Ipar Euskal Herrian, herriko bozen garaia hurbiltzen ari da, eta horren beha gaude, hatsa bahiturik bezala, baldintza hipotetikoz blai eta perpaus kontzesiboz josiak.
Zehazteko, herriko bozak auzapeza eta kontseilua hautatzeko momentua dira eta hor hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute egunerokoan: hirigintza, eskolak, elkarteak... Eta Ipar Euskal Herriaren kasuan, boz hauetatik landa eratuko da Elkargoko kontseilua eta bertako lehendakaria izendatuko. Gertakari eta jokamolde gordinen nahiz krudelen zain direnentzat, urrezko sasoia dator, zer erran emanen duena, dudarik gabe, eta ondoko urteetako toberak elikatzeko heina ekaia ekarriko du, dudarik gabe, buruhauste eta lehia anitzetarako bidea baita.
Heldu diren herriko bozak martxoan iraganen dira, eta aurten ez dira arras ohiko moldean eginen, batetik, giro politiko nahasi globalean gertatuko baitira, krisi eta gibelaldi garaian, RN eskuin muturraren aitzinamenduen ikaran, eta bestetik, edizio honetako berezitasuna, zerrenden osatzeko arauak aldatu direlako.
Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko herri eta herrixketan hauteskunde munizipalak molde berrituan eginen dira, azken urteotan onartu diren lege-aldaketen ondorioz. Aldaketa horiek ez dira tekniko hutsak: tokiko ohiko egiteko moldeak ukitzen baitituzte, bereziki herri ttipienetan.
Legeak behartzen ez bagintu, agian emazte bakarra ezar liteke, [bozen] zerrendako 15. postuan edo, loreontzi baten gisan, apaingarri
Orain arte, 1.000 biztanletik beherako herrietan –Iparraldeko gehienetan– hauteskundeak molde malguan egiten ziren. Hautagaiak zerrendatan nahiz banaka aurkezten ahal ziren, eta hautesleek izenak kentzeko edo gehitzeko aukera bazuten, panaxagea delakoa eginez. Sistema horrek tokiko ohiturekin eta harreman pertsonalekin bat egiten zuen, baina, ordezkaritzari dagokionez, muga zenbait ere bazituen eta kalapitarako bideak zabaltzen zituen usu.
2026tik aitzina, sistema hori desagertuko da. Herri guztietan, handietan bezala tipietan, zerrenda bidezko hauteskundea izanen da. Horrek erran nahi du boz-emaileek ez dutela gehiago hautagai solte baten alde bozkatuko, baizik eta aitzinetik osatutako talde oso baten alde. Gainera, zerrendek derrigorrez parekideak izan beharko dute: emazteak eta gizonak txandaka, kopuru berean. Lege-aldaketa horren helburua argiki adierazia da: emazteen presentzia handitzea tokiko instituzioetan. Izan ere, herri ttipietan, udal kontseiluetan emazteak gutxiengoan dira oraindik. Parekidetasuna derrigorrez ezartzea, beraz, ordezkaritza orekatuagoaren aldeko urrats gisa aurkezten da.
Parekidetasun behartua eskertzen da, legez behartua ez dena beti geroagoko uzten baita bazterrean bestela, edo erdizka betetzen. Zeren, legeak behartzen ez bagintu, agian emazte bakarra ezar liteke, zerrendako 15. postuan edo, loreontzi baten gisan, apaingarri, konpainia oneko edergailuaren gisan, oroz gainetik, hori baino gehiago izateko gizon batzuek lekua hustu beharko bailukete… eta horra: orain, lekua utzi egin behar dute.
Baliteke neurriak zailtasunak sortuko dituela: emazterik ez dela aski zerrenden osatzeko, ez dutela nahi, ez zaiela buru izatea utzi nahi, ezinezkoa dela gainerateko lanak ere egin behar baitira, hala nola haur troxatzea eta zaharren artatzea. Baliteke erraz lortzea berdintasuna. Zerrenden aurkezteko epea otsailaren 26an bururatuko da. Oraindik gauza gutxi dakigu etortzen zaigunaz eta ez da dudarik sorpresa eta aldaketa handiak egonen direla, betiko lekuetako betiko kontseiluetan eta betiko egiteko maneretan.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.