AEBetako Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteak inpunitate osoz indarkeria bideratzen dabiltzala argira ekarri digute Renée Good eta Alex Pretti estatubatuarren hilketek. Ez dira istripu soil batzuk izan, urte hastapenaz geroztik, gutienez beste lauk dute bizia galdu ICEren eskuetan –bi hondurastarrek, kubatar batek eta kanbodiar batek–. Iaz gutxienez 32 etorkin hil ziren ICEren kartzeletan. Hamaika milioi papergabe kanporatzeko helburua hartuta du Donald Trumpek eta horretan dabil buru-belarri, giza eskubideak zangopilatuz; gertatzen diren heriotza horiek garrantzirik gabeko albokaltetzat hartuta.
Minneapolisetik (AEB) heldu zaigu ezinegona, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteek Renée Good (urtarrilaren 7an) eta Alex Pretti (urtarrilaren 24an) tiroz hil dituztenetik. Lehena poeta zen eta goizean goiz lanera zihoala agenteekilako trukaketa laburraren ondotik hil zuten; eta bigarrena erizaina zen, eta ICEren politikaren kontrako elkarretaratze batean agenteek kolpaturiko aktibista bat babesten zebilela hil zuten. Bi tirokatzeak Trumpen administrazioak 2025eko abenduan Minneapolisen abiaturiko Metro Surge operazioaren baitan kokatzen dira. "Migrazioa kontrolatzeko inoiz egindako operaziorik handiena" izatea nahi du Segurtasun Nazionalerako Departamentuak, eta 3.000 agente gehiago bideratu berri ditu estatu horretara.
Hauteskunde-kanpainan hitzemandako 11 milioi atzerritarren kanporaketak ditu helburu, eta egunero 3.000 atxilotzeko eta urtero milioi bat kanporatzeko helmuga jarrita dio ICEri. 20.000 agente dabiltza horretan –bikoiztu egin da kopurua Trump berriz boterera helduz geroztik–, eta aurten beste 10.000 gehiago enplegatzekoak dituzte: "ICEk amerikar patriota ausartak errekrutatzen ditu gure kaleetan egoera irregularrean dabiltzan gaizkile atzerritarrak, hiltzaileak, bortxatzaileak, terroristak eta pedofiloak kanporatzeko", irakurri daiteke erakundearen webgunean. One Big Beautiful Bill [Lege Handi eta Ederra] legearen baitan, migrazioaren kontrako politika azkarki diruztatzearen alde egin zuen Ordezkarien Ganberak uztailean: 46.500 milioi dolar Mexikorekiko mugako paretaren eraikitzeko, 45.000 milioi etorkinen atxikitze-zentroen emendiorako eta 30.000 milioi ICEren atxiloketen areagotzeko (dirutzaz ohartarazteko, erran daiteke FBI inteligentzia eta segurtasun zerbitzuaren aurrekontua 10.000 milioikoa dela). Hori gehigarri gisa, orain arteko ICEren urteko 10.000 milioi dolarreko aurrekontuari gehitzekoa –Joe Bidenen administrazioari alderatuta, hirukoiztu egin dena–.
Robocopen estilora jantzita, buruberoki batez anonimotasuna babestuta, muturreko high-tech teknologia lagun eta Trumpen adierazpenek puztutako inpunitate sentimenduak akuilatuta, ICEko agenteak badabiltza pertsona arrazializatuen kontrako sarekadetan. Renée Good eta Alex Prettiz gain, urte hastapenaz geroztik gutxienez beste lauk dute bizia galdu ICEren esku artean. 2025ean gutienez 32 hil ziren bere presondegietan.
Polizia hori ez zuen Trumpek sortu; errepublikarren bandoko George W. Bush presidente ohiak baizik, 2003an. 2001eko irailaren 11ren biharamunean, barne segurtasuna azkartu eta terrorismoaren kontrako gerra armatu nahian, aduanen eta immigrazioaren erakundeak batu zituen. Eta, ez pentsa demokratek egitura horren erreformatzeko edo deuseztatzeko bidea urratu zutenik: Bidenen agintaritzan, urtean 270.000 etorkin zituzten kanporatu, hau da, Trumpen lehen kargualdiko urte "emankorrenean" bezainbat.
