Urtarrilaren 2an Diego Rosa kazetari salvadortarra atxilotu zuten Sevillan (Espainiako Estatua), Interpolen aginduz. Bitcoinekin iruzur egitea leporatuta harrapatu zuten. Baina Rosa giza eskubideen defentsan lan nekeza egindakoa da, eta zenbait aste lehenago iritsia zen Sevillara, asilo politikoa eskatzeko asmoz, herrialdeko egoera nabarmen gaiztotu baita kazetari zein giza eskubideen defendatzaileentzat. Jada askatu dute Rosa, baina mezu garbia bidali du Nayib Bukelek: bere atzaparrak ozeanoaren beste alderaino iristen direla. Baina Rosa zenbaki bat gehiago baino ez da, Erdialdeko Amerikan bizia arriskatzen duen beste pertsona bat baino ez. Kasu honetan, kazetari bat kazetaritza egiteagatik. Eskualdeko hiru kazetarirekin egon da ARGIA eta lehen pertsonan pairatzen dituzten erasoez galdetu die; baita erresistentziez eta kazetaritza independentea bultzatzen jarraitzeko arrazoiez ere.
Rosa salvadortarra da, baina izan zitekeen guatemaldarra edo hondurastarra; Erdialdeko Amerikako iparraldeko herrialdeotan egiturazko indarkeria logikak baitaude ahots kritiko ororen gain. Egiari zor, ez du zertan ahots kritiko izan. Ahots huts izatearekin nahikoa da, herrialdeko errealitatean begia jartzen duen aktore izatea. Isiltasunaren politika jarraitzen ez duenak zail du bakea eskualdean; horixe diote ARGIArekin hitz egin duten hiru kazetariek, baita nazioarte mailako datuek ere. RSF Mugarik Gabeko Erreportariak erakundeak urtero kaleratzen duen txostenean hiru herrialdeek antzerako postuak dituzte: prentsa askatasuna indizetzat hartuta, 180 estatutik, 135 eta 142. postuen artean daude herrialde horiek. Alegia, azken-azken postuetan.Erreportaje honetan ez dago Nikaraguako ahotsik, herrialdea beren beregi aztertzen duen elkarrizketa argitaratuko baitu ARGIAk datorren astekarian, 2952. zenbakian.
“Erdialdeko Amerikan, adierazpen askatasunaren eta kazetarien segurtasunaren aldetik, konstituzio babesak nahiko mugatuta daude”, adierazi du Quimmy de León kazetariak. Guatemalako bi hedabidetako editorea da: Ruda hedabide feministarena eta Prensa Comunitaria-rena, kazetaritza komunitarioa bultzatzen duena. Lehen pertsonan egiten du berba, Guatemalan ere ondo baino hobeto ezagutzen baitute kazetarien aurkako jazarpena. “Guatemalan ekintzaileen edo justizia bila dabiltzanen, edota, besterik gabe, kazetarien aurka gehien erabiltzen duten tresna kartzela joatearen mehatxua da”, dio de Leónek. Hain zuzen ere, 2023tik dago preso José Ruben Zamora Guatemalako kazetari famatua, elPeriódico egunkariko zuzendaria, horri ere dirua garbitzea leporatu zioten. Kazetarien eta giza eskubideen defentsako erakundeek, tartean Amnesty Internationalek, kazetaria askatzeko eskatu dute.
"El Salvadorren inoiz baino zailagoa da kazetaritza egitea egun, 1992ko Bake Akordioetatik bai, bederen"
Henry Barillas
Kartzela eta heriotza dira, zalantzarik gabe, lurraldeotako kazetariek jasaten duten jazarpen gogorrena. Izan ere, kazetarien heriotza presente dago herrialdeotan: 2000. urtetik gaurdaino, 176 kazetari hil dituzte Mexikon; hiru herrialdeon iparraldeko bizilaguna da Mexiko, eta han ere egoera antzerakoa dute kazetariek. Beste hiruen datu zehatzik ez dago, baina RSFk egindako 2025eko txostenean ondorioztatu du mundu osoan hil dituzten kazetarien %24 Latinoamerikan gertatu dela –eta gogoratu behar da %48 Gazan izan direla, genozidio betean–. Bi mehatxu horiek dira muturrekoenak, baina horraino heldu gabe ere, kazetarien egunerokotasunerako oztopo ugari jartzen dituzte boterean daudenek: gobernuek edo narkotrafikoak.
