“Nikaraguan gertatzen ari dena salatzea inportantea da, ezkerra erreferenterik barik ez geratzeko”

  • 1979ko uztaila esperantza iturri izan zen mundu osoko internazionalista ezkertiarrentzat: Nikaraguan Fronte Sandinistako gerrilleroek Somoza diktadorea eta gringoak bota zituzten. Ia mende erdira, orduko gerrillarien abizen bera du gobernuak, baina herrialdetik alde egindako milaka militantek, eta sandinistek eurek salatu dute Daniel Ortega eta Rosario Murillo senar-emazteen gobernuak aspaldi utzi ziola iraultzaile eta ezkertiar izateari: diktadore izatea leporatzen diete. Horietako bi dira Olga Valle Urnas Abiertas elkarteko kidea eta Hansel Quintana Hora Cero komunikabideko zuzendaria; hauteskunde prozesuen jarraipena egiten du lehenak, demokrazia helburu;  bigarrena kide den hedabideak giza eskubideen alde egiten du. Erbesteratuta daude biak, Mexiko Hirian, 2021az geroztik: Ortega eta Murilloren jazarpenak koska bat gorago egin zuenetik.   
     

Ezker-eskuin, Hansel Quintero Hora Cero komunikabideko zuzendaria eta Olga Valle Urnas Abiertas elkarteko kidea.
Olmo Calvo/ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zergatik egin zenuten alde herrialdetik?

Olga Valle: Jada lau urte baino gehiago daramatzagu erbestean, Mexikon.  2019an preso politikoak izan ginen: kausa bat ireki ziguten, kriminalizatu egin gintuzten, eta ilegalki atxilotu. Kartzelatik ateratakoan, jazarpena pairatu genuen, Poliziarena eta paramilitarrena. 2021ean errepresioaren gorakada izan zen, hauteskunde orokorrak zirela eta, eta orduan jende asko atxilotzen hasi ziren. Orduan esan ziguten gure aurkako atxilotze agindua jarri zutela martxan. Erabaki genuen, bigarren kartzelaldia saihesteko, ihes egin behar genuela. Eta aipatu behar da biok egon ginela naziogabetuak, de facto: ez geunden herritartasuna kendu dietenen zerrendetan –dagoeneko 400 pertsonatik gora daude zerrenda horretan–, baina ez zizkiguten nortasun agiriak berriztu. Eta horrek ekarri zuen banku korronteak ixtea, zenbait tramite egin ezin izatea, eta, jakina, estatuaren babes falta.

Hansel Quintana: Historial akademiko guztia ezabatu zidaten niri, akademikoki existituko ez banintz bezala, inoiz unibertsitaterik ez eskolarik zapaldu izan ez banu bezala.

2021eko hauteskundeen ondoren erabaki zenuten herrialdetik alde egitea, baina diozue gobernuaren jazarpena ez zela orduan hasi.

O.V.: Fronte Sandinista berriz boterera heldu zenean, 2007an, bazegoen promesa iraultzaile moduko bat: 16 urteko gobernu neoliberalen ostean heldu zen, gerraosteko elkarbizitzarik ez giza eskubideetan oinarritutako garapenik ez zuen herrialdera. Baina boterera heldu zen Fronte Sandinista hura ez zen 1979koa edo 1990ekoa –hauteskundeak galdu zituen orduan–, eraldatuta zegoen. Ikusi genezakeen erregimen hibridoa zela: hauteskundeak irabazi zituen eta gizarte babesa zuen, baina praktika autoritarioak ere bazituen. Hedabideei espazioak murriztu zizkien, gizarte mugimenduen aurka joan zen. Tranpa horretan jausi ziren sindikatuak, eta gaur egun ez dago sindikatu independenterik Nikaraguan. 

Estatua kapitalak bahitu zuen, bien interesen alde gobernatzen zuten. Eta horrek eragin negatiboa izan zuen lanaren eremuan: sindikatu bahituak, kapitala eta estatua baitzeuden negoziazio mahaian, eta horrek atzerapen nabarmenak ekarri zituen lan eskubideen arloan. Eta Eliza katolikoarekin izan duen harremana ere aipagarria da, gerra garaian etsai zirenak jarrerak hurbiltzen hasi baitziren, baina leku okerretik, emakumeen gorputzak bidean salduta. Izan ere, Nikaraguan abortua guztiz dago debekatuta, bere forma guztietan, non eta abortu terapeutikoa baimenduta zegoen herrialdean. 

