Puerto Rico, 1895. Antonio Vélez Alvarado kazetari eta politikariak herrialdeko bandera diseinatu zuen, Karibeko uhartea oraindik espainiarren esku zegoela. Vélez Alvarado Puerto Ricoko Batzorde Iraultzaileko kidea zen, Kubako Alderdi Iraultzailearen barruan sortutako erakundea. José Martík New Yorken sortutako alderdiak Espainiak Amerikan zeuzkan azken bi kolonien independentzia zeukan helburu. Horregatik, bi herrialdeen batasuna adierazteko, puertorricar kazetariak Kubako bandera hartu zuen inspirazio iturritzat, baina koloreak alderantzikatzea erabaki zuen: marra zurigorriak izango zituen, triangelu urdina eta izar txuria. Joseph Harrison Flores historialariak jaso duenez, bandera berria Martí berari erakutsi zioten, eta idazleak zera esan omen zuen: “Bi uharteak elkarrekin salbatu edo elkarrekin hilko dira”.
Baina Martíren hitzak ez ziren bete, eta 1898an Kubak independentzia lortu zuen, baina Puerto Rico estatubatuarren menpe geratu zen espainiarren aurkako gerra irabazita.
Mende erdi geroago, 1948an, Puerto Ricoko independentziaren aldeko mugimenduak itzali nahian, AEBetako estatu libre elkartu horren gobernuak 53. legea (Mozal Legea ere deitua) jarri zuen indarrean: adierazpen askatasuna murrizten zuen eta independentziaren aldeko jarrera publikoa adieraztea, hari lotutako informazioa inprimatzea eta ildo horretako taldeetan antolatzea debekatzen zuen. Hamar urterainoko kartzela zigorrak aurreikusten zituen, eta, gainera, Puerto Ricoko bandera etxean edukitzea nahiz publikoki erakustea galarazten zuen. Edo hobe esanda, Puerto Ricoko banderatako bat galarazten zuen. Izan ere, estatubatuarrek Vélez Alvaradok diseinatutakoa hartu zuten bandera ofizialtzat, baina bandera horren triangelua urdi iluna zen. Independentziaren aldeko banderak, ordea, ñabardura bat zuen: triangelu urdin argia.
Historialariak ez datoz bat aldaeraren jatorriaz. Batzuen ustez, jatorrizko diseinuak triangelu urdin argia zuen, Lareseko Oihuaren bandera omentzeko –Lareseko Oihua udalerri horretan 1868an espainiarren aurka piztu zen altxamendua izan zen–. Gerora, estatubatuarrek urdina ilunduko zuten independentziari lotutako kolore hura ezabatzeko. Beste ikerlari batzuen ustez, ordea, triangelua gerora argitu zuten, estatubatuarren bandera ofizialetik bereizteko.
Kontuak kontu, 53. legea 1957an utzi zuten bertan behera, baina haren eragin kultural eta psikologikoak gaurdaino iritsi dira, banderaren ñabardura txiki horretan irudikatuta.
2020ko Super Bowleko atsedenaldiko ikuskizunean, jatorri puertoricarra duen Jennifer Lopez abeslariak bandera ofiziala atera zuen eszenatokira, triangelu urdina duena. Aurtengo Super Bowlean, aldiz, Bad Bunnyk astindutako banderak triangelu urdin argia zuen. Eta hala, artifizioaren gailurra den eszenatoki horretan, kolore tonu soil hori, Jorell Meléndez-Badillo historialariaren hitzak erabiliz, “kolonialismoaren aurkako erresistentzia tresna bat da”.