Postal bat desertuan (Balea Zuria, 2023) poema liburuaren ostean, eta hau ere literatur beka bati esker, Sakelako bihotzak (Elkar, 2025) eleberria argitaratu du Julen Apellak (Berriz, Bizkaia, 1998). Unibertsitate ikasketak amaitzen ari diren bi gazte ditu protagonista; kontakizun errealista egin du, garaiko tendentziak presente dituela.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Urrian aurkeztu zenuen liburua. Agian ez da termino egokia, baina “berandu” ari zara elkarrizketa gehienak ematen; berandu heldu zaizkizu eskaerak.
Uste dut Durangoko Azokaren efektua dela. Zoramena da. Zenbat liburu daude, txo?! Denak irakurtzeko, denei kasu egiteko... Denbora behar da. Denbora ematearen defendatzailea naiz.
Sakelako bihotzak eleberria argitaratu duzu Elkar argitaletxearekin. Hona bidean, Dani argazkilariak galdetu dit zertaz doan liburua. Esan diot geure belaunaldiari buruzkoa dela.
Neurri batean izan daiteke. Egia esan, hasiera batean ez neukan oso argi zeri buruz hitz egin nahi nuen, baina nahi nuen garaiarekin konektatuta egon, edo garaiari nolabait erantzungo zion istorio bat idatzi. Azken finean, nobela hau bada gure inguruan sumatu daitezkeen problematika batzuk, sentimendu batzuk edo kezka kolektibo batzuk ordenatzen saiatzeko saiakera moduko bat. Baina ez da, ezta ere, gazteei zuzenduriko liburu bat. Zeren uste dut literatura arte unibertsal bat dela, eta nahiz eta liburu honek belaunaldi jakin baten ezaugarri batzuk eduki, badu hezurdura unibertsalago bat ere. Azken finean, uste dut literatura horrek sostengatzen duela.
Jokin eta Felix dira protagonistak. Gaztaro “idealizatua” bizi dute: unibertsitateko bizitza eder horretan, gurasoen etxetik kanpo, norbere izaera garatzen den urte esanguratsuetan daude... Baina 2020ko pandemiak harrapatu ditu bete-betean. Garai ilun horren ostean kokatzen da istorioa. Ezbairik gabe, pandemiak ageriko eragina utzi du pertsonaiengan, baina atentzioa eman dit ez duzula ia aipatu ere egiten. Propio hartutako erabakia da?
Ez nuen pandemiari buruzko edo pandemian kokaturiko lan bat egin nahi. Nahi nuen pandemia bera izatea justu nobelaren atzetik zegoen zerbait. Hau da, ez esplizituki agertzea, baizik eta atzeko plano batean egotea presente, garrantzitsua baita pandemia hura gogoan edukitzea ulertu ahal izateko bi pertsonaien izaera. Bereziki Jokinena. Jokin da beti karismatikoa eta bizia izan den pertsona bat, ezinegon kultural askokoa, era berean ez dena oso ondo dedikatu ezertara ere, energia hori ez duena jakin ondo nora bideratu. Eta pandemian, hain justu, depresioa jasan zuen. Nobela hasten da garai txar horren ostean.
"Gure inguruan sumatu daitezkeen kezkak ordenatzen saiatzeko nobela da"
Pandemia atzean uzte hori ere ez dakit ez ote den geure belaunaldian gertatu den zerbait. Gutxi hitz egin da horretaz beharbada.
Egia da iragan direla urte batzuk, eta une batzuetan ematen du pasatu ere ez zela egin, memorian halako hutsune bat dagoela. Eta horixe bera, neurri batean, interesgarria zitzaidan libururako, bi pertsonaien kasuan. Pandemiak eragiten du eten moduko bat haien pertsonalitatearen garapen fase bete-betean, 18-19 urte edukiko lituzketen garaian, eta horrek eragiten die gaztetasuna erabat aprobetxatu ez izanaren sentsazio bat. Iraganeko FOMO moduko bat. Ez da soilik zerbait galtzearen beldurra, baizik eta jada zerbait galdu izanaren beldurra. Hori, bide batez esanda, oso gure belaunaldiko zerbait da.