2022an berri batek eztanda egin zuen El Salvadorren: Nayib Bukeleren gobernuak El Faro agerkari digitaleko 22 kazetari espiatu zituen, Pegasus programa israeldarrarekin. Berri horrek polemika piztu zuen, prentsa askatasunaren eraso argi gisa salatu zuten askok. Hautsak harrotu zituen gertaera hark, El Faro hedabide ezaguna delako eta Bukeleren politika orok eragiten duelako nolabaiteko harrabotsa; baina orduko hori ez zen izan, inondik ere, kasu isolatua.
“El Salvadorren inoiz baino zailagoa da kazetaritza egitea egun, 1992ko Bake Akordioetatik bai, bederen”, azaldu dio ARGIAri Henry Barillas Bálsamo RTV hedabideko zuzendariak. Barillasek ondo ezagutzen ditu Bukeleren atzaparrak, El Farori egindako espioitzatik bi urtera, bere kide Mónica Rodríguezen etxera sartu baitzen Polizia, eta laneko tresnak kendu zizkion: ordenagailuak, disko gogorrak, telefono mugikorrak. Barillasek kontatu moduan, Rodríguez jarraipena egiten ari zen herrialdeko salbuespen egoeran izandako biktimei, eta etxean sartu zitzaizkion egun horretan bertan elkarrizketa zuen meatzaritza metalikoaren aurkako erakundeekin, tartean ACAFREMINekin –ARGIAren 2.930. zenbakian eta LARRUNen 312. zenbakian ageri da meatzaritza metalikoaren gaia, eta horren aurka ACAFREMINek, meatzaritza metalikoaren aurkako Erdialdeko Amerikako elkarteak, egindako lana–. Ekintza horrek eraman zuen Rodríguez ihes egitera, egoera baretu artean, bederen. Eta oraindik ere, urtebete baino gehiago pasatuta, erbestean jarraitzen du. Eta horrela bihurtu zen Barillas hedabideko aurpegi bakar; erredakzioan erabaki baitzuten gainontzeko kideak babesteko, beste inork ez zuela aurpegirik emango.
Aurretik ere ezaguna zuen Barillasek gobernuaren jazarpena. “2021-2022 inguruan jada hedabide batzuk hasi ziren mehatxuak jasotzen. Eta sakoneko kazetaritza lantzen ez zuten hedabideen kasuan ere, gobernuarentzat deserosoa zen zerbait egiten bazuten, sekulako lintxamenduak jasaten zituzten”, azaldu du. Lintxamendu horiek ez ziren lauzpabost pertsonaren irainak, dio Barillasek: “Kazetariaren kontu pertsonal guztiak miatzen zituzten eta mezu pribatuak bidaltzen zituzten mehatxuekin eta irainekin”.
Hondurasen sotilagoa da jazarpena, baina egon badago, María Celeste Maradiaga Contracorriente hedabideko kazetariak azaldutakoaren arabera. “Desinformazio izugarria” dagoen herrialdean, horri aurre egin eta sakoneko kazetaritza egiten dutenak “mehatxatu, jazarri eta beldurtu” egiten dituztela dio kazetariak, eta gobernuak eta gobernuz gaindiko botereek kanpainak sortzen dituztela dio, kontakizun jakin batzuk gailentzeko. “Ikusi dugu kanpaina koordinatuak sortu dituztela ez bakarrik kazetarien kontra, baita gizarte zibilaren eta ingurugiroaren defendatzaileen kontra ere: bot-ak sortzen dituzte gobernuaren diskurtsoa indartzeko”.
