"Ekarpen handia egin dezakegu, baina horretarako aukerak eman behar dizkigute”

  • Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da Atzegi. Familia talde batek sortu zuen 1960. urtean. Iraitz Huegun (Donostia, 1993) elkarteko kidea da. Adimen urritasuna dauka, eta bere taldekideekin batera Atzegik dituen erronkak eta xedeak ezagutarazteko dekalogo bat sortu du. Hamar puntu jorratu dituzte, horien artean, hezkuntza inklusioaz eta kalitatezko enpleguaz eta okupazioaz mintzatu da Huegun. 

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

2026ko otsailaren 5ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Berdintasuna lortzea, euren eskubideak ezagutzea eta kalera ateratzea, eta entzunak sentitzea. Horiek dira Atzegi elkarteak atera duen dekalogoaren helburu nagusiak. “Adimen urritasuna dugunak ere hezur-haragizko pertsonak gara, eta gainerakoek duten eskubide berbera dugu ezagutzera emateko. Ez daitezela soilik besteak izan protagonistak, guk ere izan nahi dugu”, esan du Iraitz Huegunek. Dekalogoa euren bizipenetik hitz egiteko modua da. 

Dekalogoak bildu dituen ardatzen  artean, aldarrikatu  dute garrantzitsua dela ingurune “lagunkoia” eta “irisgarria” izatea. Hau da, mundua ulertzea “errazagoa” izatea. Horretarako, dekalogoan aipatzen dute denen parte hartzea garrantzitsua dela. Huegunen kasuan, entzumen zailtasunak dituenez, batzuetan gauzak errepikatzeko eskatzen du: “Gauzak ulertzea asko kostatzen zait. Ezezagunekin paso egiten dut, ez dudalako aurpegira barre egiterik nahi. Ez badut ulertzen galdetu beharra dut, eta ez badidazu ulertu nahi zure arazoa da”.  

Beste puntuetako bat hezkuntza inklusiboa da; hau da, ikasteko aukera bera izatea, baliabide egokiak eta trebatzen edo prestatzen jarraitzeko alternatibak. Horren barruan sartzen da ere ongi tratatuak izatea. Bi ikastetxetan ikasi du Huegunek, eta azpimarratu du adimen urritasuna duten pertsonek gehiagotan pairatzen dutela eskola jazarpena. Ikastolan, bere gelan desgaitasun intelektuala zuen bakarra zen Huegun: “Irakaslearen arabera, desberdina sentitzen nintzen edo ez. Adibidez, ingeleseko klasean laguntzazko gelara joaten nintzen, eta bertako irakasle batek izugarri gaizki tratatzen ninduen. Ematen zuen gela militar batean nengoela”.

“Adimen urritasuna ez duten pertsonek adimen urritasuna zutenak jazartzen zituztenean, ezin nintzen isilik geratu; defendatzaile bihurtu nintzen”

Handitu zen heinean egoera okertzen joan zela eta gelakide batzuek jazartzen zutela kontatu du: “Entzumen arazoengatik lehenengo ilaran jartzen ninduten. Leihoaren aldamenean nengoenean hiztegiz betetako apal bat zegoen. Listopasatu batzuk hiztegiak buru gainera botatzera etortzen ziren”. 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. mailara pasa behar zuenean laguntza gela batera joan behar zuela esan zioten, eta bi aukera eskaini zizkioten: ikastetxean geratu edo beste batera joan. Bigarrena aukeratu zuen, jazarpen gehiagorik ez sufritzeko: “Aldatu nintzenean ongi sentitu nintzen, ez nindutelako molestatzen. Aldi berean, baina,  adimen urritasuna ez duten pertsonek adimen urritasuna zutenak jazartzen zituztenean, ezin nintzen isilik geratu. Defendatzaile bihurtu nintzen”.

Lan egiteko aukera gutxi

Arrazoi desberdinengatik DBH amaitu ezin duten ikasleek dituzten aukeren artean, Zereginak Ikasteko Gela (ZIG) dago. Hortik lan munduratzea prestatzen dute. ZIG gela 16 urtetik 20 urtera bitarteko gazteentzako da, eta batzuetan urte bat gehiago luzatu daiteke. Behin hori amaituta “oso gutxi” dira ikasteko aukerak. Huegunek 20 urterekin amaitu zituen ikasketak. Ostean, Gureak enpresan hasi zen lanean. Atzegik 1975ean sortu zuen Gureak, desgaitasun intelektuala duten pertsonen lanerako eskubidea errazteko. Hamabi urte daramatza lanean. “Ez diot inoiz galdetu neure buruari zer ikasi nahi nuen; aukera gutxi zeuden”, esan du. 

Horietako lan gehienak sektore industrialean dira. Huegun, esate baterako, automobilgintzan aritzen da. Halere, aukera “gutxi” daude eta ezkutuko lanak dira asko. 2010. urtetik, Gureak eta Atzegiren Pauso Berriak programa martxan dago. Batez ere okupazionalean daudenei bideratuta dago. Xedea da adimen urritasuna duten pertsonen lan ibilbidean laguntzea, bereziki enpresa edota erakundeetako ageriko lanpostuetan. Adibidez, udaletxeetan, saltokietan, ikastetxeetan eta museoetan. Horrelako lanpostuetan zein oposizioetan parte hartzeko aukerak handitzeko ere eskatu du. 

“Adimen urritasuna ez daukaten pertsonek adimen urritasuna daukagun pertsonok baino lan aukera gehiago dituzte", dio, "askotan ez gara baloratuak sentitzen lanean”. Gaineratu du aurreiritziak direla-eta, askotan, enpresek edota erakundeek gaitasunetan baino zailtasunetan jartzen dutenez arreta, lan aukera asko ukatzen dizkietela: “Pertsona bat ezagutu arte ezin duzu jakin nolakoa den, zein gaitasun dituen eta noraino iritsi daitekeen. Ekarpen handia egin dezakegu, baina horretarako aukerak eman behar dizkigute”. Lan aukerez gain, soldata duin bat izatea beharrezkoa dela dio. Izan ere, soldata “oso baxua” denez, “oso zaila” da etxebizitza bat lortzea, esaterako. 


Gorputz hotsak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.