Liburuan badaude erreferentzia kultural nabarmenak. Hala nola pertsonaiek entzuten dituzte Itoiz eta Tatxers musika-taldeak, edota ageri da ere bai etxebizitzaren garestitzearen aurkako manifestazio bat. Oso garaian kokatua, oso errealista nahi zenuen izan?
Niretzat klabea zen. Gai batzuk izan daitezke oso unibertsalak, mila aldiz agertu direnak literaturan (maitasuna, desira, beldurra, heriotza...), eta horiek nahi nituen ondo ekarri gaur egungo mundualdira, ondo kokatu hemen eta orain. Baimendu ezin dezakegun luxua da orokorkerian eta erreferentzia oso abstraktuetan erortzea. Hori oso argi neukan. Badu arrisku puntu bat ere: erreferentzia asko erabiltzen dituzunean, sor daiteke uste oker bat erakuskeria edo pedantekeria izan daitekeena. Baina uste dut, zuk aipatu dituzun erreferentzia musikal horiek, adibidez, kontakizunari ematen diotela beste kapa bat. Pertsonaiek entzuten duten musika garrantzitsua da; esaten du asko pertsonaiez, eta gutaz ere bai. Ez da berdina pertsonaia batek Ezezez edo AC/DC entzutea. Edo ikasle pisuan Fleabag telesaila ikustea edo El Chiringuito. Esanahi bat daukate erreferentzia horiek.
Liburua aurkeztu zenuenean, erreferentzia gisa aipatu zenuen Sally Rooneyren obra, eta konkretuki Conversations with friends (Lagunarteko elkarrizketak) liburua.
Beharbada gure belaunaldiari nahiko lotua dago Sally Rooney. Uste dut gure inguruko jende askok irakurri dugula, eta horregatik hartu duela kutsu hori. Eta inpresioa daukat azken urteotan Annie Ernauxekin ere ari dela gertatzen. Baina oro har, oso autore gutxirekin gertatzen da belaunaldi konkretu batean errotzea. Gure belaunaldiak, gainera, oso erreferentzia sakabanatuak ditu sortzerako orduan. Izan daiteke autore batzuk irakurri ditugula eta horiek imitatzen saiatu garela, baina uste dut pelikula eta telesailetatik asko elikatu garela, musikatik, baita sare sozialetako meme-tatik ere. Ikaragarrizko informazio-jasa jasaten dugu. Eta hori da gure belaunaldiaren erronka handietako bat: jasotako informazio hori guztia ordenatzen asmatzea.
Rooneyren kontakizunetan pisu handia dute pertsonaien harremantze moduek, komunikazioak-eta nola gertatzen diren, distantziara askotan. Zure nobelan adibidez, garaiaren kontua da beharbada, pertsonaien arteko harremanetan oso presente daude audio-mezuak.
Ez dakit hainbeste garaiari, baina bai beharbada adinari lotuta dagoen zerbait da. Zeren, helduarora pasatzen hasten zarenean, eta bereziki soldatapeko lanak presentzia handia hartzen duenean, lanak zentralitatea hartzen du, zure denboraren tarte handi bat hartzen du, eta horrek eragiten du zure bizitzako beste esparru asko kamusten joatea. Horien artean, harremanak. Denbora falta batek errealki eragiten du horretan. Halakoetan, kaltetua irteten da lagunen arteko presentzia fisikoa, aurrez aurre jendearekin elkartu ezinaren ondorioz. Oso hurbilekoa zenuen jende baten berri izaten duzu Instagrameko argazkien bitartez. Edo problema emozionalez hitz egiteko lagun batekin kafe bat hartzeko geratu beharrean, bost minutuko audio-mezuen bitartez konpontzen dituzu, edo gehienez ere bideo-dei batekin. Unibertsitateko lagunekin ere urtean behin gelditzen zara... Oro har, uste dut, aurrez aurrekotasun hori lausotzen joaten dela, eta harremanak “zeregin” gisa hartzen direla. Gelditzen zara lagun batekin ia-ia “lan” bat izango balitz bezala, harremanaren superbibentzia bermatzeko.
