Su artean lanean


2026ko otsailaren 18an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

The bear (Hartza)
Christopher Storer (2022)

Zer: Telesaila
Herrialdea: AEBak
Iraupena: Ordu erdiko 38 kapitulu (lau denboraldi)
Non ikusi: Disney+

--------------------------

Orain arte, hilabeteroko kritika hauetan, filmak ikusi eta komentatu ditut, baina, orain, azkenaldian ikusi dudan serie bat –telesail esaten zitzaien telebistan soilik ematen zirenean– hartu dut mintzagai: The Bear. 2023 eta 2025 urteen bitartean, Emmy sarietan 49 izendapen eta 21 sari eraman ditu serieak; beraz, ezin txarra izan.

The Bear-en Carmen Berzatto (Jeremy Allen White) goi mailako sukaldari profesionala da protagonista. Anaia Mikey (Jon Bernthal) hil eta gutxira, Carmen familiaren janari azkar italiarra egiten duen The Beef jatetxera itzuli da, haren kargu utzi baitu anaia zenduak. Hasierako kapituluetan, azkar asko agertzen dira jatetxeko kaos geldiezina eta jarduteko duen era zalapartatsua. Eta Carmen, goi mailako sukaldaria bada ere, gai izango al da guztia kontrolatu eta aurrera ateratzeko? Goi mailako ikasketak izatea nahikoa al da halako egoerak bideratzeko?

Izan ere, sukaldean ez da janariarekin soilik lan egiten, pertsonekin ere bai: The Beefeko sukaldari eta langileek ez dute begi onez hartuko Carmen, eta haien onespena irabazi beharko du, ondo lan egin nahi badu. Seriearen gai zentrala pertsonak dira: nola aritzen diren sukaldean, eta, batez ere, zergatik. Berzattotarren familia desegituratutako familia disfuntzionala da, eta familian ikasiak eragiten du sukaldean ere hala jardutea. Pertsonaien bizipenek beren izaerak gogorki moldatu dituzte, eta ez da erraza elkarren artean jokatzeko modua lanean aldatzea.

The Bear bikaina da pertsonaiak –protagonistak eta bigarren mailakoak– eraikitzen eta garatzen, konplexuak eta sakonak dira-eta guztiak. Beren arteko erlazioak eta elkarrizketak errealismo maila handiz idatzita daude, eta guztien izaerak, gabeziak eta indarguneak pixkanaka argitzen zaizkio ikusleari. Ia guztiek dute presentzia handia, eta denak dira garrantzitsuak, eta hori horrela da gidoilariek paregabeki idatzi dituztelako. Berzattotarrak ohituta daude su artean lan egiten, bai sukaldean, baita familian ere: kolpeka ikasi dute suteei eutsi eta horiek itzaltzeko lan egiten. Eta, jakina, aktoreen lana ere ezin ahaztu; pare bat oso atsegin ez baditut ere, beste guztiak ikaragarriak iruditu zaizkit.

Azkenik, saioko elkarrizketekin dudan maitasun-gorroto erlazioa aipatu behar dut. Gehienetan, itzelak dira: errealistak, ondo idatziak, batzuetan serioak eta besteetan oso barregarriak, absurdoak, dotoreak eta, bereziki, sinesgarriak. Baina, beste batzuetan, sinesgarritasunaren alde egiteko-edo, betegarriz goraino daude, nazkatu egiten naiz horrenbeste “um”, “yeah”, “okay” eta “yeah-yeah” entzunda. Zer egingo diogu, ba; amore eman behar da batzuetan, lanak jarrai diezaion behar duen norabide artistikoari. 

 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.