Migratzaile baten alaba eta beste baten bikotekidea naiz, eta ulertu dut ez dela erraza lurra, etxea, familia, kultura, gastronomia... alboratzea, zure mundu ikuskerarekin inongo loturarik ez duen beste leku batean bizi berria eraikitzeko. Lana dela-eta, migratzaile askorekin harremanak izan ditut eta askok komunean dutena da bakardadeak itzal luze bat margotzen duela haien inguruan, pertsonez inguraturik bizita ere.
2025. urte hasieran, hainbat kolektibok Goazen lagunok! sortu zuten, X saretik mastodon sarerako migrazioan laguntzeko egitasmoa: migrazio digital hori lagunduta egiteko eta lagunak eta harremanak beste sare horretan, mastodonen, berraurkitzeko. Arrakastatsua izan zen oso.
Digitalak harremanak izateko aukera paregabeak ekarri dizkigu. Teknologia horiek sostengatzeko mendekotasuna eta zapalkuntza erroan dituzten negozio ereduak gailendu dira ordea. Negozio eredu zapaltzaile horien gailurrean gora egin dutenek, zapaltzeko grin horrekin lerrokatzeko gai diren horiek, uste dute euren jabetzako plataformetan gaudelako mundua gidatzeko baimena eman diegula. Beren plataformak bozgorailu bilakatu eta mezu sutsuak botatzeko erabiltzen dituzte, merkatuak bideratzeko, herriei forma emateko...
Horretaz jabetuta, pertsona askorengan beldurra zabaldu dela ikusten ari naiz. “Mundu” digitalaren “lurralde” zapaltzaileei beldurra diete, eta bizitza hobeak izateko bidean “lurralde” lagunkoiagoak bilatzen hasiak dira. Zein da “lur” hori? Zein teknologia, gobernantza eta jasangarritasun ereduk ordezkatu ditzake Whatsapp eta Telegram bezalako sareak? Aurkituko ote dugu behin betiko tresna fidagarririk? Nora bideratu behar ditugu lagunak eta senideak? Zelan landu estrategia hori elkarrekin, bakarrik ez migratzeko? Nork bere trintxera sortzeko aukera baino ez dugu izango? Modu etikoan, seguruan eta auditagarrian herrientzako horrelako baliabiderik sortzeko gai izango gara? Agur esan behar diegu halako tresnei? Ala betiko migratzaile digitalak izan beharko garela ulertu behar dugu?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.