezala, iturri bat zeukan, punpaz funtzionatzen zuena”. Eta zapi busti haiek aho-sudurretan jarri, eta lurrean etzan ziren, gas gutxiago zegoen tokian. “Sakristian kerik ez zegoela, eta haraxe abiatu ginen lurrean narrastaka. Eta narrastaka nindoala, polizia bat ikusi nuen leiho batetik eliza barrura begira, arma bat eskuan. Nire buruak-edo esan zidan nahiago zuela itota hil tirokatuta baino, eta, zernahi gerta ere, elizatik ez nintzela irtengo agindu nion neure buruari”.

Kalera

Rakel lagunarekin egin zuen sakristiara, beste askok bezala: “Sartzen azkenetakoak izan ginen. Han sakon hartu genuen arnasa, begiak eta larruazalak azkura ikaragarria egiten ziguten, baina momentuan ez genion azkurari kasurik egin. Sakristiak ere leiho borobil bat du, elizaren zimentuetatik ez oso gora, eta polizia bat ageri zen han, guri elizatik irteteko aginduz. Bertako parrokoa ere horretantxe ari zitzaigun, elizatik irteteko esaka guri”. Elizondok, ordea, agindua zion bere buruari ez zela handik irtengo. “Nik ezetz, baina Rakelek, aldiz, baietz, handik irten behar ginela. Parrokoak, berdin. Eta polizia hark ere, irteteko, ez zigutela txarrik egingo, promes egiten zigula, berak lagunduko zigula leihotik irteten, emateko eskua”. Fidatu ziren, eta irten ziren bi lagunak sakristiako leihotik, beste hainbat bezala. “Ni baino lehen, Rakel irten zen. Haren atzetik, ni. Uste dut handik azkena irtendakoaren halamoduzko ohorea dudala. Baina ez zen adore handia bildu nuelako, hezurretarainoko beldurra nuelako baizik. Bizian inoiz ez dut momentu hartako beldurraren tamainakorik sentitu!”. Gogoan du oraindik.

Bost emakumeak San Frantzisko Elizan, gaur egun. Argazkia: Zaldi Ero

Leihotik kalera irten, eta, jakina, hantxe poliziek osatutako korridorea. “Pila handi baten artetik igaro ginen. Gogoan dut polizia bat ikusia, etxe bateko iskinan babestuta, pistola bat eskuan eta arma nora edo nora destatzen… Zaramaga auzoko kaleak borroka-leku ziren, eta arin urrundu ginen handik. Nik ez neukan buruan etxera hots egitea besterik. Banekien etxean belarria irratiari itsatsita egongo zirela eta, gainera, ahizpa non zen jakin nahi nuen. Molinuevo ikastetxera heldu ginen, eta idazkaritzatik etxera hots egiten utzi ziguten. Idazkaritzakoek-eta esan ziguten aurpegia orban gorriz beteta geneukala, eta handituta!”. Ordu arte ez ziren ohartu hanturaz.

Hirian zehar, eta etxera bidean, barrikadak ikusi zituzten batean eta bestean. Gasteiz patruilatzen, berriz, Polizia ez ezik, Guardia Zibila! Beldurrak agintzen zuen giroan, eta triskantzak. Txiki-txiki eginda zegoen Gasteiz. Laster zabaldu ziren berri ilunak: Poliziak eragindako hildakoak eta zaurituak. 

 


Testigantzak

Hamabost urte

“Egun eguzkitsua zen. Hiru lagun ginen gu, eta elizarantz abiatu ginen. Inportantea zen han egotea, Franco hilabete batzuk lehenago hila zen, aldaketa garaia zetorren: aldaketa soziala, laborala, kulturala, ikasle mailakoa, feminismoa… dena! Elizara sartu, eta jendez lepo zegoen. 