H.Q.: Ortegak tratu bat egin zuen Arnoldo Alemanekin, Nicaraguako historiako presidenterik ustelenarekin, Ortegaren aurretik, bederen. Tratua egin zuten Ortegak hauteskundeak lehen itzulian irabazi zitzan, eta trukean, immunitatea eta estatuko egituren barruan zenbait eskumen eman zizkion Alemanen Alderdi Liberal Konstituzionalistari. 2007 eta 2018 artean ikusi genuen nola joan zen garatzen prozesu hori, Kontsentsu eta Elkarrizketa deitu ziotena. Eta gerora ikusten joan gara nola bota zituzten aktore batzuk: errelebantzia politikoa galdu zuen Alemanek, eta orduan kapital eta Eliza katolikoa baino ez ziren geratu mahai horretan. 2018an, gizarte altxamenduarekin, apurtu egin zen mahai hori, Eliza katolikoak alde egin zuen bertatik, eta gauza bera egin zuen kapitalak ere. Momentu honetan, beraz, pertsona bakar bat dago agintean, ez duena negoziazio premiarik: inposaketa, hori da politika bakarra.   

Olga Valle, Urnas Abiertas elkarteko kidea. Argazkia: Olmo Calvo/ARGIA CC-BY-SA

Izan ere, 2018an gizarte segurantzaren erreformak haserrea piztu zuen, eta errebolta bortitzak izan ziren herrialdean: 300 hildakotik gora izan ziren protestetan.

O.V.: Neurri gabeko indarkeria egon zen. Hori eta gero, praktika autoritarioak gardendu egin ziren, eta errepresioa zenbait fasetan banatu zen. Lehenengo, aurretik liderren aurka ezarritako indarkeria orokortu egin zen: atxiloketak, torturak, Poliziaren mobilizazio handiak protestak geldiarazteko… Horrek lehen erbestealdi olatu handia sortu zuen, batez ere komunitateetako eta mugimenduetako liderrena. Gerora, jendea hiltzeari utzi zioten, baina atxiloketa ilegalak areagotu ziren, jendeari antolatzeko beldurra sortzeko. 2021etik aurrera, atxiloketa eredugarriak egiten hasi ziren, ikusgarria zen jendea atxilotzen zuten. Eta orain, asko murriztu dira atxiloketak, baina jendearen desagerpenak areagotu dira. Ez dakigu non dauden, baina 2025ean bi desagertu hilda agertu ziren.

H.Q.: 2018tik hona, terrore estatuaren kontsolidazioa izan da: espazio zibikoa, politikoa, baita pertsonala ere, estatuak bahituta ditu. Ordutik hona biztanleriaren %12 baino gehiago joan da herrialdetik: Nikaraguako historiako exodorik handiena da, 1980ko hamarkadako gerran ere ez zen horrenbeste jende joan. Herrialdetik alde egiten duen jendea ez da soilik arrazoi politikoengatik jazarria izan dena, hori ere bada, noski; baina herrialdetik alde egiten ari da bere bizitzan aurrera egiteko inolako aukerarik ez duen jendea ere. 

Egoera horretan, krisi soziala dagoela salatu izan duzue.

O.V.: Zuzenbide estatuaren hilketa argia ikusten ari gara. Dena dago diktaduraren esku eta horrek ondorio oso larriak ditu jendearen garapenean. Gizarte zibileko 5.000 erakunde baino gehiago itxiarazi dituzte, denetarikoak: oinarrizko erakundeak, elkarte feministak… Erakunde horietako askok estatua heltzen ez den lekuetan ematen zituzten zerbitzuak: Latinoamerikako bigarren herrialderik pobreenean, argi eta garbi, gizarte zibilak rol nabarmena zuen gizartearen ongizatean, eta erakunde horiek itxiarazteak eragina du. Aipatutako espazioetako zenbait politizaziorako tresna ziren, ideak eztabaidatzeko, jakintzaren eraikuntzarako. Gizartearen erabateko atomizazio garaian gaude. Erresistentzia kolektiboki antolatzearen sentsazioa kendu nahi digute, sortzen ari diren beldurrak edonorekiko konfiantza falta ekartzea nahi dute, jendeak espaziootan ez parte hartzea.