Eta horri gehitzen zaio, Quimmy de Leónek bizi izandakoa: kriminalizazioa eta indarkeria digitala, are gehiago, emakume izanda. “Difamazioa nahiko gogorra izan da kazetarien aurka, batez ere emakumeen kasuan: gorputzari egiten diote eraso, karga sexuala duten iruzkinak dira”. Azaldu duenez, adimen artifiziala erabiltzera ere heldu dira. Alegia, kazetarien bideoak editatu dituzte, irudiz eta audioz, eta euren ahotan esan ez dituzten hitzak jarri dituzte. Edota, sinple eta bortizki, prentsaurrekoetara bertaratzea ukatu izan diete: Maradiagak ere aipatu du bertatik bertarako kazetaritza egin izan dutenean nabaritu duela jendeak argazkiak atera dizkietela, eta intimidazioa nabarmena izan dela.
Horren guztiaren aurrean, neurriak hartzen hasi dira elkarrizketatuak.
Berez, gobernuak berak eskaini beharko lizkieke babeserako neurriak. Baina ez da horrela. Giza eskubideen defentsarako batzordeek ez die neurririk eskaintzen. “Kazetarien babeserako mekanismoen neurriek ez dute funtzionatzen, guztiz deseginda dago mekanismoa”, dio Maradiagak. Juan López ingurugiroaren defendatzailearen kasua ekarri du, 2024an hil baitzuten López, eta ikerketarik ere ez dute ireki bere hilketaren inguruan; berrehundik gora defendatzaile hil dituzte dagoeneko herrialdean. “Hemen, defendatzaileek ez dute beren eskubideak bermatuko dituen ezer”, dio Maradiagak. Berarekin bat dator de León. Azken horrek gehitu du, hasieran aipatu bezala kazetariren bat kartzelan sartzen badute, askatasunerako bidea ez dela erraza izango: “Sistema judiziala bahituta dago, ez dago ezein berme kartzelatik ateratzeko; ezta abokatu onenekin, froga onenekin edota errugabetasuna frogatuta ere”.
Horrela, bada, jazartzaileen hatsa hurbilegi sentitu dutenek herrialdea uztea erabaki dute. “Prebentziozko irteerak” kontzeptua areagotzen ari da eskualdean: alegia, beren segurtasuna kolokan jarri dezakeen piezaren bat argitaratzear daudenean, herrialdetik alde egitea. Horrela daude iazko maiatzetik El Faroko dozena bat kidetik gora, Bukeleren gobernuak pandillekin tratuak egin zituela kaleratu baitzuten. Arrazoi beragatik egin zuen ihes Mónica Rodríguezek; eta horrela, 80 kazetari baino gehiagok egin dute ihes Bukeleren herrialdetik–tartean, APES El Salvadorko kazetarien elkarteak berak–. Gehienek Guatemalara eman dute pausoa, Bernardo Arévaloren gobernu aurrerakoiak, boterea mugatuta badu ere, babes emango dielakoan; baita kontu logistikoengatik ere, bi herrialdeak mugakideak baitira. De Leónek zalantzak ditu, ordea, bere herrialdea horren babesgune den: “Bai, Nikaraguatik edo El Salvadorretik Guatemalara etorri dira. Baina Guatemalatik Costa Ricara edo Mexikora ere joan dira kazetariak. Gertatu dena izan da kazetariek leku seguru kontsideratzen dituzten herrialdeen artean izan direla bidaiak, baina horrek ez du esan nahi herrialde horiek babesa ziurtatuko dienik. Guatemalak, esaterako, ez du kazetarien babeserako programarik”.
