Desokupazio enpresek sortutako izua eta etxegabetzeek azaleratutako drama sozialak titularretan, berriz ere. Ezer berririk ez. Badira, baina, alternatibarako espazioak. Esaterako, Les Juntes kooperatiba moduko esperientziak. Katalunian kokatutako kooperatiba honek etxegabetzeen eta mehatxuen pean egon diren etxebizitzak erosten ditu, eta irizpide sozialak jarraitzen dituzten etxebizitzen sarea sortu du. Kooperatibako bazkideen ekarpenei esker, etxeak egoera duinean jartzea lortzen dute, baita kooperatibak bizi ditzakeen arriskuei aurre egiteko erresistentzia kutxa osatu ere. Bide batez, agur bat erresistentzia kutxei, enpresa gehiegitan borroka luzeei eusteko ezinbesteko direnei.
Kataluniako Les Juntes kooperatibak irizpide sozialak jarraitzen dituen etxebizitzen sarea sortu du
Les Juntes kooperatibak, 450-600 euro bitarteko alokairuaren truke eskaintzen ditu pisuak, 43 urteko lagapenean. Bizitzari egonkortasuna eta ziurtasuna emateko modu bat da. Esaterako, logelako alokairu bidegabea ordaintzen zuten hiru emakumeren kasuaren berri izan dugu; egun etxebizitza elkarbanatzen dute kooperatibaren bidez.
Eta horrek eraman nau gure herrietan bizi dugun egoera kritiko batera: beharraren beharraz logelak alokatzen dituzten etorri berrietara. Mohamed moduko gazteak, miseria eta gerratik ihesi, zazpigarren saiakeran Andaluziara iritsi ahal izan zirenak. Herrira iritsi, eta dirutza ordaindu behar logela baten truke.
Etxegabetzeen eta migrazio politiken aurrean alderdi batzuek duten jarrerak baztertuta, une bikaina da herri mailan sor ditzakegun tresna kooperatiboei buruz hausnartzeko eta ekosistemak eraikitzeko. Ederra litzateke eskualdeko gizarte langileak, migrazio teknikariak, hirigintzako teknikariak, diruzainak eta aurrekontuen kudeatzaileak elkartuko balira, eta baliabide eta estrategia publikoekin drama sozial honi erantzuteko proiektu eraldatzaileak bultzatuko balituzte.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.