Arabiarrek ere juduak salbatu zituzten

Mohamed Helmy mediku egiptoarra da juduak laguntzeagatik israeldarrek omendu duten arabiar bakarra. Argazkia: Friedrich-Ebert-Stiftung
Mohamed Helmy mediku egiptoarra da juduak laguntzeagatik israeldarrek omendu duten arabiar bakarra. Argazkia: Friedrich-Ebert-Stiftung
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Berlin, 1939. Mohamed Helmy mediku egiptoarra atxilotu zuten, Anna Boros judua ezkutatzeagatik eta haren familia arauen kontra artatzen jarraitzeagatik. Helmy bi urte lehenago bota zuten Robert Koch Institutuan zeukan lanpostutik, arioa ez zelako. 1940an askatu zuten, eta juduak laguntzen jarraitu zuen ahal zuen neurrian.

Yad Vashem Israelgo Holokaustoaren  Oroimen Zentroak juduak ez ziren 28.000 pertsona baino gehiago omendu ditu juduak nazien sarraskitik ihes egiten laguntzeagatik. Baina horien artean arabiar musulman bakarra dago: Mohamed Helmy.

Bigarren Mundu Gerra garaian soilik Maroko, Aljeria, Tunisia eta Libian milioi erdi judu bizi ziren, eta Tunisia naziek guztiz okupatuta izan zuten sei hilebetez. Washington Institute-ko (AEB) zuzendari exekutibo Rob Satloffentzat harrigarria da arabiar bakar batek egin izana juduen alde, horregatik, Bigarren Mundu Gerran juduei laguntza eman zieten arabiarren istorioak biltzen jardun du: arabiar emakume askok janaririk eta esnerik ez zeukaten haur juduak etxean hartu eta inude lanak egin zituzten; okin tunisiar batek egunero ogia doan ematen zien errazionamendu-txartelak ukatzen zitzaizkien juduei; Aljerren fatwa (ediktu erlijioso) bat jarri zuten indarrean, musulmanei debekatzen ziena juduei konfiskatutako ondasunak hartzea…

Washington Institute-ko (AEB) zuzendari exekutibo Rob Satloffentzat harrigarria da arabiar bakar batek egin izana juduen alde, horregatik, Bigarren Mundu Gerran juduei laguntza eman zieten arabiarren istorioak biltzen jardun du

Eta, hainbeste laguntzaile anonimoen artean, izen propio batzuk ere topatu ditu Satloffek. Esaterako, Hamza Abdul Jalil tunisiarrak Joseph Naccache ihes egindako judua bere bainu publikoen sotoan ezkutatu zuen.

Si Ali Sakkat Tuniseko alkate ohiak, aldiz, lan-esparruetatik alde egindako iheslari judu talde bat babestu zuen bere etxean.
Eta beste tunisiar batek, Khaled Abdul-Wahab-ek 20tik gora emakume eta haur judu gorde zituen bere etxaldean. Yad Vashem Zentroak ere bazuen horren berri, gerora, haur horietatik hiruk zuzenean eskatu baitzuten beren zerrendan sartzeko. Israeldar erakundeak erantzun zuen Abdul-Wahab “gizon zintzoa” zela, baina haren ahalegina ez zela nahikoa izan aitortza berezia jasotzeko.

Mehnaz Afridi, Manhattango Unibertsitateko Holokaustoari eta Genozidioari buruzko Hezkuntza Zentroko zuzendariaren esanetan, aitortza horiek “komeni den” narratibaren aurka egiten dute: “Israeldarrentzat arabiar salbatzaileak errekonozitzeak egungo panorama politikoa konplikatzen du”.  


Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.