Aberastasunaren harrapaketa

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urtero, Euskal Herriko ekonomiak milaka milioi euroko ondasun eta zerbitzuak ekoizten ditu, barne produktu gordinaren bitartez neurtzen dena. Ekoizpen hori gauzatzeko erabilitako baliabideak ordeztu eta soldatak ordaindu ondoren, zer geratzen da? Zertara bideratzen da kantitate hori? Ekonomia soberakinari buruz hitz egiten ari gara. Kontzeptu horren atzean dauden hausnarketak funtsezkoak dira ekonomia baten analisia egiterako orduan.

Soberakina gizarte gisa ekoizten dugun “aurrezkia” da, gure etorkizuna eraikitzeko tresna materiala. Baina galdera erabakigarria honako hau da: nork kontrolatzen du? Sarritan, eztabaida publikoa gobernuen aurrekontuetan zentratzen da, soberakinaren zati bat dena, noski; baina soberakin gehienaren erabilera enpresa-bulego pribatuetan erabakitzen da, eztabaida honetatik kanpo utzita. Demagun Euskal Herrian egoitza duen enpresa elektriko handi batek milaka milioiko irabaziak lortzen dituela. Nork erabakiko du zein lurraldetan eta zertan inbertitu? Zertara bideratuko da soberakin hori?

Galdera erantzuteko botere-harremanak ulertu behar dira. Hauxe da kapitalismoaren oinarrizko araua: soberakina –aberastasun kolektibotik eratortzen den irabazia– jabetza-eskubidearen ondorioz kontrolatzen da. Elite ekonomiko txiki batek, demokratikoki aukeratu gabekoak, erabakitzen du non, nola eta zertarako erabiltzen den gure ekoizpen kolektiboaren zati handi bat. Elite horrek ekonomiaren norabideari buruzko erabaki estrategikoak hartzen ditu, inori konturik eman gabe.

10 milioiko inbertsio publiko bat eztabaidatzen da, baina enpresa pribatu batek 100 milioiko inbertsioa nola eta non egin erabakitzea “enpresa askatasuna” da

Euskal Herrian, historikoki, industrializazio prozesuak soberakina kontrolatzeko hainbat eredu zabaldu zituen. XIX. mendean kapital-metaketak oligarkia industrial indartsua sortu zuen eta paisaia ekonomikoa definitu. Gaur egun, egoera konplexuagoa da, baina eredua antzekoa da. Euskal industria-enpresa handien estrategia –CAF, Sidenor, Tubos Reunidos...–, non hedatu, zer ekoiztu, non inbertitu, kontseilu-aretoetan erabakitzen da. Langileak (soberakinaren sortzaileak) erabakiak hartzetik kanpo daude. 10 milioiko inbertsio publiko bat eztabaidatzen da, baina enpresa pribatu batek 100 milioiko inbertsioa nola eta non egin erabakitzea “enpresa askatasuna” da, inoiz zalantzan jartzen ez dena.

Azken hamarkadetan, ordea, kontrol-eredu hori are konplexuagoa bihurtu da. Finantza globalizazioaren ondorioz, kontrol hori are urrutiago doa: inbertsio-funtsek errentagarritasun azkarragoa bilatzen dute, eta soberakina lurralde batetik bestera mugitzen dute. Horrekin batera, enpresa industrialak beraiek ere finantza-logikari lotzen zatzaizkie, eta akziodun handien presioa pairatzen dute. Hala ere, arazoa ez da kapitalaren jabegoa “atzerritarra” dela. Euskal enpresaria alemaniarra bezain eraginkorra izan daiteke. Euskal kapitalaz osatutako enpresek ere lantegiak itxi eta ekoizpena deslokalizatu dute, lehia kapitalistaren logikak hala eskatu duenean. Kontua ez da jabeen nazionalitatea, baizik eta inoren lana kontrolatzen duten jabeen existentzia bera. Funtsezko harremana da batzuek ekoizten dutela eta beste batzuek erabakitzen dutela.

Soberakinaren kontrola boterea da. Kapitalak irabaziak harrapatzen ditu hazkunde zikloetan, baina krisiak etorri eta langileek eta herritar arruntek ordaintzen dituzte kostu sozialak. Jabetza pribatuak, baina arriskua publikoa: zer baldintza materialek egingo lukete demokrazia ekonomikoa posible?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Ekonomia Enpresak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.