EHU

“Adreiluak ipini behar ditugu Euskal Herriko Unibertsitatea izateko, bestela Basque Country izango da”

  • Arrigunagako labarretik eder ikusten da Santurtziko portua. Ederrago hura ulertzen duenarentzat. Fernando Mijangosek azaldu zigun hango garabi eta hormigoiaren funtzioa: “Gure petrokimika”. Muinoen atzean ezkutatuta dauden paisaiak ere ondo ezagutzen ditu.

Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Fernando Mijangos (Bilbo, 1983)

1982an aurkeztu zuen doktore tesia, eta jubilatu arte ibili da irakasle EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Inguma datu basean berak argitaratutako 70 lan baino gehiago daude, euskaraz. Kimika eguneroko gauzetara ekarri izan du, eta UEUko ikastaroetan irakasle ibili da. Orain EHUko Gizarte Kontseiluko kide da. Eusko Legebiltzarreko ordezkaria da organo horretan. 

1982an aurkeztu zenuen doktore tesia, euskaraz. EHUko Zientzia fakultatean ez zen ohikoa oraindik.
Ez. Ez dut uste, hala ere, nirea izan zenik euskaraz aurkeztu zen lehenengoa. Kimika arloan bai, baina oker ez banago, fisikari batek irakurri zuen nik baino lehen. 

Ikasketak gaztelaniaz egin zenituen ordura arte. Noiz erabaki zenuen euskara eta zientzia ezkondu zitezkeela?
Betidanik izan nuen euskaraz hitz egiteko gogoa. Karrera amaitu eta gero, lagunekin bizitzera joan nintzen alokairuko pisuetara. Tropelean bizitzera gindoazen, eta AEK-k ikastaroak antolatzen zituen. Bilboko Alde Zaharreko euskaltegia etxe ondoan geneukan. Manifa asko egiten ziren urte haietan, eta giro nahasi horretan nik euskararekin zor bat nuen. Euskal Herria modu desberdinean ikusi ahal izateko euskaldundu nintzen.

Lan handia egin duzue bide horretan, baina 1982an euskara ez zen hizkuntza zientifikotzat hartu ere egingo, ala? 
Gogoratzen dut Udako Euskal Unibertsitatean kimika eta fisika ikastaroak antolatzen genituenean, gehiago izaten zirela hizkuntzalaritzako mintegiak zientzietakoak baino. Kimikan erabiltzeko esamoldeak sortu behar izan genituen. Gu ohituta geunden esatera una disolución en cinco molar de sulfúrico en agua concentrada, baina hori euskaraz nola esaten da? Azido sulfurikotan bost molarraren disoluzioa prestatu nahi dugu. Ikasleek hori irakurtzen zutenean… eta asko euskaldun petoak ziren! Ez zuten titulurik, baina euskaraz ederto egiten zuten eta gutako batzuk ginen euskaldun berri-berriak. Maitatua sentitu naiz ni beti ikasleen aldetik, batez ere, haiek ulertzen zutenean nire zailtasuna. Esaten zidaten “Fernando, horrela esan behar zenuke”, eta nik eskerrak ematen nizkien. Zailtasunak izan nituen hasieran ikasleei kimika euskaraz transmititzeko. Baina, beno, urteekin normaldu egin zen dena. Ingelesa normala zen bezala. Hasieran batzuek ingelesez hobeto egiten genuen euskaraz baino. Zergatik? Bada, esaten dutelako ingelesa dela hizkuntza zientifikoa. Denak dira hizkuntza zientifikoak, baina komunitate zientifikoak ingelesa finkatu zuen elkar ulertzeko. Hori ondo dago, baina norberak berea zaindu egin behar du, eta prestigioa eman. 

"Denak dira hizkuntza zientifikoak, baina komunitate zientifikoak ingelesa finkatu zuen elkar ulertzeko. Hori ondo dago, baina norberak berea zaindu egin behar du, eta prestigioa eman"

Urte askoan izan zara irakasle, jubilatu arte. Zertan aldatu da unibertsitatea?
Unibertsitatea esaten duzunean EHUz ari zara? 