"Oso argi dugu Trumpek egiten dituen mugimenduek ez dutela zerikusirik demokraziaren alde egitearekin"
Olga Valle

Eta datorren urtean, 2027an, berriz daude hauteskundeak herrialdean. Zer espero duzue gertatzea?

O.V.: Rosario Murillo botere absolutua eskuratzeko prestatzen ari da: 2024an konstituzioa aldatu eta Ortega eta Murillo “kopresidente” bilakatu ziren, Ortega gero eta zaharragoa baitago. 2027ko hauteskundeei begira, zantzu denek diote trantsizio are autoritarioago baterantz goazela, itxitura totalera. Izan ere, Rosariok badaki ez duela Danielek beste babes –Ortega komandantea izan baitzen, buruzagi iraultzailea–, orduan sandinismo barruan garbiketa egiten ari da, bere botere hartzearen aurka agertu daitekeen edonor paretik kentzeko. Eta, eta berean, alderdiaren gizarte oinarriak berrezartzen saiatzen ari da, 2018an harremanak eten eta gero. 

Eta oposizioarekin nazioarte mailako jazarpena areagotu da, indarkeria transnazionala. Iazko ekainaren 18an Nikaraguako opositore bat hil zuten Costa Ricako bere etxeko atarian, babes programatik pasatu eta gero. Horrek beldurra sortu du ez bakarrik Nikaragua barruan, baita erbestean ere, zabaldutako mezua baita gure etxeko atarira etorriko direla gure bila. Eta horrek eragin politikoa du, gure segurtasuna zaintzera bideratzen gaitu eta antolakuntza politikoa alde batera uztera derrigortzen gaitu, momentu hauetan hain garrantzitsua den antolakuntza politikoa. 

Latinoamerikako bigarren herrialderik pobreena dela aipatu duzue. Zein ekonomiak eusten du Nikaragua?

H.Q.: Lehen aipatutako Kontsentsu eta Elkarrizketa modelo horren barruan funtzionatzen duten enpresa batzuk badaude, baina azken urteetan Txinako negozioak sartu dira herrialdean, batez ere meatzaritza metalikoari lotuta. Nikaraguako lurren %80 bideratu daitezke horretara: Ortegak Nikaraguako lurraren %80 jarri du erosleen esku. Ortega da Nikaraguako herriaren traidorerik handiena. Momentu honetan babestutako eremu osoak daude meatzaritza enpresa txinatarrei salduta. Eta abeltzaintzan ere, babesgabetasun izugarria dago jatorrizko herrien zenbait eremutan, okelaren negozioa bertan ezarriko baitute, Venezuelari, AEBei eta Mexikori saltzeko okela. 

Hansel Quintero, Hora Cero komunikabideko zuzendaria. Argazkia: Olmo Calvo/ARGIA CC-BY-SA

AEBak eta Venezuela aipatuta, urtarrilaren 3ko inbasioa aipatu behar. Nikaraguako kasuan, ze interes izan dezakete AEBek bertan inbasiorik ez abiatzeko? 

H.Q.: Lehen esan bezala, Nikaragua eredu neoliberal baterantz bideratu zuten 1995 eta 2000. urteen artean: Alemanekin tratua egin eta Eliza katolikoarekin adiskidetzeaz gain, AEBetako enbaxadarekin ere egin zituen bakeak. Eta Ortega boterera bueltatu zenean hori ez zen arazo izan enbaxadarentzat, Merkataritza Askeko Tratatua mantentzea hitzeman baitzuten: inbertsio gringoak inolako arazorik barik baimendu zituzten, Zona Frankako –nazioarteko inbertsioak bultzatzeko, enpresei egiten zaizkien hobari fiskalak– hobari handienak zituen herrialdea bilakatu zen Nikaragua eta eskualdean AEBek daukaten enbaxada garrantzitsuenetako bat jarri zuten bertan. Nikaraguaren sozio ekonomiko nagusia AEBak dira, ez bloke sobietarreko ezein herrialde. 

Nikaraguako Gobernuak ez dio ezein arazo ekarri AEBetakoari: migrazio eta narkotrafikoaren ustezko kontrolean aliatu nagusi izan du Nikaragua. 

O.V.: Oso argi dugu Trumpek ez duela interesik Latinoamerikako kausa demokratikoetan, eta badakigu egiten dituen mugimenduek ez dutela zerikusirik demokraziaren alde egitearekin.