Gogoan dut Poliziak botatako lehen ke-poto hura, eta zabaldu zen usaina! Itogarria zen. Hiru lagunok sakristiara saiatu ginen, baina jendez beteta zegoen. Orduan, leihoetara egin genuen, eta handixe irten ginen hirurok. Hamabost urte genituen, eta uste dut Polizia bera ere izutu egin zela halako umemokoak handik irteten ikusita. Borra-kolpe batzuk eman zizkiguten ipurdian eta, beldurrak airean, eliza ondoko etxe bateko txirrina joka hasi ginen. Emakume batek ireki zigun, ura eman zigun, eta bizpahiru ordu eman genituen bertan, etxera joan ginen arte. Hiru egunean ez nintzen etxetik atera!”

Pili Bengoa Saez de Kortazar


“Polizia ez da elizara sartuko”

“Ni batzar guztietara joaten nintzen. Abduzituta nengoen, [Jesús] Navesen [mugimenduaren gidarietakoa] eta gainerakoen hitzaldiak adituta. Ikaragarriak ziren! Gure aita ere langilea, eta hantxe joaten zen batzarretara… Hala ere, Martxoaren 3ko hartan aita ez zen elizara sartu. Ni, bai, lagun batekin [Ana Agirre], baina garaiz joanda. Gu, neskatila motzak, eta inguruan denak langileak. ‘Zuek, lasai!’, esaten ziguten. Eta ke-potoak botatzen hasi zirenean, ozpinez igurtzitako zapiak atera genituen. Hainbat manifestaziotan ibiliak ginen ordurako, eta zapi haietxek eramateko ohitura genuen. Goizean ere Poliziaren aurrean ibili ginen Gasteiz Hiribidean, Europa Jauregia egiten ari ziren, eta nahi beste harri hartu genituen handik, Poliziaren tiroei kontra egiteko. Hori, goizean. Bazkalondoan, elizara. Eta langileak guri lasai egoteko esaten. ‘Polizia ez da sartuko!’. Baina sartu zen. Atzeko atetik irten ginen, jendeak bultzatuta. Poliziak korridorea egina zeukan, baina ni langilez inguratuta irten nintzen, babestuta. Hurrena, kalean, gomazko bala batek jo ninduen hankan, baina errebotez izan zela uste dut. Hematoma bat eragin zidan, besterik ez. 

Inguruan ezagun bat bizi zen, txirrina jo, eta inor ez. Etxera ezin joan, halako saltsa baitzegoen bazterretan. Beste lagun baten etxera saiatu –banekien etxean izango zela, azterketa bat prestatu behar zuen-eta–, eta ireki zidan. Hantxe egon nintzen gaueko hamarrak arte. Leihotik begira egon ginen, eta hura txikizioa. Poliziaren furgoiak hara eta hona… Iluntzean, etxera lagundu zidan lagun hark. Gurasoak kezkatan ziren ordurako…”.

Kristina Valverde Ibañez


Kapitalismoa

“Gogoan dut egun ederra atera zuela, zoragarria. Goizean, Gasteiz Hiribidera joan nintzeneko, Polizia tiro eginda zegoen. Han eta hemen zebilen Polizia, eta, ezer gertatzen ez bazen ere, furgoietatik irteten ikusi nituen, jendeari dinbi-danba erasotzen. Parean harrapatu ninduten, eta hura lixiba eman zidatena! Hebain-hebain egin ninduten! Ondoko gauetan, izarak ere min egiten zidan! Arratsaldean, orduz lehen joan ginen elizara, eguna berezia zela sumatzen genuen eta. Ordu arte, batzarretara emakumeak ere etortzen ziren, batzuk umeak hartuta ere bai, baina egun hartan ume gutxi zen han! 