Bai, zure kasuan bai.
Gu sartu ginenean Universidad de Bilbao zeukan izena, gero Universidad del País Vasco – Euskal Herriko Unibertsitatea. Duela denbora gutxi UPV galdu egin du eta EHU da izen ofiziala. Beraz, hurbiltzen ari gara.

Hurbiltzen nora?
Euskal Herriko Unibertsitatera. Izena badu, baina izen hori ez da erreala. Euskal Herria geografikoki Nafarroa eta Iparraldea ere bada. Beraz, Euskal Herriko unibertsitateak horri denari erantzun behar lioke, eta publikoa behar luke, jakina. 

Bestalde, izenetik harago, azpiegiturak asko aldatu dira: laborategia bera, esate baterako. Edukiak ere ez dira lehengoak. Norberak norbere zientzia azaltzeko bitartekoak ere ez dira lehengoak. Nik algoritmoen liburuarekin ikasi nuen. Liburu lodi bat zen eta han begiratzen genuen, adibidez, logaritmo 100 zela 2. Tauletan ikusten genuen dena. Gero etorri zen kalkulatzeko barra. Makila batekin egiten genuen kalkulua. 25en erro karratua bilatzen genuen, eta makilak esaten zigun 5 zela. Gero Casio-a etorri zen: kalkulagailua! Aurrerapen handia ordurako!

“Adimen Artifiziala dela eta, gertatu zait  ikasle batek primeran egindako lan bat aurkeztea, eta halako batean konturatzea, neuk idatzitako artikulua dela zuzentzen 
ari naizena”

Nik tesia idazmakina elektrikoan idatzi nuen 1982an, eta buruak aldatu behar izaten nizkion alfabeto grekoko zeinuak idatzi ahal izateko. Gaur egun dena dago erraz ordenagailuan. Idatzi dezakezu nahi duzun beste eta gero zuzendu. Guk gure material zientifikoa zuzentzeko tipex erabiltzen genuen. Teknologikoki izugarri garatu da unibertsitatea, baina gizartea bera ere bai. Unibertsitatea gizartearen isla da. Gu unibertsitatean ikasle 68ko maiatzean ibili ginen. Ikasturte bakoitzean hamar bat greba orokor egiten genituen. Garai gogorrak ziren. Orain gizartea ere aldatuta dago eta beste era batera egiten da dena.

Guk lizentziaturak egin genituen: bost urteko karrerak. Horren ostean tesinak eta doktoregoak. Orain lau urteko graduak dira denak. Guk bost urte eta gero bagenuen lizentziatura, eta askoren ibilbide naturala izan zen doktoretza egitea ikertzen jarraitzeko gogoagatik-edo. Orain gradua amaitu eta gero masterra egin behar duzu espezializaziorik nahi baduzu. 

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA

Bost urtetik lau urterako salto horretan, ikasgaiak kurtso osokoak izatetik lau hileko zikloetara pasatu ziren. Karreretan urte gutxiago izanda, ikasgaiek kurtso erdia iraunda… ikasleen eta irakasleen arteko harremanak aldatu egin dira?
Ezinbestean. Graduetan dabilen irakaslea erlojuaren kontra dabil. Programak bete behar ditu eta estu ibiltzen da denboran kontatu behar duen guztia kontatzeko. Harreman pertsonaletarako ez dago lekurik. Ikasleak askoz hobeto prestatuta daude teknologikoki, eta errazago erabiltzen dituzte eskura dauzkaten azpiegiturak. Nik ez dut harrapatu Adimen Artifiziala, baina gertatu zait ikasle batek primeran egindako lan bat aurkeztea, eta halako batean konturatzea, neuk idatzitako artikulua dela zuzentzen ari naizena. Guk egindako lan gehiena sarean dago eta hori erabiltzen jakin dute ikasleek. Orain, Adimen Artifizialarekin horrelako asko egiten omen dira. Abilak dira, eta izan behar dute. 

