Azken borondateak erregistratu ditugu emazteak eta biok, aurretiazkoak, zuzenago esateko. Ez dugu presarik hiltzeko, baina nahiko gerra eman dugu hirurogeita hamabi urte hauetan (adin bertsukoak baikara, soilik hiru eguneko aldea diogu elkarri) eta azken txanpan ez genituzke etxekoak alferrikako lanez zamatu nahi.
Kosta zaigu, bai kosta ere. Ez nahi genuena zehaztearen aldetik, aspalditik adostuta baikara horretaz. Baina zenbat itzuli-mitzuli dokumentua bideratu ahal izateko. Tentuz zehazteko kontuak dira eta arriskuz beteta daude, inork norbanakoaren asmoak bere interesen alde maneiatu ditzakeelako. Hala ere, Osakidetzako mediku eta langileek honetarako formakuntza hobea behar dutela esango nuke, gurekin gertatu den bezala, mariaturan ez ibilarazteko. Hiru-lau hilabete barru-edo jasoko omen dugu komunikazio ofiziala Jaurlaritzatik eta orduan "hodeian" jarrita geratuko dira gure izkribuak. Agian ordurako gu ere hodeian izango gara.
Azken borondateak erregistratu ditugu emazteak eta biok, aurretiazkoak, zuzenago esateko. Ez dugu presarik hiltzeko, baina nahiko gerra eman dugu 72 urte hauetan
Badaezpada ere, iristen ez bagara, Azken-aurreko asmoa agertuko dut. Nahi nuke gure familian eta gizartean heriotzari pixkana beldurra galduz joatea, ez ordea errespetua. Txirri, Mirri eta Txiribitonen Sudur gorria diskoan Seintxoa izan nintzen abestia argitaratzean, zenbat laido eta gaitzespen jasan genituen, haurrei horretaz ez omen zitzaielako hitz egin behar. Ez genuen ba hain kontu latzik kantatzen. Eta umetxoek agian ez zituzketen txikitan ulertuko, baina urte batzuen buruan jabetuko ziratekeen hitz horien esanahiaz.
Horrela zioen amaiera arbuiatu hark: Zahartu egingo naiz, / eta ximurtu, / ajeak ta nekeak, / ziur ugaritu./ Noizbait ere hilko naiz, / hori seguru, / esango / dut agur: / "Merezi izan du".
Sarrera hau jarri genion abestiari: "Guraso izatea ez da kontu hutsala. Azterketak jarriko balira, gutxik gaindituko lituzkete. Umea ez da beti ume izango. Koskortu egingo da, hazi eta heldu, zahartu eta hil. Hau denok dakigu... teorian. Baina umeei aipatzeak, erakusteak, beldurra ematen digu edo ez dakigu nola egin. Gurpil handi batek garamatzala, eta helmuga dagoela, hori sentitzea oso da lagungarri une bakoitza zentzuz beteta bizitzeko. Iritsiko den amaiera horretan esan ahal izan dezagun: merezi izan du".
Joan Mari Irigoien idazle puska eta adiskide zintzoarekin bere heriotzaren aurreko azken hilabeteetan elkarren arteko mezu truke ederra izan genuen. Hark ez zion beldurrik heriotzari, bizitza pozgarria izan zuelako eta merezi izan ziolako. Xehe-mehe idatzi zuen nolako hileta nahi zuen. Bere zerraldoaren gainean esaldi hau jartzea erabaki zuen: Debeku oroz gain, maite zaitut, Eutanaxi!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.