Berreuskaldundu deskolonizatzeko, deskolonizatu berreuskalduntzeko

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Duela urtebete, ARGIAko 2903. zenbakiko zutabean, Cira Crespok aipatu zuen Euskal Herrian zail egiten zaigula kolonialismotzat hartzea Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik pairatzen dugun zapalkuntza nazionala. Litekeena da NBEk ere ez esleitzea definizio hori euskal herritarrok jasaten ari garen azpiratze politiko-kulturaleko egoerari, baina zalantzarik ez dut herri kolonizatuek dituzten hainbat sintoma baditugula, horien artean estatuen nagusikeria linguistikoa eta euskaldunekiko bazterkeria.

Azken aspaldian, estatu espainiarrak asimilazio prozesua indartu egin du, eta euskaraz bizitzeko eratu den egitura mendrea desegiteari ekin dio bere justizia sistema baliatuta. Gurutzada berri horretan, gainera, zenbait agente kolaborazionistaren laguntza izaten ari da, tartean CCOO sindikatuarena, epaitegietan salatu baititu erakundeetan euskarazko zerbitzua bermatzeko hartutako neurriak. Makurra da oso herritarrengandik gertu beharko lukeen sindikatu batek jokatzea botere kolonialaren adar baten eran, eta salatzea herritar horiexen eskubideak bermatze aldera hartutako neurriak. Batzuek hala besteek sumindura eragin digute, ez baitira iritzi hutsa ematen ari, euskararen berreskurapenaren aldeko ahalegina funtsik gabe utzi nahi dute. Etsita nahi gaituzte.

Makurra da oso herritarrengandik gertu beharko lukeen sindikatu batek  [CCOO] jokatzea botere kolonialaren adar baten eran

Baina ez gaitzatela kikildu. Bilaka dezagun amorru hori indar eraikitzaile, aurre eginez eta aurrera eginez. Erantzuna indartu behar dugu, erasotzaileak seinalatuz, beraien pribilegioak salatuz, baita horien aginduak desobedituz ere. Beharrezkoa dugu erresistentzia jarduera biderkatzea, asimilazioari eta zapalkuntzari aurre egiteko. Bide beretik, eraso olde hau nazio kontzientzia suspertzeko baliatu behar dugu, zeren, euskaraz bizitzeko tresnei eraso eginez, eskubide demokratikoak zangopilatzeaz gain, gure identitate kolektiboa ere erasotzen ari baitira; izan gaitezen nor, horrek lagunduko baitigu harrapatu nahi gaituen amaraun uniformizatzaile espainolistatik askatzen. Eta, azkenik, premiazkoa da urtetan garatutako jarduerak eta ekimenak berritzea eta biderkatzea, bai sozialak bai legezkoak ere, euskarazko jardueraren lehentasuna ardatz hartuta lehenbailehen iristeko euskaraz bizitzera. 

Erreakzio eta aktibazio euskaltzalea indartzeko garaia da, geure hizkuntza eta kultura berreskuratzea baita deskolonizatzeko bidea, eta alderantziz. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin