Hatz erakuslearekin klikatu duzu pantailaren mendebaldea, eta ohartu ez bazara ere, beste arrasto bat gehiago utzi duzu zure aztarna digitalean. Norabiderik eta testigurik gabe nabigatzen ari zarela uste duzu, baina giza oinatzak uzten ari zara itsaso digital honetan. Esan duzuna, nahi duzuna eta pentsatzen duzuna dagoeneko ez dira zure barruan bakarrik aterpetzen, beste askoren eskutan daude. Ulertzen ez dituzun pribatutasun baldintzak onartzen dituzu dena publiko egitearen truke. Eta hitzarmen horrengatik irakurtzen duzu “doan”, ikusten dituzu bideoak “doan”, dituzu sare sozialak “doan”. Munduaren aurrean norbait zara, “doan”.
Aldi berean, publiko diren arrastoen hiperkontzientzia ere baduzu. Besteek zure inguruan izatea nahi duzun irudiaren araberako bideak hautatzen dituzu: hau bertxiotu, edo bestea laikeatu; marka hau erakutsi edo beste hau ezkutatu; kanta hau partekatu, titular bat zeure egin, beste hau jarraitu edo honi unfollow eman... Zu idealak zu erreala jan du, ez duzu oroitzen noiz, eta bien arteko lerro hori gero eta meheagoa da, zure begietan ere bai. Zure jardunerako, gero eta garrantzitsuagoa da besteek nola ikusten zaituzten eta geroz eta gehiago zara besteena eta besteentzat, zurea eta zuretzat baino. Dena kalkulatuegi, baina natural usaina galtzeko beste ez.
Garbiketa egin nahi duzu. Iraungita dauden atzoko 'zu'-ak lekukorik gabe utzi, eta inork zure izena bilatu baino lehenago iritsi
Zure izena jartzen duzu bilatzailean. Artxibo, hodei edo dena delako itsaso digitala madarikatzen duzu izan zinenaren froga guztiak gordetzen dituelako: orduan esan zenuena, noizbait nahi zenuena eta orduko hartan pentsatzen zenuena. Eskandalua iruditzen zaizu. Are gehiago, iritziz aldatzea, esandakoaz damutzea, eztabaidatzea, hanka sartzea edo akatsetatik ikastea garesti ateratzen den garaiotan. Nola aldatzen gara horren azkar? Zergatik iraungitzen da dena horren azkar? Atzokoak ez dizu balio gaur, eta gaurkoak ez dizu balioko bihar, baina egunero-egunero jaten ematen diozu denon artean euriz ez beste guztiaz betetzen ari garen “laino” horri.
Garbiketa egin nahi duzu. Iraungita dauden atzoko zu-ak lekukorik gabe utzi, eta inork zure izena bilatu baino lehenago iritsi. Ezabatu dituzu iritzi zentzugabedun txioak, filtro kutredun argazkiak eta iritzi-artikulu zaharrak (noiz, non eta nolatan idatzi nuen hori?). Egunak beharko zenituzke zure aztarna guztiak ezabatzeko. Nahiko zenuke arrasto batzuez modu sinboliko eta errazean desegin. Bikotekide ohiaren hortzetako eskuila komuneko edalontzitik kendu zenuenean bezala.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.