Poliziak lehen ke-potoa bota zueneko, kaosa sortu zen, nahaste-borraste ikaragarria… Nik, mukizapia uretan bustita neure burua babestu, eta jendeari laguntzen hasi nintzen, haiei ere zapiak busti eta aurpegian jartzen. Kanpoan ere mugimendua zebilela ohartu nintzen: sirena-hotsak, jendearen buila… Ni, artean elizaren barruan, automata bihurtu nintzen, ez nuen beldurrik ez besterik sentitzen. Baina itotzeko zorian nengoen, beste asko bezala, eta, azkenean, elizatik kanpora egin genuen. Eta, han, grisek [garaiko Polizia] korridorea osatua zeukaten, eta nahi beste jo gintuzten. Lixiba, berriro! 

Hurrena, halako etxe batean sartu ginen. Ez dakit non zen ere. Irratia piztuta zeukaten, eta esan zuten ospitalean odol eske ari zirela; RH negatibo motakoa, batez ere. Eta Santiago Ospitaleko larrialdietara joan nintzen, odol emaile. Hiria guztiz txikituta zegoen, kaos hutsa zen hura! Larrialdietan, baten batek esan zion beste bati: ‘Ocio, hire anaia hil ditek!’. Hantxe jakin genuen hildakorik ere bazela. Eta harrezkero, ezer ez, ahaztua daukat, etxera joan nintzela besterik, neu bakarrik. Ondoko batean, gogoan dut langile batek esandakoa. Manuel zuen izena, andaluz-andaluza. Adin handi samarra zuen, Batzorde Ordezkatzaileetako kide zen eta hitza hartu ohi zuen batzarretan. Gabilondon [lantegia] lan egiten zuen.  Nik, Martxoaren 3ko hartan ikusitakoak ikusi, eta esan nuen: ‘Zer da hau, ordea?! Nola liteke?!’, errepresio hura, alegia. Eta Manuelek: ‘Ai, zer uste zenuen zela, bada, kapitalismoa?!’. Halaxe esan zidan, ‘Zer uste zenuen zela, bada, kapitalismoa!?”
 
Bego Oleaga Erdoiza


Batzorde Ordezkatzaileak

“Gure lantokian langile gutxi ginen, eta goizean lan egin genuen. Arratsaldean, ez. Orduz lehen heldu nintzen San Frantzisko elizara. Nire bizikidea Batzorde Ordezkatzaileetakoa zen, eta nahiko mugimendu ibili genuen etxean: goizean irten, eta eguerdian ez genuen elkar ikusi. Arratsaldean, elizan bata bestea ikusiko genuela uste nuen, batzordeetako kideak han izango zirela, alegia. Batzordeak nahitaezkoak izan ziren,  langileen borroka bateratzeko ez ezik, mugimenduari klase-ikuspegia emateko. Elizan geunden, batzarra hasi zain, ziurgabetasunak janda, goizean Polizia tiroka ibili zen eta. Elizara sartu, eta batzordeetakoak ez zirela sartzen jabetu ginenean, orduantxe bai beldurra, batzordeek babesa ematen ziguten eta. Eguna inportantea zela bagenekien, borrokaren ginga-edo. Propaganda ere nahi beste banatu genuen. Guk, etxean bertan egiten genituen panfletoak. 

Elizan batzartze hura ikaragarria iruditu zitzaidan, langile klasearen indar erakustaldi itzela. Denetarik bildu zen han: anarkistak, komunistak, sozialistak, antikapitalistak… Nik 17 urte, eta izugarria zen hura. Baina batzordeetakoak sartzen ez zirela ikusi genuenean, eliza Poliziak inguratuta zeukala, eta sartuko zela… hura izua! Polizia barrura, leihoetatik ke-potoak botaka, elizatik kanpora nola edo hala irten beharra… Hura herioa! Irten ginenean, inoren etxera joan ginen, babes eske. Eta, bitartean, Polizia, egurrean. Goizeko 9etan etxetik irten, eta iluntzeko 9ak arte ez ginen sartu. Ez genuen Poliziaren jokabide hura espero, elizan bazegoen-eta langilez besterik: etxeko andreak, ikasleak, greba egin ez zuten langileak…”

Rosa Alonso Mardones


Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.