Apirilean beteko dira 500 urte Bizkaiko Foru Berria idatzi zenetik, eta urtarrilaren 16an Gernikan ospakizun-egitarau zabala iragarri zuten foru agintariek, baita UNESCOren gizateriaren ondare izendatzeko eskaria ere. Ekitaldian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak goraipatu zuen herri-demokraziaren lehenengo adierazpena izan zela, baita pertsona guztien berdintasuna eta duintasuna lege bihurtu zituela ere. Ildo berean hitz egin zuen Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak; eta Goio Monreal katedradunak, besteak beste, bizkaitarrak soldadutza egitetik salbuetsita zeudela adierazi zuen, eskubideen adibide gisa.
Ez dut zalantzan jartzen foruek aurrerapen legal, judizial eta fiskalak ekarri zituztela, baita emakumeen eskubide batzuk jaso ere, esaterako, ondareei dagokienez, baina egia da ere bereziki gizonezkoei aitortzen zizkiela, patriarkatuko oinarriak kolokan jarri gabe. Duela 500 urteko araudiaz ari gara.
Ez dira bete ezta 90 urte ere Euskal Herriko emakume guztiok bozkatzeko eskubidea lortu genuela, baina historiako eskoletan irakatsi ziguten sufragio unibertsala –maskulinoa aipatu gabe– lehenagokoa zela. Beraz, ospa dezagun foruaren urteurrena, baita balioan jarri ere, baina profita dezagun begirada androzentrikoa gainditzeko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.