Txirriki-txarraka
Amaia Egidazu Arrube
Pamiela, 2025
-----------------------------
Amaia Egidazuk Etxepare saria eskuratu zuen 2021ean Dorotea obrarekin; orain, urte batzuk geroago eta orduko estiloari jarraituta liburu berri bat eskaini digu: Txirriki-txarraka.
Istorio honetako protagonista ume bat da, “bereziki trebea" dena gauzak galtzen. Egun batean amak eskatuko dio amonari gauza batzuk eramateko gaixorik dagoelako: umeak bufanda, txanoa, termometroa, betaurrekoak, eztia, liburua eta pastela eraman behar dizkio amonari, eta amak “baina ez itzazu bidean galdu, arren” esango badio ere, bidean gauza guztiak galduko ditu. Umeak, berriz, amari aginduko dio ez duela ezer garrantzitsurik galduko eta amaieran ikusiko dugu horrelaxe egiten duela, amonarekin bat egitean galdetuko baitio orgako gauza guztiak galdu dituen, eta ilobak erantzungo dio: “Ez, guztia ez, amama! Garrantzitsuena aldean daramat: zu estu-estu besarkatzeko gogoa!”.
Liburuan jolas bat proposatzen digu egileak, umearen ibilaldian zer eta nola galtzen duen ikusiko dugu, irudi bakoitzean (bi orriak hartzen dituzten irudietan) galtzen duena eta hurrengo gauza nork eramango duen erakusten baitzaigu, jolas moduan irakurlearen irudimenean eraginda.
Testuaren egitura, bestalde, errepikakorra da, detaile txiki batzuk aldatuta (amona oso indartsua da; amona oso goxoa da, amona oso dibertigarria da) amaiera borobil eta irribarretsua utzita.
Dorotea obran bezala, hemen ere irudiak sinpleak eta garbiak dira, collage teknika eta pastel koloreak erabilita, testuari goxotasuna eta ukitu hunkigarria ematen diote. Erraz ulertzeko moduko irudiak dira, lagungarriak ipuina haurrei kontatzeko. Albumak duen egiturak eta kontakizun tradizionalen aireak ere ederki laguntzen dute istorioa etxeko txiki nahiz helduentzat egoki baino egokiago izaten. Materialismo eta kontsumo gizarte honetan badirelako gauza material guztiak baino garrantzitsuagoak diren kontuak: amonaren irribarrea eta besarkada sendagarriak, esaterako.