Mercosur, gure lehen sektoreari agur

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azken hilabeteetan Europako Batasuneko hainbat kidek ahotsa altxa dute EBk Mercosurrekin sinatu duen merkataritza akordioa dela eta. Azkenean, europarron arteko gehiengoa erdiesteko nahiko boto zeudenez, merkataritza akordioa sinatu da, baina kalapitak, oraingoz bederen, iraungo du. Hasteko, Europako Parlamentuak bertan behera utzi du, eta EBko Justizia Auzitegira eramateko eskatu.

Baina zeri deritzo Mercosur? Mercosur Hego Amerikako lau estatuk osatzen duten merkataritza libreko akordio bat da, non 270 milioi kontsumitzaile dauden. Estatu kide horiek Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguai dira eta lehen sektoreko ekoizle erraldoiak dira: soja, garia, artoa, haragia, ardoa, arraina eta abar ekoizten dituzte, batik bat esportaziorako. Beraz, merkataritza akordio hori sinatu ostean, milioika tona inportatuko dira EBra muga zergarik gabe; izan ere, lehen sektoreko ondasun ororen %93 izango dira muga zergarik gabe. Halaber, ondasun horiek ekoizterakoan ez zaie eskatuko EBko baldintzak betetzeko (lan kostu, pestizida, hazteko hormona, eta abar). Ondorioz, EBko nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza bera ere, egoera desabantailatsuan egongo dira eta lehia desegoki horrek desagertzeko bidera eramango ditu, nahiz gure artean salbuespen urri batzuk geratuko diren: ardo berezi, oliba olio, txerriki...

Nola liteke horrelako akordio desabantailatsu bat onartzea? Ezkutatzen saiatu dira, baina ifrentzua hor egon da hasieratik. Izan ere, EBko hainbat estatu kidek industria oso boteretsua daukate, eta lobby indartsua eratuta: European Round Table for Industry (Industriarako Europako Mahai Ingurua). Europako industriako agintari nagusienek osatzen dute eta arras ahaltsuak dira beraiei eragiten dieten legeen eratze prozesuetan parte hartzeko. Beraz, lobby horrek Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta Batzordearen borondatea beraien zerbitzura makurtzen ditu, eta herritarron nahi eta xedeak baztertzen ditu.

EBko industria ondasunak Mercosurren ekoiztuak izango balira bezala eskainiko dira eta, ondorioz, bertako industria ahulduko da

Mercosur merkatu erakargarria da EBko industriarentzat, hala nola autoentzat (Volkswagen eta Mercedes), autoen osagaientzat (euskal enpresa andana), ekipo makineria, medikamendu, kimika produktu eta abarrentzat. EBtik Mercosurrera esportatuko diren industria ondasun guztien %90 muga zergarik gabe sartuko dira. Beraz, EBko industria ondasunak Mercosurren ekoiztuak izango balira bezala eskainiko dira eta, ondorioz, bertako industria ahulduko da.

Bestalde, EBn, batik bat Espainiako Estatuan, azpiegitura erraldoiak eraikitzeko enpresa ugari daude. Izan ere, eraikuntza enpresa erraldoien zerrenda luzea da eta burutu dituzten obrak kontaezinak: Panamako kanalaren hedapena, Mekako tren lasterra, autobideak, aireportuak, eta abar. Enpresa europar horiek zailtasunak dituzte atzerriko lan publikoak eskuratzeko, baina, hemendik aurrera, Mercosurreko estatuetan oztoporik gabe lehiatu dezakete obra publikoetarako. Haatik, etorkizun oparoa ireki zaie enpresa mota horiei mozkinak metatzen jarraitzeko, eta ziur bulkada eman diotela akordioari, luze baino lehen sinatu dadin, nahiz EBko lehen  sektoreari kalte egin.

EBren legediari so eginez, begi bistakoa da xedeetako bat lehen sektorearen burujabetasuna dela, menpekotasuna saihesteko oinarrizkoa delako. Haatik, egunen batean Mercosurrek zigortu nahi badu EB, gaur egun Errusia bezala, nahikoa du elikagaien esportazioak etetea eta orduan ikusiko dugu, pandemia garaian gertatu zen bezala musukoekin, menpekotasuna zer den, mundua fite aldatzen ari baita.

Horregatik, jauntxokeria honen aurrean, ez da harritzekoa kaleak eta errepideak nekazariek hartzea. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Lehen sektorea Ekonomia
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin