12 milioi pakete ailegatzen dira Europar Batasunera egunean. Datuen arabera, %93 Txinatik ekarrarazten ditugu. Ez da –oraingo modari kontra eginez– kanpoko inbasio militar bat, bonbardaketa logistiko isila baizik. Aunitzek a posteriori aipatzen duten, baina gutxik a priori azaltzen dakiten geopolitika hori egunero gorpuzten da. Baita gurean ere. Kartoizko kaxa txikietan.
Naturaren kontrako erasoa ere bada, bistan denez, kontsumitzaile gisa libreki aukeratzen dugun gerra-keinu bat: merkeagoa delako, azkarragoa delako eta –gure garaiaren ikono izarra– erosoagoa delako. Horratx, aurten berriz inauteriak ospatzeko hiru arrazoi puska.
Bruselako jarraibideei kasu eginez, muga-zerga ezartzea izanen da nire hurrengo erresistentzia-saioa. Muga-zerga sozioemozionala. Izan ere, azken urteotan gero eta maizago jaso izan dizkiegu halako paketeak auzokideei. Uste dut –Von der Leyen gogoan– badela ordua mesede horiei ezezkoa ematen hasteko. Nahiz eta, ordainetan, portaleko bizikidetza kaskartzeko arriskua egon.
Azken batean, geopolitikaren metafora deformea norberaren atarian hasten da. Eskailburuan. Korridoreetan. Itsasoa hasten den toki berean.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.