Zertarako bat

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Armairutik aterako naiz. Ez nau bakean uzten eta aitortu egin nahi dizuet. Sinesteak. Ez Jainko batean, baina bai horrelako zerbaitetan. Naizen honi garena gehituko diona. Ginena eta izango direnena. Zentzu bat emango diona guztiari. Zertara natorren bat, nabilen bat.

Bada zerbait egonezina sortzen didana, bakea kentzen didana, osotasuna ukatzen. Iruditzen zait hemen errazagoa dela beste zalantza batzuk publiko egitea, baina, gure existentziak zentzua beste zerbait handiagoan izan dezake. Niri galdera hori datorkit hainbeste AP8, Amazon Prime eta eskailera mekanikoren artean. Denak abailan goazen honetan. Helmuga argirik gabe.

Ez du Elizarekin zerikusirik, ez du Jesusekin zerikusirik. Bakeaz ari naiz, barne bakeaz. Jakitea bizitzen ari garenagatik eskerrak nori ematen dizkiogun. Sufrimendu eta tristurari testuingurua jartzeko. Hain bakarrik eta hain txiki eta galduta ez sentitzeko. Akaso.

Bake, alaitasun eta gurin ukitu bat datozkit izeba Marikruzekin gogoratzen naizenean. Halakoak ziren komentuko gailetak. 21 urterekin joan zen Oñatiko Santa Ana komentura eta 87 urterekin hil da orain gutxi. Bera bisitatzera joaten ginen gure pantaila argitsuekin, auto elektriko isilekin eta azken modako zapatak jantzita.

Bakea eta atsedena aurkitzen genuen bere etxean. Ez gehiago. Ez gutxiago. Erraz moldatzen zen gutxirekin. Maitasuna zuen bizigai bakar. Zoriontasun ederra. Izanaz. Egin gabe.

Ez dut atsekabetu nahi zuregatik, izeba. Nik ere ospatu nahiko nuke zure heriotza, bizi berri eta bete batek hartu zaituelako. Mundua buruz behera jarritako kroketa plater bat da. Bake-bakean agurtu duzu zuk. Nik ere nahiko nuke niretzat. Sosegua. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.