Beste zenbait kazetarik bidaia drastikoagoak egin dituzte, beren herrialdearekiko gertutasun geografikoak segurtasunik bermatuko ez dielakoan. AEBetan erbesteratutako kazetari ugari daude, baita eskualdeko herrialde aurreratuagoetan ere, Costa Rican esaterako. Ozeanoz bestaldera ere iritsi dira, Europara, ozeano oso baten tarteak babestuko dituelakoan. Horrela iritsi zen Diego Rosa bera ere, baina Interpolek erakutsi du ez dagoela toki segururik kazetari horientzat.
Eta hori, kontuan hartu barik ihesak berak dakartzan ondorioak: bizi proiektua eta proiektu profesionala alde batera uztea. Eta hori ez da aukera posible bat denentzat. Madariagak gogoratzen du erbestera joango balira han zer egingo luketen galdetu zietela behin, eta berak “kazetaritza” erantzun: “Esan ziguten hori ezin balitz ea zer egingo genukeen. Eta shock-ean geratu ginen, benetan ez baitakigu zer egingo genukeen kazetaritza ez bada”.
Orduan, ihesa ere zalantzan dagoenean, kazetariek euren burua babestera jo dute, ahal duten neurrian, kazetaritza egiten jarraitzeko. Contracorrienten, Maradiaga kide den hedabidean, kazetarien izenekin sinatzeari utzi diote erreportaje edo ikerketa bereziren bat kaleratzen badute: “Oso maiz egiten dugu hori, legezko ondorioak saihesteko”. Hortik harago joan dira Bálsamo RTVn. Poliziak beren kide Mónica Rodríguezen etxea miatu aurretik ere, neurriak hartzen zituzten: "Lehen ere hartzen genituen segurtasun digitalerako neurriak, zaurgarri suertatu zitezkeen momentuetan alerta egoten saiatzen ginen". Baina Rodríguezen etxera Polizia sartu ondoren, biderkatu egin zituzten segurtasun neurriak, erredakzio osora zabaldu zituzten. Lehen aipatu moduan, Barillas ez den beste inork ez du aurpegirik ematen publikoki, beren izenik ez dute erabiltzen sinaduretan, ez dute elkarrizketarik ematen. Baina horrez gain, tentu handiz jokatzera ohitu dira: erredakzioko kideek segurtasun kamerak jarri dituzte beren etxe atarietan, baita Barillasek berak ere, poliziarik gerturatzen bada, erreakzionatzeko denbora izateko.
"Difamazioa nahiko gogorra izan da kazetarien aurka, batez ere emakumeen kasuan: gorputzari egiten diote eraso"
Quimmy de León
Neurri horiek guztiak hartu zituzten kazetaritza egiten jarraitzeko, informaziorako eskubidearen alde. Baina jakin badakite zenbait kazetarik beste bide bat hartu dutela: autozentsurarena. “2021etik hona autozentsura asko ugaritu da herrialdean. Giza eskubideen urraketen kasuaetan, edota estatuak biktimekin zerikusiren bat duen kasuetan jada ez dute informaziorik argitaratzen, bolumena jaistea erabaki dute”, dio Barillasek.
Erresistentzia moduko bat dira, beraz, erreportaje honetako hiru ahotsak: oztopoak oztopo eta mehatxuak mehatxu, beren lanari eusten diote, kazetaritzak dauzkan helburuaz eta botereaz jakitun. Baina ez soilik horregatik: “Kazetaritza egiten jarraitzeko erak aurkitu behar ditugu, honetan jarraitzen duten kideengatik ere bai”, dio Maradiagak.
Kazetariak eurak izan baitira elkar babestu dutenak, fronte komun bat eratu dutenak, giza eskubideen eta ingurugiroaren defentsan dabiltzan elkarteekin batera. “Kazetariak mugitzen ari gara, gure segurtasuna bermatzen ari gara”, dio de Leónek. Prentsak antolatu behar duela argi du de Leónek, bere burua babestu behar duela: “Hortik sortu dira nazioarteko sareak, komunikaziorako eta kazetarien eta prentsa askatasuna bermatzen duten erakundeen arteko babesa sortzeko; Latinoamerikan edo mundu osoan”.
Gobernuek erabiltzen duten beste neurri bat da hedabideak ekonomikoki itotzea; ez dituzte, erreportajean aipatutako beste kasuetan bezala, kazetariak zuzenean jazartzen, baina lana zuzen-zuzenean oztopatzen diete. Erreportajean azaltzen diren hedabideek, txikiak eta txikian eragiteko asmoz sortuak, ez dute ekonomia alde: gehientsuenek nazioarteko lankidetzatik jaten dute, Europako herrialdeek edo AEBek bidaltzen dituzten finantziazio iturrietatik. Bálsamo RTVri horixe bera gertatzen zio: bere finantziazioaren %90 nazioarteko lankidetzatik heltzen zaio. Zaurgarria da, beraz, beren egoera, eta horren jakitun da gobernua.
Agente Atzerritarren Legea jarri du martxan Bukelek, eta gobernuaren onespena duten erakunde eta elkarteek jasotako nazioarteko finantzazioaren %30 ordaindu beharko diote gobernuari. Eta horrek eragin du nazioarteko lankidetza nabarmen jaistea herrialdean: zenbait erakundek herrialdean zituzten proiektuak eten dituzte, eta beste batzuek oraindik jarraitu arren asko murriztu dute ekarpen ekonomikoa. “Horrek esan nahi du, hasieran, langileen plantillan murrizketak egongo direla: alegia, lankideak langabezian geratuko direla eta hedabideak gaiei egiten dien jarraipena murriztuko dela”, azaldu du Barillasek.
Eta hori, dagoeneko, ari da gertatzen herrialdean: bi irrati komunitariok –Radio Mangle eta Radio Maguey–, berriki, emisioak utzi dituzte, egoera ekonomikoari ezin eutsita. Bi horiek, Bálsamo RTV eta dozena bat irrati komunitariorekin batera, ARPAS El Salvadorko irrati komunitarioen sareko kide dira, eta aipatutako bi irratien itxierak ARPAS egoera zaurgarrian uzten duela dio Barillasek. “ARPAS are krisi finantzario sakonagoan sartu da, eta, ziurrenik, zenbait espazio itxi beharko ditu. Bere egitekoak herrialdetik ateratzearen ideia ere hor dago, baina oraindik ez da ezer ziurra”, azaldu du Bálsamo RTVko zuzendariak.
Hondurasen ere nazioarteko finantziazioak bideratu ditu zenbait espazio kazetaritza indenpendentearentzat, eta diru sarrera horien faltak eragin du, era berean, horiek ixtea. USAID AEBetako nazioarteko lankidetzako agentziak, esaterako, finantziazio nabarmena bideratu izan du herrialdera, baina Donald Trump presidenteak bertan behera utzi zituen laguntza horiek iazko otsailean. Contracorrientek, esaterako, komunitateei begirako zenbait proiektu –hezkuntza proiektuak, batez ere– bertan behera utzi behar izan zituen.
Eta Bálsamo RTVn, momentuz, eusten diote. Baina badago kezka ekonomiak beraiengan ere eragina izan eta murrizketekin hasi behar izatearena. Beraien kasuan, FM bidez ere badute transmisioa, eta aukera bat izan daiteke, kostuak murrizte aldera, emisio digitala bakarrik izatea, FMa alde batera utzita. Baina horrek eragina luke lehen lerroan, komunitateetan: El Salvadorren eta Erdialdeko Amerikan irratia piztuta duten komunitate asko baitira. Lotura hori galtzearen beldurra nabarmena da elkarrizketatuengan.
