Urteko hilabeterik laburrena luze egiten da. Aurten, abisu horia ohiko bihurtu da haizeteengatik. Euriak ez du tregoarik eman eta gorputzak ere badaki zein hilabete den. Farmaziara gehiagotan jaitsi gara negua sendatzera. Egunak labur eta gauak luze egin zaizkigu.
Eta, halako batean, klik. Transformadorea erori zen auzoan, eta argia joan. Arratsaldeko zazpietatik hurrengo eguneko hamabiak arte. Ez wifi. Ez ur bero. Ez ikusiko dugu afalostean Mihiluze? Auzoa ilun, etxe barruak kandela argitan. Argia falta denean gauak gauago bihurtzen dira, hotzak hotzago, trumoiak trumoiago. Argia joateak argi-gosea pizten du.
Eta segidan datoz inoiz geure buruari egin ez dizkiogun galderak: nola berotuko dugu zopa? Nola kargatuko mugikorra? Nola dutxatuko gara bihar? Eta itzuliko ez balitz, zer? Eskerrak komuna ez den elektrikoa. Eskerrak den-dena ez dugun modernizatu.
Kandela argitan afaldu genuen. Kandela argitan kontatu genizkion elkarri beldurrezko ipuinak. Netflixik gabe, gure buruak bihurtu ziren eduki-plataforma. Auzoa ilun zegoen, eta horregatik ikusi genuen elkar: bat-batean, benetakoagoa zen elkarren beharra.
Izarapean, gau hartan bakarrik lo egin nahi ez zuen semea aldamenean, elektrizitaterik ez zuten garaietan pentsatzen jarri nintzen. Haitzuloetan bizi ziren geure aurrekoetan, mendi barrenetako baserrietan, farolarik gabeko kale ilunetan. Argia ez baita hain aspaldikoa.
ARGIA ere ez.
Eta arratsaldeko galdera berak beste modu batean etorri zitzaizkidan: ARGIA gabe, nola berotuko genuke euskararen zopa? Nola kargatuko genuke gure hizkuntzaren bateria? Nork piztuko liguke egunerokoaren su txikia? Itzaliko balitz, urteko hilabeterik laburrena ere luze egingo litzaiguke.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.