H.Q.: AEBek inoiz ez dute nahi izan Nikaragua herri askea izatea, hor zalantzarik ez dago: interbentzio yankia betidanik pairatu izan dugu guk. Baina momentu honetan AEBek ez dute interbentzio logikarik martxan jarri beharrik gure ondasunekin geratzeko, jada badituztelako: euren meatzaritza enpresek urre guztia kentzen digute, harakintzak okela guztia kentzen digu, Zona Frankak lanpostuak kentzen dizkigu, lan eskubide denak kendu dizkigute eurek erabiliko dituzten jeans-ak eta kamisetak egiteko. Nikaragua ez da mehatxua AEBentzat.

"Ortega da Nikaraguako herriaren traidorerik handiena"
Hansel Quintero

Eta zuek, oposizioa, atzerrian. Antisandinista eta eskuinekoak izatea leporatu dizuete.

O.V.: Askotarikoa da oposizioa, ideologia kontuan hartuta; eta uste dut ezker-eskuin balantzari konplexutasun handiagoa aitortu behar zaiola, ez gaude Gerra Hotzeko gatazka batean zeinetan bi aldeak oso argiak ziren. Bere burua ezkertiartzat duen diktadura dugu parean, baina urte asko dira ezkerreko neurririk hartzen ez duela. Eta diktadurak parean du askotariko oposizio bat: komandante ohi sandinistak dituena, mugimendu aurrerakoi askotan parte hartu dugun gazteak dituena, baina bestelako joerak ere badaude, hori argi. Nik uste dut zentzu honetan, garrantzitsuena ezkerretik egiten dugun kritika dela: Nikaraguan gertatzen ari dena salatzea inportantea dela, mundu mailako ezkerraren erreferenterik barik ez geratzeko, gurea diktaduraren aurkako kausa demokratikoa baita.

Eta ematen du ezin dela ezer egin, baina erbestean gauza asko egiten ari gara: antolakuntzaren lubakiak mantendu ditugu, ez soilik aukera politiko alderdikoiak, baita ikasle borrokako mugimenduak, mugimendu feminista ere... Nikaragua barruan ere, klandestinitatean, badaude oraindik alternatibak, guk ere martxan ditugu zenbait ikerketa. Diktadurak gizarte sareak hautsi nahi ditu, baina elkarrizketaren boterean sinesten dugu, horren alde ari gara

Mundu mailako ezkerraren erreferenteak aipatu dituzue, eta Nikaragua bada ezker internazionalistaren mugarri bat. Zer esan Nikaragua sandinista nostalgiaz begiratzen duenari?

O.V.: Garrantzitsua da Nikaragua 1979an esperantza itsasargi bat izan bazen, 2018tik aurrerako Nikaraguak ere argi hori mantentzea: ezkerrak behar duen autokritikaren eta berrikuntzaren argia. Oxala 1979ko utopia horrekin konektatu ahalko bagenu. Orain ez da hain itxaropentsua egoera, baina ezkerraren barruan itsasargia izan behar du: horrela baino ez dugu lortuko osatzea eta politikak egiteko forma berriak egitea; baita Berlingo harresiaren erorketarekin galdu ortzimuga askatzaile horiek berreskuratzea ere. 

Ni kezkatzen nau Nikaraguako gazte aurrerakoiek erreferenterik ez izatea nazioarteko ezkerra isilik badago. Ezker internazionalistak ez badigu esaten “zuekin gaude borroka honetan”, gazte horiek nahiago izango dute Milei edo Vox zitalak entzutea, Trump neofaxista bat. Zeren, instrumentalki bada ere, horiek esaten diete: “Nik zuengan sinisten dut, sinisten dut sufritzen zaudetela eta aldaketa merezi duzuela”. 

H.Q.: Ozeanoaren alde honetan –Europan– gehien entzun duguna izan da badakitela zer ari den gertatzen Nikaraguan, baina ez dutela ezer egin nahi eskuina ez haizatzeko. Baina autokritikarako tarterik izatea da eskuina haizatzea. Datozen belaunaldiei erakusten ari gara isilik egon behar dutela.


Irakurri gehiago: Nikaragua Nazioartea Amerika
Nikaragua kanalean gehiago
2021eko azaroaren 8
Allison Belli eta Geni Gómez | Nikaraguako feministak
“Autonomiaren aldeko apustua egiteagatik gaude Daniel Ortegaren jomugan”

2018ko maiatzaren 16
Iraultza

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...