Gai hori oso ondo azaltzen du Juanjo Villalba kazetariak ElDiario.es-eko artikulu batean. Berak dio paradoxa moduko bat dela: hiperkonektatuta gaude, baina era berean harremanak askoz ere lausoagoak direnez, bakardade sentsazio bat sor daiteke. Zeren gutxi elkartzen gara, eta elkartzen garenean da elkarren bizitza laburbiltzeko: nik kontatzen dizut nik zer egin dudan tarte honetan, eta zuk kontatzen didazu zuk zer egin duzun; baina ez ditugu ja esperientziak partekatzen.
Uste dut nobelan horren traza batzuk badaudela. Berez, Jokin eta Felix lagun-min gisa aurkezten zaizkigu, baina zailtasun ikaragarriak dituzte batera egoteko, eta nobelako zati askotan ez daude elkarrekin. Baina haien harremanak aurrera jarraitzeko arrazoi nagusiena da haien borondate kontziente eta erabakigarria, argi dutelako harremanari eutsi nahi diotela.
Trantsizio batean ikusten dut Jokinen eta Felixen harremana. Ez ote dira ari uko egiten errealitateari, hau da, lehen baino nabarmen denbora gutxiago dutela orain elkarrekin egoteko?
Izan daiteke, bai. Segur aski pertsonaien baldintza sozioekonomikoen araberakoa da. Zeren, Felix ari da lanean. Taberna batean egiten du lan, eta aparte ikasten ari da. Hor badauka denboraren mugatze handi bat, eta horrek eragina dauka bere izaeran, eta jakina, horrek eragina dauka jendearekin erlazionatzeko duen eran. Eta Jokin ez dago lanean. Familiako baldintza ekonomikoak hobeak direlako ziurrenik, eta trantsizio garai batean dago, oraindik ere baduelako denbora.
Sare sozialak ere presente daude eleberrian, aipatzen genituen harremantze modu horien parte direlako. Baina apur bat pandemiaren gaiarekin bezala igarotzen dira: presente daude, baina ez dituzu hain esplizituki ekartzen.
Aipatzen dira momentu puntualetan. Bakardade uneetan, adibidez. Edo pertsonaia konkretu baten Instagrama bilatzeko. Ageri dira ere Vinted [bigarren eskuko gauzak saltzeko sarea] bezalako plataformak, lan munduari begirakoak... Baina gauza gutxi. Ez nuen egin nahi sare sozialei buruzko soziologia lan bat. Azken finean, sare sozialak agertzen dira gure garaiaren parte gisa.
Sentsazioa dut ez ote doazen gainbeheran, ez ote duten tope bat jo. Jada ez zaizkigula hain erabilgarriak tresna komunikatibo gisa.
Agian gehiago ari dira bihurtzen informazioa oso azkar jasotzeko tresnak. Instagrameko reel-ak, Youtubeko shorts-ak eta abar. Azkenaldiko joera ez da hainbeste komunikazio tresna gisa erabiltzea, baizik eta entretenimendu tresna gisa.
Forma pasiboan.
Hori da. Sare sozialak asko aldatu dira. Uste dut gu sareak erabiltzen hasi ginenean askoz ere jokabide aktiboagoak genituela, askoz ere komunikatiboagoa zela dena, guk geuk ere askoz eduki gehiago partekatzen genituela. Eta hor, agian, hartu-eman nolabait ere sano bat egon zitekeen. Bazegoen mundu interesgarri bat. Baina hori guztia jan du estimulu eta formatu oso azkar batek. Joera da eduki horiek etengabe kontsumitzekoa, baina ez sortzekoa, eta are gutxiago komunikazio-sare sendo bat eratzekoa. Komunitatea baino gehiago, isolamendua sustatzen dute.