Garaiak eskaintzen dizkien aukerak horiek dira.
Bai, eta jakin dute garai berrietara egokitzen. Gauza da gaitasun hori zertarako erabiltzen duten.

EHUko Kimika Fakultateko irakasle izatetik aparte, unibertsitateko LAB sindikatuari aurpegia jarri zenion urte askotan. Lehen esan duzun Euskal Herriko Unibertsitate horretara hurbiltzeko lan egin duzu beti?
Bai, horri ezin diot ezetz esan. Dena den, nik irakaskuntza langile bezala ulertzen dut. Unibertsitateko irakasleak profesionalak gara. Lehen 40 ordu ematen genituen astero: jardunaldi betea eta esklusibotasuna zor genizkion unibertsitateari. Ezin genuen beste lanik izan unibertsitatetik kanpo, eta horrek eraman gintuen unibertsitatearekin konprometitzera. Sartu nintzen euskal gizarte mundura: euskal giroa, euskara, euskal kultura, euskal musika, euskal kimika... Profesionala izan naiz eta ideologikoki gurea defendatu dut harrotasunez edonon. Bai klaustroetan, bai gobernu juntetan, bai sindikalgintzan langileen ordezko egon naiz; eta euskara, euskal plangintzak, euskal lerroak… defendatu ditut. 

"Unibertsitatearen barneko jarduera sistema Erdi Arokoa da. Jauntxoak daude. Ikerketa talde errekonozitu batean baldin bazaude, zortea izango duzu. Horiei diru gehiago ematen zaie. Ostera, ikerkuntza talde berriak biluzik daude"

Agian unibertsitateko irakasle izatea eta artikuluak idatzi behar izatea lotuta daude, baina Inguma datu basearen arabera, ekarpen itzela egin duzu zientziaren zabalkundean euskaraz.
Urtebetean ibili nintzen Leioako Unibertsitateko eraikina eraikitzen: obrako langile. Unibertsitatea eraikitzen ibili nintzen irakasle izan baino lehen. Nik ikasi nuen porlanarekin eta adreiluarekin altxatzen direla hormak. Orduan, zuk Euskal Herriko Unibertsitatea altxatu nahi baduzu, euskarazko adreiluak izan beharko dituzu. Edo nik hala uste dut behintzat. Zementua ere Lemoakoa-edo izan beharko da [barreak]. EHUn irakasle askok ingelesez publikatzeko duten erraztasunak harritzen nau. Ez ingelesez idazten dutelako; hori ondo dago. Kontua da ez dutela erraztasun bera euskaraz. Eta harritu egiten nau zeren haietako asko euskaldunak dira. Orduan aitzakia da datu berrienak ingelesez argitaratu behar direla. Ados. Baina orduan zer, euskaraz ezin ditugu datu berriak irakurri, epaitu eta ulertu? Zergatik ez gara saiatzen ikusmira jaisten edo lau artikulutik bat euskaraz idazten? Adreiluak ipini behar ditugu Euskal Herriko Unibertsitatea izateko, bestela Basque Country izango da.

Horretara bideratzen gaituzte, ez?
Bai, dena da Basque. Eta nik ez diot gaizki dagoenik, baina euskaraz ere argitaratu behar dugu. Ekai aldizkarian, unibertsitateak artikulu zientifikoak argitaratzeko duen aldizkarian, argitaratu nuen artikulu bat galdera batekin: “Nork nahi du ebaluatu nire euskal curriculuma?”. Kontatu nuen ingelesez argitaratu ditudan artikuluek zenbat puntu balio duten ikerketara begira, eta gauza bera gaztelaniaz eta euskaraz argitaratutakoekin. Nire kasuan banekien zenbat artikulu argitaratu nituen hizkuntza bakoitzean, baina euskaraz argitaratutako guztiak erabili zizkidaten nik euskara menperatzen nuela frogatzeko. Ingelesezko artikuluek balio dute 10 puntu, gaztelaniazkoek 5 eta euskarazkoek euskara dakizula frogatzeko. EHUk zergatik ez ditu baloratzen euskaraz argitaratutako artikuluak? Unibertsitateak badu konpromisoa urtean birritan argitaratzeko Ekai aldizkaria, eta hiru urtero-edo argitaratzen da.

