Kurdistan. Palestina. Sudan. Venezuela. Eta abar makabroegia. Gerra hotsak munduan barrena. Umeak, eta agureak, eta gazteak, denak hotz, eta gose, eta hilotz... eta elkartasuna? Epel.
Munduan inperialismoa eta faxismoa sasoi betean dauden honetan, herri mugimenduok, omen, gure arteko ñabarduren liskarretan tematzea nahiago. Aritu, aritzen gara, bai... Nor bere aldetik, ordea.
Kurdistanetik hots egiten digute: Turkiak errotik erauzi nahi du Rojavan eraikitako proiektu askatzailea; are, kurduak mapatik ezabatu nahi ditu, genozidio arriskuan gaude, lagundu gaitzazue! Sudango milaka hildakoek, ostera, ez dute sekula ulertuko zergatik ez diren agertzen gure bileren gai-ordenetan, pankartetan, estado eta Instagrametan. Euskal zapalduok, gure aldetik, zapaltzaile bagarelako: (ohartu) nahi gabe ere, arrazista eta zapaltzaile. Venezuelako inbasioari bai, eman genion oihartzuna, baita laster desagertu ere, yankees de mierda eta Maduro askatu-ak gure sareetatik. Oro har epel, iraultzaileon elkartasuna.
Munduan inperialismoa eta faxismoa sasoi betean dauden honetan, herri mugimenduok, omen, gure arteko ñabarduren liskarretan tematzea nahiago
Eta bai, mundua handiegia dela eta bidegabekeriak gehiegi. Ezin ditugula denak borrokatu, konpondu. Nor bere kontu arituta, arean ez. Aldiz, badakigu saretzen eta horretan dihardugu! Zenbaitetan dirudidalako artikuluotan errieta baino ez dudala egiten, ze laztura! Badira gurean eta munduan itxaropena pizteko hamaika ekite, jakina! Hala nola Gazara Martxa Globala... badatorrela atzera flotilla, gora aingurak!
Munduko oldarraldi beliko-inperialistari aurre egiteko behar delako nor bere eragiletik aritzea baino gehiago. Areago, nor gure herrietatik aritzea baino gehiago: lur luze zabalean garen iraultzaile, gorri, beltz, ezkertiar eta borrokalari oro batu! Aurreko flotillatik bueltan kontatu nizuen elkarrekin itsasoratu ginenon ezberdintasunez, munduan piztutako itxaropenez, ekintzen kutsatze-efektuaren indarraz. Herri mugimenduok gure indarrengan konfiantza falta daukagu, epika apur bat berreskuratu dezagun, lagunok! Batzen bagara, posible da. Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi.
Palestina borroka guztien ama delako, batu flotillaren deialdira! Gazaraino itsasoratu bitartean, laguntza eman daiteke itsasontziak konpontzen, komunikazioan... Halaber, euskal delegazio berria osatzeko: kapitainak, itsas-langileak, kazetariak, sortzaileak, medikuak, igeltseroak, irakasleak, aktibista eta militanteak... zuen zain gaude, erdu!
Eta deialdi zabaletatik... geurera buelta. Burujabetza txikien eskutik etorriko baitira garaipen handiak.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.