Zure partez, ahizpatxo!

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Haurdunaldi oharrak
Yoko ogawa 
Itzulpena
Iker Alvarez
Igela, 2025

--------------------------

Yoko Ogawa idazle japoniarra prolifikoa da literaturgintzan. Hamarnaka liburu ondu ditu 1988an bere lehenengo liburua idatzi eta argitaratu zuenetik. Hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu, bai Japonian, baita nazioarteko mailan ere. Honako hau 1991n argitaratu zuen nobela motza da, Haurdunaldi oharrak

Ahizpa txikiak ahizpa nagusiaren haurdunaldiari buruzko oharrak –beldurrak eta zalantzak, goragaleak, usainei nazka– jasotzen ditu eguneroko forma duen liburu honetan. Zortzi hilabeteko denbora tartea erregistratzen du, ahizpak haurdun dagoela dakien egunean hasten da eta erditzen den egunean amaitu. 

Tentagarria izan daiteke liburuaren gaia horretara mugatzea, baina liburua hori baino askoz gehiago dela esango nuke. Egunerokoa  lehenengo pertsonan idatzita dago, eta beraz, kanpo begirada batetik egiten da haurdunaldiaren erregistroa. Haurdunaldia, baina, anekdota bat da, aitzakia bat. Izan ere, egoera horrek pertsonaien arteko tolesdurak erakusteko aukera ematen dio ahizpa txikiari: poza eta ilusioa esperoko genituzkeen lekuan, pertsonaien apatia eta beraien arteko distantzia, komunikazio falta somatzen ditugu. Liburuak aurrera egin ahala, gainera, tentsioa areagotu egiten da, inflexio puntu bat baitago. 

Ahizpa biak eta etorkizuneko aita etxe berean bizi dira eta horrek egoera gertutik bizitzeko aukera ematen dio ahots narratzaileari. Koinatuaren pasio falta azpimarratzen du behin baino gehiagotan, haurdun dagoen ahizpa bere onetik irtenda dagoen emakume bat balitz bezala islatzen du eta bere burua  agerian uzten du: inbidiak barruak jaten dizkiola ondorioztatu dut nik. Esan gabe esaten du berak. 

Tonuetan aberatsa da liburua: gehienetan hotza da, aseptikoa. Baina ironikoak diren pasarteak ere aurkituko ditugu. 

Estiloa da Ogawaren lanetan elementu azpimarragarrienetako bat. Detailez –adjektiboz– betetako deskribapenak dira nagusi liburuan, giro, paisaia, egoera emozional eta pertsonaien profil zehatzak esakintzen dituelarik: “Apurka-apurka, berdea eta zeruko distira begi-barrunbeetan nahasten zitzaizkigun anil kolore bihurtzeraino” (7.orr). Irakurketaren tenpoa moteldu egiten du horrela; geldoa da, pausatua halabeharrez. Horretaz gain, poetikoa da narrazioa, irudiz beterik aurkituko dugu testua, natur elementuek protagonismo handia hartzen dutelarik: “Lorategian gaueko zerura begira bakarrik jatean, bake handia sentitzen dut. Udaberri hasierako gauak ez dira batere hotzak, samurrak baitira bai iluntasunaren kolorea bai haizearen ukitua”( 39.orr).  


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.