Arnasguneak dira gure arnasa

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizkaiko Meatzaldekoak gara, gerra galdu zuen familia bateko ilobak. Abertzaleak ziren gure aititak eta galtzaile izateagatik gerraostean Espainian preso egon ziren biak. Bizkaian frontea erori zenean gerra amaitu arte Katalunian babestuta egon ziren amama eta bere ahizpak.

Gure aitita-amamek ez zekiten euskaraz eta, horregatik, gure familian beti egon da zerbait faltan genuen sentsazioa. Gure gurasoek frankismoaren amaieran ikasi zuten eta anaia eta biok euskaraz hazi eta hezi gara etxean. Lehengusu-ilobak euskaldunak gara guztiak.

Ikastolan euskara zekiten haur gutxietako batzuk ginen, eta besteek baino gehiago genuen gelan euskara bultzatzearen zama. Etxean osaba-izeko frankismoko errefuxiatuak ziren, lehengusuak Iparraldean bizi ziren, eta Pirinioak, Orhi, Irati, oihana, ardiak eta artzainak ziren gure ipuinetako paisaiak, umetatik ikasi genuen gurea zela euskarari eusteko ardura.

Institutuan lagun berriekin, hainbat kirol eta kultur jardueratan hasi ginen. Harremantzea ez zen erraza, eskolaz kanpoko bizia erdaraz zen eta gu, aldiz, hobe moldatzen ginen euskaraz. Zer zen jakin gabe, beti deseroso, parte hartzen nuen jardueretan isilik, nabarmendu gabe edo ezkutuan egoten nintzen askotan.

Arnasguneak babesgune izan dira niretzat. Lasai sentitu naiz bertan, giharrak erlaxatu, eguneroko tentsio, etiketa eta hizkuntz estresik gabe hegaz ibili

Euskaraz aritzeagatik azalpenetan aritu behar izan dugu gure gaztaro guztia. Askori zaila izan baitzaie ulertzea, etxeko hizkuntza denez, euskaraz aritzea naturalena dela guretzat eta ez ideologikoki esfortzuz egin dugun hautua.

Institutua amaituta Iruñera joan nintzen agronomia ikasketak egitera, niretzat unibertsitatea oso toki euskalduna zen. Iruñean konturatu nintzen aurrean nuen euskaldunen tribuko parte nintzela, baina ordura arte hortik urrun egon nintzela.

Hortik Arratiara, Larrabetzura, Segurara, Lesakara, Erratzura, Baigorrira, Donamartiri eta Donaixtira… Euskararen arnasguneak babesgune izan dira niretzat. Lasai sentitu naiz bertan, giharrak erlaxatu, gorputza askeago mugitu, eguneroko tentsio, etiketa eta hizkuntz estresik gabe hegaz ibili. Ezezagunei euskaraz zuzendu gatzaizkie, lagunak egin ditugu, gure herrian ez diren kultur ekitaldi, kontzertu, saio eta abarrez gozatu dugu. Bizipen horiek guztiek nire nortasuna indartu dute, euskalduntasuna finkatu, nor naizen gogoratu eta osasun mentala orekatu.

Orain asko hitz egiten ari da arnasguneez, zentroaz eta periferiez. Nik ez dakit gure erdal hiri handietan euskara bultzatzeko egin beharrekoa zer den, baina badakit euskaraz natural biziko den lurraldearen iraupen eta zabalpena euskaldun guztientzat beharrezko dela. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.