Kafe usnariak garagardoa sustatzeko

Kafe usnariak, 1780, Louis Katzennstein-en grabatua. Argazkia: Bildagentur
Kafe usnariak, 1780, Louis Katzennstein-en grabatua. Argazkia: Bildagentur
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Prusia, 1777ko irailaren 13a, Frederiko II.a Handiak dekretu bat jarri zuen indarrean kafearen kotsumoa murriztu eta garagardoarena sustatzeko asmoz. Dekretuak zera esaten omen zuen, gutxi gorabehera: “Herritar guztiek kafea kontsumitzen dute. Ahal bada, hori saihestu behar da. Herriak garagardoa edan behar du. Erregea garagardoarekin hazi zuten, bere arbasoak eta ofizialak bezala. Garagardoz elikatutako soldaduek gudu asko borrokatu eta irabazi dituzte; eta erregeak ez du uste soldadu kafezaleen baitan dagoenik zailtasunak pairatzea eta etsaiak mendean hartzea, gerraren bat piztuko balitz”. Dekretuaren hitz zehatzik ez da gorde, baina Frederiko Handiak hainbat gutunetan idatzitakoa bildurik ondorioztatu dute historialariek aginduaren edukia.

Monarkak behin eta berriro goraipatu zituen garagardoaren propietateak, bere esperientzia propioa argudiotzat hartuta, baina gutxitan utzi zuen agerian neurriaren benetako arrazoia: “Higuingarria da nire menpekoek kontsumitzen duten kafe kantitateak gora nola egin duen konturatzea, eta ondorioz gure herritik dirutza nola joaten den ikustea” idatzi zuen, neurriaren atzean arrazoi ekonomikoa zegoela agerian utzita.

Kafea inportazioa zen prusiarrentzat eta, beraz, irabaziak atzerrira joaten ziren. Horregatik, garagardoa sustatzea erabaki zuen, barne produktua zelako

Kafea inportazioa zen prusiarrentzat eta, beraz, irabaziak atzerrira joaten ziren. Horregatik, garagardoa sustatzea erabaki zuen, barne produktua zelako. Baina kafe kontsumoa murriztu eta, gainera, ahal zen neurrian, atzerriko produktu hari etekina ateratzeko bidea ere topatu zuen: kafea atzerritik zetorren, baina Prusian bertan txigortzen zuten; txigortzeari salmenta prezioaren gaineko %150eko zerga ezarri zioten, eta lehengaiak soilik gobernuaren bitartez lor zitezkeen. Hala, kafea soilik luxuzko produktu bihurtu nahi izan zuten.

Baina ez zuten lortu. Kafea kontrabandoaren bidez sartu eta gobernuaren baimenik ez zuten txigorgailu ezkutuetan prozesatzen hasi ziren. Kafearen usain bereizgarriak, ordea, Frederiko Handiari mesede egin zion, eta gobernuak ehunka soldadu eta funtzionario atera zituen kalera, txigorgailu klandestinoak usaimenaren bidez antzemateko. Baina usnarien ejertzito berezi hark ere ez zuen lortu prusiarren kafe kontsumoa murriztea; alderantziz, Frederikoren erregealdiaren amaierako urte haietan gora egiten jarraitu zuen. Eta erregea hil zenean, 1786an, kafearen aurkako dekretuak eta zergak bertan behera utzi zituzten.

Baina, tarte horretan, garagardoaren kontsumoak ere ez zuen behera egin. Eta prusiarrek erakutsi zuten bi produktuak kontsumitzeko prest zeudela, bat aukeratu eta bestea baztertu gabe. 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.