Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ezer sentitzen al duzu bi mutil zirrika ikustean? Ezetz erantzun nizun azkar. Azkarregi. Bi neska zirrika ikustean ezer sentitzen nuen galdetu zenidan gero. Baietz erantzun nizun. Oso baietz. Zuk ere berdina sentitzen zenuela esan zenidan eta ea nola zen posible hori. Gizon ala emakume sentitu, gauza bera sentitzea.

Aitortu dezadan. Deserosoa zait, arraroa, esaterako, bi gizon muxu betean ikustea, azala azalaren kontra, su eta plazer betean. Niri ez zaizkit jangarri ipurdi denak, bular denak, belarri ertz guztiak. Gizon bat niretzat ez da inoiz jateko modukoa, jatera datorren norbait da. Halaxe bizi dut desioa, halaxe eraiki didate iragarki, kirol, txiste eta pornografiaren mapetan: gizonaren gorputza ez da inoiz desiragarria eta emakumearena bai. Gizona gizon izango bada.

Horregatik ere izango dira gizonezkoon arteko agurrak hain hotz, lehor eta zurrun: bi kolpe bizkarrean, metro erdiko tartea, eta zermoduz bat, medikuaren kontsultan bezala. Ez dadila gaizki ulertu: maitasuna bai, baina homologatutakoa.

Homosexualitatea gaixoen kontua zeneko garaietatik nator ni. EGBren garaikoa, ez genekien zer zen Windows, Tesla, Lidl. Marikoi hitza eskolako patioko baloi bat bezala erabiltzen genuen: ostikoka. Ziritzako zentroan bezala. Normalak ziren bakarrak heteroen musuak ziren. “Ez daukat ezer kontra, baina…” hasten ziren esaldi gehienak. Eta oraindik ere desioa ez da matematika, nahiz eta formula bat eta bakarra erabiltzen segitzen dugun.

Armairu baten barruan bizi gara. Usain bera hartzen du guztiak azkenerako: desodorantearena, beldurrarena. Aireztatu beharra daukagu, lizunduko ez bagara: olioa eman bandei edo bisagrei, apalak (des)ordenatu, hautsak astindu... Eta hondartzetara atera, eguzki pixka bat hartzera. Biluzik, barrez, aske. Denok egin beharko genuke bidaia bat Bixenterekin. Maspalomasera. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...