Mirande

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gazteak ginenean, gure aldare literarioetan izaki espantagarriak bizi ziren: delirium tremens-ak jota hil zen Roth alkoholikoa, Henry Miller zentsuratua eta erotismoa goren puntura eramandako Anaïs Nin (gainera maitaleak ziren), Bukowski, bizio-klase guztietan usatua. Céline, nazi deklaratua, Kerouac eta Ginsberg –errepidea, sexua, droga eta rock'n'rolla–. Nabokov, exiliatua, pederastiaz idazten zuena. Borges-ek Videlarekin bazkaltzen zuen, baina jenio bat zen. Vargas Llosak zilborrari begira egoteari utzi, une batez, eta izeko zahar batekin ligatu zuen. Are, hezkuntza frankistak onartutako Machado ere hamalau urteko ume batekin esposatu zen. Baina ez fikzioan, egiatan baizik. Zerrenda bukaezina da.

Etxean lau pirata baino ez genituen –Elsa Scheelen, Ehun metro, Oilarraren promesa, Ziutateaz, Zergatik panpox, Euzkadi merezi zuten, Narrazioak…–, eta gaitz erdi, ze, bestela, atzera begiratuz gero, prosan, apaiz segida bukaezin bat baino ez zegoen (errukarrienek Joanak joan eta Santa Kruz apaiza erreskatatzen zituzten; konparaziorako, Antonio Arruek, euskaltzainak, txiste hau kontatzen zuen Egan aldizkarian, 1960ko hamarkadan, Zumaiako Olagarro Eguna kari: “Emakumea eta olagarroa, zenbat gehiago jo, orduan eta bigunagoa geratzen da”).

Eta orduan deskubritu genuen Mirande: Haur besoetakoa, ipuinak, itzulpenak, poesiak, Igela aldizkaria… Bagenuen izendegiari gehitzeko euskal izen bat. Hura poza, gurea!

Mirande nazia izatea ez genuen ulertzen, eta min egiten zigun. Baina Rimbaud ere poeta handia zelako ezagutu genuen, arma trafikatzailea zela jakin aitzin, hala izan zen arren

Mirande nazia izatea ez genuen ulertzen, eta min egiten zigun. Baina Rimbaud ere poeta handia zelako ezagutu genuen, arma trafikatzailea zela jakin aitzin, hala izan zen arren.

Hainbestean behin berritzen da Miranderen gaineko eztabaida. Logikoa da, klasiko bat delako. Italo Calvinok hainbat definizio eman zuen klasiko bat zer den adierazteko. Horietako bat: “Zure klasikoa da zuretzat indiferente ez den idazle bat, balio dizuna zure burua definitzeko harekiko harremanean, eta, ausaz, haren kontra ere”.

Haren literatura irakurri eta gero, ezagutu genituen bizitza eta gutun txatalekin, nork bere iritzia egin zuen Mirandez. Iritzi partziala eta ez osatua, informazioa falta genuelako, funtsean. Orain informazio eta testu asko dauzkagu, berriak eta eguneratuak, Mikel Sotok idatzi duen Mirande, herri minez, ezin-minez saiakerari esker. Harriak ere mugitu ditu Sotok, azpian zer dagoen guri jakinarazteko. Zertan egon da kritika, unibertsitatea, akademia, azken berrogeita hamar urteetan?

Hurrengoan ere gure klasiko Miranderi buruzko eztabaida pizten denean, denborarekin ikerketa literarioan klasiko bihurtuko den Mikel Sotoren liburua toki zentral batean egongo da. Hori hala izango dela ziur naiz. Bestela, seinale txarra. Euskal literaturarik jada ez dela seinalea, igual. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.