Beno, hiru urtean behin ona bada...
Ona beti da, baina aitzakiak beti daude. Orain seriotasun gehiago hartu du, baina kostata. Balioa eman behar zaio euskarazko ikerketari. Geuk eman behar diogu balio hori. Ikerkuntza bada epaitzen ari garena, euskarazko artikuluak ez daitezela izan euskararen ezagutza frogatzeko. Balio dezatela ikerkuntzarako. 

"Beste unibertsitate batzuekin batera sartzen zara ikerketan eta finantziazioa lortu, lortzen duzu, baina askotan jende gaztea baldintza txarretan kontratatuta"

Oraindik asko dago egiteko?
Eginda dago asko! Egindakoa errekonozitu dezatela. Errekonozimendua eskatzen dut nik: euskaraz argitaratutakoa ontzat eman dezatela. UEUren Uztaro-n, Elhuyar-en… eta euskarazko aldizkarietan publikatutako artikuluak ere zientifikoak dira. Euskaraz daude, baina artikuluak zientifikoak dira. 

Gazteak kexu dira ikerkuntzarako baliabide gutxi dagoelako unibertsitatean.
Unibertsitatearen barneko jarduera sistema Erdi Arokoa da. Jauntxoak daude. Ikerketa talde errekonozitu batean baldin bazaude, zortea izango duzu. Horiei diru gehiago ematen zaie. Ostera, ikerkuntza talde berriak biluzik daude. Katedratikoek eta lanpostu horietako titularrek taldeak sortzeko baliabideak dituzte eta langileak behar dituzte. Ikerketarako azpiegitura badago, baina gazteak 800 euroko soldatarekin hasten dira lanean. Gehienetan bekekin. Eta gainera, titular horiek eskatzen diete euren klaseak emateko. 

Zer egin dezake unibertsitateak sistema hori aldatzeko?
Gizartea aldatzen ez bada, ez da posible izango. Unibertsitatea sistema klasista da. Agintzen dutenek boterea eta dirua maneiatzen dituzte. Zergatik daukate ikerketa talde batzuek besteek baino diru gehiago? Europatik dirua lortzea ez da erraza. Beste unibertsitate batzuekin batera sartzen zara ikerketan eta finantziazioa lortu, lortzen duzu, baina askotan jende gaztea baldintza txarretan kontratatuta. 

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA

Orain EHUko Gizarte Kontseiluko kidea zara. Zein da zehazki gizarte kontseiluaren lana?
Unibertsitatearen diru kontuak justifikatuta egin behar dira, eta guk, gizarte kontseilua osatzen dugun gizartearen ordezkariek, hori kontrolatzen dugu. Ez diogu unibertsitateari trabarik ipini nahi izaten eta ehun orriko balantze ekonomikoa aurkezten digutenean, akats nabarmenik ez badago, onartu egiten dugu. Aurreko errektorearekin, Eva Ferreirarekin,  ahotsa altxatzeko aukera izan genuen gizarte kontseilukideok lan baldintzen inguruan, eta oraingo errektoreak dio gainditu dugula egoera. Orain, epe motzean, eztabaidatuko dira diru kontuak eta Jaurlaritzak ematen duen dirulaguntza. Izan ere, unibertsitateko irakasleak oraindik ez daude transferituta. Espainiako Gobernuko langileak dira, baina ikerkuntzarako-eta Eusko Jaurlaritzak jartzen du dirua. 