Baina kopuru anitzez handiagoak ditu helburu Trumpek, eta bideratutako diruztatzea dugu horren lekuko, baita ireki nahi dituen atxilotze-zentro berriak ere. 340.000 zituen kanporatu iaz –ikerketa batzuk diote 400.000 izan zirela–. Ikuspegi produktibista batekin dabiltza horretan, dinamika normal bat balitz bezala, ICEko kargudun Todd M. Lyonsek adierazi bezala: "Enpresa baten gisara kudeatzeko ahaleginak egin behar ditugu; Amazon Primek egiten duen bezala, baina gurean gizakiekin". Datu ofizialei segi, 68.440 etorkin ziren ICEren kartzeletan abenduan, eta The Guardian-en arabera, horien %75 inolako epaiketarik gabe.
Kartzelaratze logikaren kontra dabilen Vera Institutuak urrian plazaratu zuen ikerketa ICEren presondegiei buruz: 2010az geroztik inoiz ez da hainbeste etorkin atxiki, eta horretarako 436 kartzela ditu –batzuk AEBetatik kanpo (Ipar Marianetan, Kuban...)–, nahiz eta %25 bakarrik baliatu, finean, giza eskubideei begiratu beharrean, kostuen txikitzeetan duelako interesa. Baina bigarren agintaritzako lehen sei hilabeteetan 75 bat presondegi ireki zituen Trumpen administrazioak, nahi edo ez, kopuru handiari erantzun beharrean delako.
Hiru multzotan banatu daitezke ICEren azpiegiturak: estatu federalaren presondegiak, tokian tokiko administrazioen esku direnak eta sektore pribatukoak. Hiding in Plain Sight: How local jails obscure and facilitate mass deportation under Trump (Denen bistara ezkutatuta: nola ezkutatzen eta errazten dituzten bertako espetxeek Trumpen menpeko deportazio masiboak) erreportaje mamitsuak ongi azaleratzen digu ICEk tokian tokiko presondegiak "ezinbesteko osagaitzat" dituela. Kolaborazio horretarako bide andana dituzte: zeldak alokatzearena; kartzelara agertu eta beste delitu batzuengatik preso diren etorkinak atxilotzearena –agorrilean 500 zituen horrela atzeman, hau da, hilabete horretan kanporatuen ia erdia–, eta beste. Illinois zein New York estatuak kasu, badira elkarlan horiek debekatu edo behintzat oztopatu nahian dabiltzan instituzioak; baita ICEren atxikitze-zentro pribatuen irekitzeak deuseztatzeko prozeduretan dabiltzanak ere.
Hain justu, ICEk preso sarturikoen %90 baino gehiago presondegi pribatuetan dago, Transactional Records Access Clearinghouse ikerketa taldearen arabera. Trumpen politika negozio iturri oparoa dute CoreCivic edota Geo Group bezalako enpresa pribatuek. Horregatik zizkioten, funtsean, milioiak eman kanpaina diruztatzeko... bazekitelako inbertsio emankorra izanen zutela. Pentsa, Geo Groupek 60 milioi dolarreko kontratua izenpetu zuen otsailean New Jerseyko presondegi bat kudeatzeko, martxoan 70 milioi dolarrekoa zuen sinatu, Michiganeko kartzela batentzat. "Urgentzia nazionalaren" izenean, tratu horiek egin ditzakete ohiko eskaintza deialdi arautuetatik pasa gabe, hor ere inpunitate osoz.
Ezin aipatu gabe utzi Alligator Alcatraz makrokartzela, uztailean inauguraturikoa Floridan: aerodroma zahar batean dozenaka kaiola jarri eta 3.000 etorkin metatuta dituzte, bizi-baldintza "inhumano", "ikaragarri" eta "osasungaitzetan", Amnesty Internationalen hitzetan. Izenak dioen gisara, aligatorrez betetako aintziraz inguratuta dago presondegia, leku abandonatu batean, gizakion bizilekuetatik erabat aparte. "Jakinaren gainean ezarritako sistema bat da Alligator Alcatraz, atxiloaldian dauden pertsonak zigortu, deshumanizatu eta beraien sufrimendua ezkutatzeko asmoz", Amnesty Internationalen hitzetan.
ICEren makinariari begira jartzerakoan laster ohartzen gara Gooden eta Prettiren hilketak antolaketa sistemiko baten osagai direla. Trumpek markatzen du nekropolitika horren norantza eta patriota eta ultraaberats bihozgabeak ditu bere zerbitzuko.