Arkitekturaren egiteko nagusienetakoa da argia eraikinen barnealdera ekartzea, esan dit “leihoa” tesiaren aztergaia duen lagunak. Disfrutea da leihoaren inguruan kontatzeko duen guztia entzutea, eta entzunaldian pentsatu ohi dut tesi bat baino gehiago merezi duela fatxadari egiten diogun zuloak.
Pentsa zenbat aldatu diren fatxadetako irekidurak industrializazio garaiaren aurretik eta ondoren. Eta zenbat aldatu den gure argitasun naturalaren beharra. Babesa eman behar duen fatxadari zulo bat egitea operazio zaila da, ongi pentsatu eta eraiki ezean ura sartzeko aukerak sortuko ditugu eta. Bestalde, airea, argia, beroa eta kondentsazioa kudeatu behar dira (gutxienez) leiho bat egiterakoan. Leihoaren barnealdean apaltxo bat eserlekuaren altueran jarritakoan egonaldi bat bilakatzen da, edo landare edo objektu erakusketa, eta kanpoaldetik loreontziak eskegitzekotan, landareak etxearen bizilagun bilakatzeko bide.
Leihoak txiki eta horma potoloaren barnealdeko azalean kokatzea teknologiarik gabeko egoerari ebazpena emateko modua zen antzina. Bizitza etxearen ingurunean igarotzean eta etxe barnean sutearen inguruan biltzean, leihoa kanpoan zer dagoen kontrolatzeko elementu bat besterik ez zen. Eraikuntza sistema berriek erabat aldatu dituzte paretan zulatzeko aukerak, neurri, material, irekidura eta konposaketa aldetik. Gainera, leihoak enmarkatu lezakeen paisaia-begiraldia etxearen eskaera garaikidea da. Bistak, haize-ufada nagusien orientazioan egonda ere. Irakurtzeko txoko bat, leihoaren bitartez igaro den eguzki-izpien inguruan. Leihoa, leku (burges) bat. Eta oparoa: aldi berean antolatzen ditu eraikinaren barne espazioak, barnealdea kanpoaldearekin harremantzen ditu eta eraikinari begiak jartzen dizkio.
Leihoari eskatzen diogu irekitasuna, baina baita itxitasuna ere, eta eguzki-babesa eta argiaren bahetzea eta aireztatzeko aukera eta garbitzeko erraztasuna. Leihoa, teknologia eta funtzio asko trinkotzen dituen muntadura konplexu bat. Eta artefaktu kultural bat.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.