Transferituko da noizbait?
Nire ustez Euskal Herriak aldarrikatu egin beharko du unibertsitate propioa nahi duela. Erabaki behar dugu ze unibertsitate nahi dugun. Hor dago Udako Euskal Unibertsitatearen jarduera. 

EHUn irakasle izan zaren urte hauetan guztietan, UEUko kide aktiboa izan zara. Zer izan da UEU zuretzat?
UEUk euskaldundu nau ni. Ikastaroetan parte hartu nuen lehen urteetan ez nituen bereizten hostoak eta orriak. Dena hoja zen. Giro ederra zegoen: euskara landu, harremanak egin… nire moduko irakasleak ikusten nituen han beldurrez Txillardegiren aurrean berba egiteko. Zientzia euskaldundu egin behar genuen, ordea. Lehen urteetan kimikan esamoldeak asmatzen nahiko lan geneukan. Udan izaten ziren ikastaroak. Ikasleak oporretan egoten ziren eta gu erdi oporretan edo egunak hartzen genituen hara joateko. Ikastaro praktikoak eta erakargarriak antolatu nahi izaten genituen, eta perfumeekin hasi nintzen: usainak, kimika, etxean egin daitezkeen perfumeria produktuak… dena zen kimika, baina ez zen hidrogeno, sodio, potasio ikasi behar. Gozatu, sortu eta norberak egiteko aukera ematen duten gauzak dira. Beti saiatu gara EHUtik kanpoko beste egitura batzuk asmatzen. Iruñean egoten ginenean Nafarroako industria kimikoa ikustera joaten ginen. Zer da industria kimikoa? Transformazio kimikoa egiten duena. Zer da porlana? Zer da Lesakako altzairua? 

UEUk udakoa izateari utzi zion aspaldi.
UEU asko garatu da. Iruñeko bi asteko ikastaroetatik titulu propioak izateraino. Ikerlari askoren topagunea da, eta guztia euskara hutsez. Ikusten baduzu UEUko aurrekontua eta EHUrena, langileen baldintzak… UEUk ez dauka errekonozimendu ofizialik. Irabazi asmorik gabeko erakundea da eta begira noraino iritsi den. 

Jubilatuta zaude orain. Ikerketari uztea posible da?
Bai. EHUri dagokionez, azken urte bietan, banekienean jubilatzera nindoala, zama uzten joan nintzen. Eskolak ematen nituen, baina ez nuen konpromisorik hartu ikerkuntzan, banekien ezingo nituela ikerketa proiektuak amaitu. Argi neukan ez nuela inor abandonatuta utziko jubilatzerakoan. Planifikatu, eta motxila husten joan nintzen. 

Faltan hartzen duzu?
Bitxia da, baina ez. Ikasleek gaztetu egiten zaituzte, baina begira: gaur egun gazteekin hitz egiteko gaitasuna bakarrik mantentzen dut. Hau da, gai naiz haiekin hitz egiteko, baina ez ditut gauza asko ulertzen. Jarraitzen dut artikulu zientifikoak irakurtzen, baina ez lehengo zorroztasunez. 

Zerbait gelditu zaizu egiteko?
Hor harrapatu nauzu, ze aurreko batean lagun bati esan nion errautsak arabieraz alkali esaten direla. Eta alkalinoak direla errautsak. Gantzekin nahastuta xaboiak egiteko erabili izan direla esplikatu nion. Hori ez al da kimika? Galdetzen diot neure buruari ea nola erabili ahal izango genituzkeen beste zabor mota batzuk xaboiak egiteko… baina gero arnasa hartzen dut: “Lasai, Fernando, deskantsatu! Paseatu, manifetara joan…”. 

Obrak ikusi?
Ez, ez, hori ez. Ahal dudan gauzetan lagundu bai. 
 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

EHU kanalean gehiago
2025eko urriaren 29
Joxerramon Bengoetxea, EHU-ko errektorea
“Jaurlaritzaren aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.