Dena da politikoa hemen. Gorputzetik hasita: norena den, nolakoa den, zenbat leku hartzen duen…
Kirola ere politikoa da, barruan daude batzuk, kanpoan besteak. Guk ezin dugu selekziorik izan, gizonezkoen kirola da nagusi, Israelek Europan jokatzen du eta Errusiak ez.
Politikoa da umorea ere. Barre egiten zaio gazteleraz gaizki moldatzen den euskaldunari. Horregatik ere ikasi dugu denok espainola hain ondo. Eta ikasi dugu ingelesa ere. Eleaniztasuna bihurtu delako lehentasun.
Politikoa da Athletic, Disney Plus eta eguraldiaren iragarpena. Politikoa Mercadona, Glovo eta “azken eskaintza” xuxurlatzen dizun megafoniako ahots hori. Politikoa Repsol, Kutxabank eta Amenabar. Politikoak dira eraikitzen ari diren urbanizazioak: hotz, aratz, zuri eta beltz.
Hain da politikoa dena, esnea ere politikoa dela. Goizean goizetik aukeratu behar izaten baitugu zein tetrabrikek emango dizkigun egun onak. Pascualek goizero agurtzea espainolegia litzateke. Asturiana gertukoago sentitzen dugu: haiek ere hizkuntza bat badutelako izango da, identitate-nahi bat, eta mendiak eta behiak gureen antzekoak direlako. Euskal Herria esnea aldarrikapen bat da mahai gainean. Izenetik hasita. Galdetu bestela Eroskiko esneari: EAEko mapa mingarria ageri du bere produktu guztietan. Trebiñu ere kenduta. Lacturalerekin Nafarroatik egiten digute marru behiek.
Onena, zalantzarik gabe, makinako esnea. Garai bateko esne saltzaileek bezala, bertako baserritarrak makinara zuzenean eraman eta saltzen duena. Prezio onean. Kristalezko botilan. Freskoa. Kalitatekoa. Eta etiketarik gabea. Isiltasuna ere bai baita politikoa. Eta, batzuetan, batzuetan bakarrik bada ere, aukerarik onena.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.