"Kazetarien babeserako mekanismoen neurriek ez dute funtzionatzen. (...) Hemen defendatzaileek ez dute beren eskubideak bermatuko dituen ezer"
María Celeste Maradiaga
Ez dago esan beharrik erreportajeko hiru ahotsek pairatzen dituzten oztopo eta zapalkuntzak ez dituztela kazetari guztiek pairatzen, ez dela prentsa osoari, bere horretan, zabaldua. Izan ere, hiru kazetariok hedabide komunitario eta independenteen parte dira. “Kazetaritza mota hau herri eskolen inguruan hasi zen eratzen, ahotsa altxatu eta antolatzearen ideiaren inguruan: nekazarien erakundeetan, kooperatibetan... antolatzen zen jendearen inguruan”, azaldu du de Leónek; “Komunitate mailako arazoei buruz hitz egitea da, gizarte ariketetan lehena, berez”. Hortik sortu zen kazetaritza komunitarioa, eta gaur egun ere premisa horien inguruan antolatzen da. “Kazetaritza komunitarioa da antolatuta dauden subjektuek egiten dutena. Kazetaritza komunitarioari asko aurpegiratzen diote militantea dela, eta, hain zuzen ere, ez du hori mespretxatzen; balorean jartzen du, eta subjektuen gizarte borrokak jartzen ditu erdigunean”.
Hedabide tradizionalek beste eskema batzuk dituzte, beste jarrera eta joera batzuk; batez ere boterearekiko harremanean, horixe diote elkarrizketatuek. “Hedabide korporatiboek, Guatemalan, estigma eragiten duen diskurtsoa dute antolatuta dagoen jendearekiko, gaizkile gisa tratatzen dute”, dio de Leónek. Alegia, jende antolatua, indigena –Guatemalako biztanleriaren erdia inguru indigena da, 22 jatorrizko nazio daude herrialdean–, defendatzailea... ez da agertzen hedabide horietan. Hutsune hori betetzen dute hedabide komunitarioek, eta Internet orokortzeak erraztu du hedabide horietara aipatu jendea iristea: “Audientziak konektatuago daude beren burua islatuta ikusten duten hedabide horiekin: Interneten gauden hedabide komunitarioek audientzia masiboak ditugu”.
Hedabide tradizionalekiko arrakala nabarmena igartzen dute, eta diote ez dutela lortzen harreman armoniotsurik. “Hedabide tradizionalak boterean daudenen alde jartzen dira”, dio Maradiagak; eta, beraz, gobernua inplikatuta dagoen ikerketaren bat kaleratzen dutenean, hedabide tradizionalek informazio hori “ezkutatzen” dutela. Hondurasen 2009an estatu kolpea jo zuten, eta haren ondorengo gobernuak 2022ra arte egon ziren indarrean, eta haren ondorioak nabariak dira bertako kazetaritzan, hori dio Maradiagak. Bertako kazetaritza elkargoan, adibidez, gobernuak dituen ekintza irregularren aurkako jarrera erakusten dute, horrela dio Contracorrienteko kazetariak: “Baina kazetari horiexek beraxek Juan Orlando Hernándezen –diktadore ohia, narkotrafikoagatik epaitua AEBetan, orain Trumpek indultatua– gobernuaren oso hurbilekoak ziren”.
Esfera handietan egiten den kazetaritza daukate, berez, parez pare erreportajeko hiru ahotsek: gobernuez gaindiko botere indartsuak dauden eskualdean, komunikazioak bereziki du indarra, zer kontatu eta zer ez kontatu izan baitaiteke de factoko botereen eusle eta babes. Horrela, bada, Erdialdeko Amerikako komunitateetan, gizarte nukleo txikienetan, funtsezko papera jokatzen dute irrati zein hedabide komunitarioek. “Jendeari ahotsa ematean datza gure lanak. Ez dugu nahi komunikatu bakarrik, gure helburua da komunikatzen ditugun kontuek baldintza edo egoera batzuk aldatu ditzatela, jendearen borroketatik abiatuta”, dio Barillasek. Alegia, komunitateari zor zaizkiola.