"Natural 'sonatzea', forma sinplistan ulertuta, pixka bat errazkeria izan daiteke"
Bestalde, belaunaldiari eta garaiari lotuta ere bai, eta nabarmen, hizkuntza apurtzen ere ahalegindu zara.
Horrelako lan batean, nire ustez, klabea da sinesgarritasuna ematea. Diferenteak dira narratzaileak hitz egiten duen modua eta pertsonaien elkarrizketetako hizkera. Narratzailea, beharbada, izan daiteke pixka bat urrunagoa, ironikoagoa edota arrazionalagoa. Beharbada literarioagoa ere bada. Segur aski nahi nuelako bilatu oreka bat: alde batetik, ez nintzelako eroso sentitzen prosa solemne batean, autoritate moral kutsu bat hartzen diodalako askotan; eta bestetik, ez nuelako arinkerian erori nahi. Era berean, narratzailea pertsonaiengandik oso hurbil kokatuz gero, egon daiteke arriskua autokonplazentzian jausteko. Hortik ihes egin nahi nuen. Narratzailearen bidez distantzia hartuta, kritikoagoa edota zintzoagoa izan naiteke pertsonaiekin.
Sally Rooney aipatu dugu lehen, bere estiloa goratu baitzenuen liburuaren aurkezpenean, baina erreferentzia gehiago ere ekarri zenituen gogora. Miren Amurizaren Pleibak, adibidez. Zeresana eman duen liburua da, onerako, lexikoa kontzienteki “zikindu” duelako, ausardiaz eta arduraz. Inspiratu zintuen?
Harrapatu ninduen apur bat berandu, argitaratu zenerako liburuaren erdia-edo idatzita neukalako. Baina uste dut gakoa dela zeuk esan duzuna: idazle gisa, erabiliko duzun estiloa, hizkera edo lengoaia izan behar da koherentea kontatu nahi duzun horrekiko. Nire ustez, Mirenena [Amuriza] adibide bikaina da. Ahozkotasunetik gertu dagoen proposamena da, erabaki literario oso pertinente eta kontziente batzuen bitartez, eta arduratik eginda dago; hala, osatzen du Pleibak bezalako liburu zoragarri bat.
Nire buruari galdera hori ere egin nion: nire lanak zer hizkera eskatzen du? Narratzailearen kasuan, urrunagoko ahotsa denez, zailagoa zitzaidan zikintzea. Eta hortaz, balizko zikintze hori gehiago etor zitekeen pertsonaien elkarrizketetan. Baina uste dut klabea ardura dela. Naturalismoaren argudio sinplista apur bat tranpa da. Literaturan, gaur egun, jendea kontziente da horretaz, eta esperimentazio horiek arduratik egiten dira. Baina, beste esparru batzuetan beharbada, natural “sonatzearen” aitzakiapean erabaki linguistiko pixka bat zalantzagarriak hartu izan dira. Natural “sonatzea”, forma sinplistan ulertuta, pixka bat errazkeria izan daiteke. Zeren natural “sonatzearen” argudio hori muturrera eramango bagenu literaturan, inoiz ez genuke edukiko Gabriel Arestiren obra, edo Bernardo Atxagaren Etiopia. Literaturaren funtzioetako bat da niretzat sinesgarri izatea, eta naturaltzat jotzen den hori moduren batean erreproduzitzea, edo hori islatzea, baina ez hori bakarrik; era berean, beste errealitate batzuk, edo forma batzuk, naturalizatzen laguntzea. Lengoaia berriak sortzea. Oreka bilatu behar da bi plano horien artean.