Hautsitako ispiluak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gaur gorputza ez dut eztabaida askorako. Asteburuan, gaztetako abestiak entzuten aritu naiz. Letra gordinak, kalean gizartearen oinazea begi-bistakoa zirenekoak: sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa, indarkeria, alkoholismoa, xiringak...

Abesti horietako bat, Dr. Deseoren Detrás de los espejos rotos da. Hona zati bat: “Que el mundo se rompa mientras tú me abrazas. Que sólo quien tiene puede regalar. No hay gozo sin llanto, rosas sin espinas. Confieso en tu esquina que vivo por ti”.

Gaur mundua ez zait hain leku gogorra iruditzen. Beharbada, ilusio batean bizi naiz eta denak egingo du eztanda edozein unetan. Beharbada, gaur dudan begirada baikorra eragin didana da jakitea pertsona migratuen erregulazio masiboa egingo dela, etxe honetatik "Inor ez da ilegala" aldarrikatzen dutenen gisan. Pertsona migratuek irabazi duten eskubidea gizarteari eta ekonomiari egiten dioten ekarpenaren ebidentzian oinarritu da. Baina badira erregularizazio horrekin kritikoak diren ahotsak, berria beldurrez hartzen dutenak, ordezkapen handiaren teoriarekin bat egiten dutenak. Euren klase kontzientziak gidatuta, bestea zapalkuntzarako baino ez dutenak ulertzen. Haien klasekoak ez diren pertsonak esplotatzen jarraitzeko moduak asmatzen segituko dute. Kale kantoiak sortzen jarraituko dute, beharbada gaur egun ez direnak bistara izango, bitarteko digital ugari erabiliko dituztelako pertsona zaurgarrienengan adikzioak sortzeko eta inoiz ez bezala adikzio horiek kontrolatzeko, esplotazio modu berriak saretzeko eta iraunkortzeko, transakzioen mugimenduak estaltzeko...

Ispilu hori ere aurrez aurre begiratu beharko genuke, duen funtzionamendua ulertu eta apurtzeko modua aurkitu. Zapalkuntza gizakion izaeraren baitan dago eta. Ezin gara bizi beldurrez, jasanezina litzateke, baina jakin dagigun gauza ederrak bakarrik islatzen dituzten ispiluen artean bizitzeak errealitatearen ulermen eskasa dakarrela berarekin, eta horrek errealitatean eragiteko botere gutxi emango digula. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin