“Matalazen boxeatzeak kalean bizitzearen biolentziatik aldentzen zaitu”

  • Mohammed Razoukik eta Mikel Gortarik 21 eta 23 urte dituzte, hurrenez hurren. Biek goi mailako formakuntza burutu dute, dagoeneko esperientzia dute lan munduan eta kirolarekiko zaletasuna partekatzen dute. Hala ere, hasiera batean elkartu zituena oso bestelako zerbait izan zen: Mohammed Iruñeko Alda Zaharreko Paris 365 jangela solidarioko erabiltzailea da, Mikelek bertan egiten du lan eta Matalaz gazte guneko kidea ere bada. Mikelen kontratazioa otorduz kanpoko jarduerak egiteko apustua izan zen. Helburua pobrezia egoeran dauden pertsonentzako arnasgune segurua sortzea da. Horrek buruhausteak ekarri dizkio Alde Zaharreko Gazte Mugimenduari, Matalaz egoitza Paris 365etik 60 metro eskasera duena. Horko boxeo entrenamenduak koordinatzen ari dira aipatutako bi erakundeak, eta bertan topo egin ohi dute elkarrizketa honetako bi protagonistek, baina, kasu honetan, parekidetasunean.

Mikel Gortari eta Mohammed Razouki Matalaz gazte gunean, Iruñeko Alde Zaharrean.Argazkia.: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mohammed, zu Barkanetik (Maroko) etorri zinen Iruñera. Nolakoa izaten ari da zure bizitza hemen?
Razouki: 2024ko irailaren 29an iritsi nintzen Iruñera eta bederatzi hilabetez kalean bizi behar izan nuen. Paris 365eko jantokia beteta zegoen, hirian ez zegoen lo egiteko lekurik ezta arropa garbitzeko tokirik ere… Azkenean Paris 365en hitzordua lortu nuen eta horrek aukera eman zidan leku finko batean jateko, behar nuen arropa eskuratu eta garbitzeko, eta dutxatzeko. Azken hori ez da kontuan hartzen, baina oso lagungarria da. Gainera, gizarte-langilearekin egon naiteke behar dudan bakoitzean. Orain boxeoa, filmak ikusi, arotzeria tailerrak eta abar egiten ditugu. Batzuetan ez dut dirurik edo halakorik behar, hitz egin besterik ez. Badakit horretarako ere Paris 365era jo dezakedala eta Maríarekin, Jonerekin [Paris 365eko gizarte-langileak], Pili sukaldariarekin edo, oro har, jantokiko jendearekin egon. Biziki pozten nau eta horregatik oso eskertuta nago Paris 365ekin.

Zein zen zure egoera jantoki solidarioan sartu aurretik?
Razouki: Hainbat pertsonen eskutik janari poltsak jaso nituen. Ez dut esan nahi nortzuk ziren, laguntzeko asmoz egiten baitzuten, baina egoera txarrean zeuden elikagaiak eman zizkidaten, ni gosez, eta jan egin nituen. Gaixotu egin nintzen eta ospitalera joan behar izan nuen. Gero, banekien ez nuela horrelako janaririk onartu behar, baina ez neukan dirurik ez bestelako laguntzarik. Zer egin nezakeen? Paris 365era itzuli nintzen eta zortea izan nuen Martarekin [jantokiko gizarte-langile ohia] hitzordua lortu nuelako aste batzuetara. Han nire burua aurkeztu nion eta zein egoeratan nengoen azaldu. Hortik aurrera jantokian sartzeko aukera izan nuen.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Nolakoa zen zure bizitza emigratu aurretik?
Razouki: Zortzi urtez egin nuen boxeoa Marokon. Entrenatzaile pertsonala neukan eta lehiatzen nintzen. Marokoko selekzioan egon nintzen, baina hala ere ez nuen aukerarik profesionala izateko. Hiru aldiz Marokoko txapeldun izan arren, han ezin daiteke boxeotik bizi. Horregatik egin nituen Batxilerra eta Elektrizitateko Lanbide Heziketa, eta gainera Ekonomiako graduko bi urte ere bai. Lan ezberdinetan ibili naiz: okin, elektrikari edo mekanikari, baina horrela ere ez nuen aukera errealik bizitza ona lortzeko Marokon, eta horregatik erabaki nuen herrialdetik irtetea.

Zure itxaropenak betetzen ari dira?
Razouki: Orain hasi da betetzen espero nuena. Nire Marokoko tituluekin zerikusia duen lanen batean aritu nahiko nuke, mekanikari adibidez. Baina, horretarako, egiten ari naizen ikastaro batzuk bukatu behar ditut lehenago. Gaztelania ere ikasten ari naiz eta kirola egiten jarraitu nahi dut, gimnasio profesional batean entrenatu eta berriro lehiatzeko. Bi hilabete eta erdi daramatzat Matalazen entrenatzen, jende apartarekin, entrenatzaile zein pertsona gisa. Denak ondo tratatzen naute han, Paris 365en bezalaxe.

"Pixkanaka migranteak sartzen ari dira Matalazen; dinamika politak sortu dira eta boxeoak bere bidea egin du AZ klubaren barruan"
MIKEL GORTARI

Mikel, nola sortu zen boxeoa Matalazen?
Gortari: Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxean hasi zen, Kataluniako ateneoen eredua jarraituz, baina ez horren modu egituratuan. Azkenen finean, gaztetxe okupatua izanik, proiektua hutsarazte mehatxupean zegoen etengabe, eta hori gertatu zen 2018an. Matalazen lasaiago garatu ahal izan dugu boxeoaren afera, Alde Zaharreko Klubaren (AZK) barnean [auzoko kirol taldea]. Brigada internazionalista batean ezagutu genuen Erromako San Lorenzo langile auzoko klub komunitarioaren eredua izan dugu oinarri.

Zergatik sortu zen AZK?
Gortari: Arrazoi ezberdinak egon ziren: Alde Zaharrean jada gauzatzen ari ziren hainbat kirol esperientzia estalpe berean batzeko; kirol talde baten eta jarduerak egiteko espazioen eskaera sozial historikoak jasotzeko; edota, institutura igarotzean eta auzoa uzterakoan, nerabeek auzoarekiko lotura gal ez zezaten…

Nola funtzionatzen du orain?
Gortari: Bi urte daramatzagu boxeoarekin eta urtean behin boxeo gau bat antolatzen dugu, materiala eta ekipamenduak erosi, lokala berritu, lehiaketetarako inskripzioak ordaindu eta bestelako kontuetarako dirua ateratzeko. AZko kirol batzuetan kontuan hartzen dugu alor ekonomikoa, baina boxeoan ez. Erabaki zen guztiz doakoa izan behar zuela eta gaur arte lerro gorri hori mantendu dugu. Uste dugu aisialdi eskuragarria eta kalekoa ere aldarrikatu behar dela.

Razouki bezalako profilak, egoera zaurgarrian dauden gazte etorkinak, boxeoan sartzea erabaki kontzientea izan da?
Gortari: Gazte immigranteak ez dira zailtasun ekonomikoak dituzten bakarrak, hemengo gazteek ere badituzte, batzuen eta besteen arazoen artean aldea dagoen arren. Gure auzoan jaio eta hazi garen gazteon artean badaude gimnasiora joateko hilean 50-60 euro ordaindu ezin dutenak. Matalaz sortu zenean oraindik ez zegoen hainbeste gazte etorkin, azken hiru urteetan iritsi dira, gehienbat Magrebetik. Beraz, esan daiteke egoera hori AZ Klubaren sorrera garaiarekin bat etorri dela. Auzoan aspaldian ari gara pentsatzen nola sortu elkarguneak bertan jaiotako gazteen eta etorkinen artean, baina egia da tresna indartsuena badaukagula: boxeoa. Pixkanaka migranteak sartzen ari dira Matalazen. Dinamika politak sortu dira eta boxeoak bere bidea egin du AZKren barruan. Egun batzuetan espazioa txiki geratzen zaigu entrenatzera datorren jendetza ikusita.

"Lan ezberdinetan 
ibili nintzen Marokon: okin, elektrikari edo mekanikari, baina horrela ere ez nuen aukera errealik bizitza ona lortzeko eta horregatik atera nintzen handik"
MOHAMMED RAZOUKI

Hori ez da boxeoarekin bakarrik gertatu. Agerikoa da Alde Zaharrean auzo mugimenduak gora egin duela.
Gortari: Bai. Oso pozik gaude, bereziki auzo mugimenduak 2025ean 50 urte bete dituenean. El barrio en el centro (Auzoa erdigunean) liburua argitaratu dugu, Matalaz erosi dugu, herri-jantokia sortu dugu… Gure kezkarik handiena orain etorkin gazteen fenomenoa da, eta diskurtso mediatikoak “gu” eta “haiek” artean egiten duen zatiketa. Batzar oso gogorrak izan dira, komunikabideetako bonbardaketa, kolore guztietako poliziak kalean gora eta behera… eta kezkatuta gaude. Horregatik, gure estrategia politikoa gazteria hau guztia mugimendu komunitarioaren gurpilean sartzera bideratu behar da. Komunitatetik ez bada egiten, inork ez du egingo. Instituzioen “saturazio” edo “dei-efektuaren” aitzakiarekin sortu den hutsune bati erantzuten diogu.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

Mohammed, Matalaz boxeora bueltatzeko aukera bakarra izango zen zuretzat...
Razouki: Bai. Orain dagoeneko ez dut doakotasuna edozer gauzaren gainetik lehenesten, baina hasieran bai. Nire kasuan, gimnasio profesional bat behar dut entrenatzeko eta maila altuan lehiatu ahal izateko. Errenta bermatuak aukera hori eman dit eta orain klub bat bilatzen ari naiz. Baina jakin badakit Matalazek duen garrantzia, ez boxeoari dagokionez soilik. Kalean drogak eta borrokak daude. Boxeoan entrenatzen zaudenean ez dago drogarik ez borrokarik, indarkeria horretatik urrundu zaitezke. Ez da erraza egun osoa kalean igarotzea, banku batean edo elizaren atarian eserita, ezer egin gabe. Matalazek nire denbora bete zuen eta hori oso garrantzitsua da.

"Boxeoan entrenatzen zaudenean ez dago drogarik ez borrokarik, kaleko indarkeria horretatik urrundu zaitezke"
MOHAMMED RAZOUKI

Etxerik ez izatearekin lotutako arazoak saihesteko ezinbestekoa.
Razouki: Ni ez naiz etorri soilik etorkizun hobe baten bila, nire oraina ere hobea izatea nahi dut. Diru-laguntzek beste motatako laguntza ekarri beharko lukete haiekin: logela bat eta arropa garbitzeko edo dutxatzeko leku bat, enplegua bilatzeko aukera... Hau egitea batzuetan ezinezkoa da, eta horregatik ikusten dugu jendea egun osoan zehar kalean edaten. Ni hainbat lekutan ibili naiz entrenatu ahal izan nuen arte. Denok bilatzen dugu hobeto bizitzea eta ez atzera egitea. Horregatik, ezin naiz errentarekin bakarrik konformatu, horrekin biziraun eta gainerako denbora banku batean eserita pasatu.

Arrazakeriarik jasan behar izan duzu?
Razouki: Bartzelonan egon nintzen eta, bertan, arrazakeria asko eta aukera gutxi topatu nituen. Iruñean, aldiz, kalean egon arren, doan ikasi ahal izan dut: José María Iribarren ikastetxean, Elkarte Fundazioan, Lantxotegi elkartean… Orain Paris 365en jaten dut, eta badaude beste elkarte batzuk elikagaiak ematen dituztenak edo errolda eta etxebizitzarekin laguntzen dutenak: MIG (Migratuentzako Informazio Gunea), Adsis, Elkarri Laguntza… Bartzelonan mundu guztiak ordaindu behar izaten zuen erroldatzeko. Hemen ere gertatzen da, baina askoz gutxiago.

Gortari: Egia da zure profila (Razoukiri) gutxiengoa dela migrazio fluxuetan, kontrakoa uste bada ere. Latinoamerikako jatorria askoz ugariagoa da, baina foku mediatikoa MENA delakoengan [immigrante adingabeentzako gaztelerazko Menores de Edad No Acompañados terminoaren akronimoa] jartzen da. 

"Xenofobia ez da diskurtso filosofiko handiekin konpontzen, egunerokoarekin baizik; kontraboteretik, baina egunerokoan"
MIKEL GORTARI

Uste izan da sektore politiko batzuk diskurtso xenofoboetatik salbu zirela, baina fenomeno horrek ideia hori hautsi du. Indartsu iritsi da erreakzioa. San Zernin burgua bezalako auzo langilea ere ez da salbatu, eta han kokatzen da Paris 365. Zoritxarrez, esperientzia guztiak ez dira Razoukirena bezain onak, eta Matalazen ere egon izan dira komentatu ditugun gisako jarrerak. Hori ez da diskurtso filosofiko handiekin konpontzen, egunerokoarekin baizik. Kontraboteretik, baina egunerokoan. Mohammed Razouki moduko bat alboan edukitzea eta berarekin boxeoan entrenatzearekin nahikoa da aurreiritzi asko desegiteko. Soilik horrela apurtuko dugu “gu” eta “haiek” bereizketa.

Paris 365 Iruñeko jantoki solidarioak bere lanarekin jarraitzen du, baina ez da erraza horrenbeste jenderi egunero afaltzen ematea, eta proiektuan laguntzeko bazkidetza kanpainari ekin diote. 

Eta ondorengo argazkietan ikus liteke Razouki bere entrenamenduko hainbat unetan, Matalaz gazte gunean:

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

 


Migrazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin