Alde argitik begira

  • Gauzei nondik begiratzen diegun. Gerraoste betean jaiotako euskal filosofo eta pentsalariaren bizitzari, ibilbideari, testuei; segurtasunaren izenean zenbait sektore hartzen ari diren jarrera xenofobo eta arrazistei; euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea osatzeari; Baztango proiektu suntsitzaileari; frankismo betean euskarazko rock psikodeliko talde bat sortzeari; Bilbon euskaraz bizitzeko apustua egiteari; horri guztiari nondik begiratzen diogun, asko aldatzen da kontakizuna. Zapalkuntzaz edo erresistentziaz hitz egingo dugu. Zorigaiztoaz edo bizi nahiaz. Gauzei nondik begiratzen diegun. Argia Sarietan saritu dira erresistentzia, bizi nahia, adorea...

Goian, ezkerretik eskuinera: Elurre Iriarte, Beñat Iturrioz, Juanjo Iturrioz, Jose Iñurrita, Marije Bidaguren, Oskia Agirre, Goiaz Elgezabal, Ane Sarasua eta Xabier Eizagirre. Behean, ezkerretik eskuinera: Aritz Estibez, Eider Del Canto, Maitane Maritoren
Goian, ezkerretik eskuinera: Elurre Iriarte, Beñat Iturrioz, Juanjo Iturrioz, Jose Iñurrita, Marije Bidaguren, Oskia Agirre, Goiaz Elgezabal, Ane Sarasua eta Xabier Eizagirre. Behean, ezkerretik eskuinera: Aritz Estibez, Eider Del Canto, Maitane Maritorena, Aimar Lopez, Koldo Nausia, Oihane Puertas eta Haritz Azurmendi. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren Argia Sariak banatu dira pasa den urtarrilaren 30ean Usurbilgo Atxega Jauregian, eta bertan bildu dira euskal hedabideetako eta kulturako ehun bat lagun, baita azken urteetan protagonismo berezia izaten ari diren 50 urtetik gora ARGIAko harpidedun diren bidelagunak ere. Jarraian aipatuko ditugun sarituen izenez gain, aurtengo sorpresa izan dira Alaia Gaztelumendi sortzailearen garaikur berriak ere, Anton Mendizabali erreleboa hartu ondotik.

PRENTSA: 'Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi' ('jakin')
Ia ehun kulturgilek hartu dute parte Jakin aldizkariaren iragan iraileko zenbaki berezian. Joxe Azurmendi hil eta bi hilabeteko tartean egindako lanaren emaitza da pentsalariaren obraz egindako gogoeta kolektiboa. Batzuek idatziz eta beste batzuek irudi bidez ondu dute, denen artean, Jakin-en 269-270 zenbakia. “Erantzunak azkarra behar zuen eta formatuan izan genuen zalantza, baina emaitza ikusita jabetu gara hau zela bidea, monografiko koral moduko bat osatzea; argazki oso zabal bat atera nahi izan dugu, Joxeren dimentsioa irudikatzeko”, azaldu du Xabier Eizagirre Jakin-eko kideak. Ez da asmo horrekin sortua izan, baina pentsalariaren obrarako hurbiltze bat izan liteke zenbaki hau. “Euskal Herriko pentsalari nagusietakoa dugu Azurmendi, intelektualki erreferentzia garrantzitsua, baina gure herri, hizkuntza eta kultura minorizatuan transmisioak kale egiten du eta asko dira Joxe Azurmendi ezagutzen ez dutenak”, azpimarratu du eta jarraitu: “Oraintxe hasi dira bigarren hezkuntzan, zenbait lekutan, filosofian eta abar, Joxe Azurmendi aipatzen, pentsa”. Emaitzarekin “oso gustura” zeudela azaldu du Eizagirrek, baina errekonozimendu hau “harrotasunez” jaso dutela. “Maitasun handia dago aldizkari honetan, abaniko zabala edukiz eta egilez, gazte asko tartean, eta pista asko ematen ditu Joxeren obrara gerturatzeko”, amaitu du.

‘Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi’ (Jakin), prentsa saria. Ezkerretik eskuinera, Xabier Eizagirre eta Haritz Azurmendi. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

IKUS-ENTZUNEZKOA: 'Enarak' dokumentala
1970eko hamarkadan seminarista talde batek euskaraz abestutako rock psikodelikoa egiten zuen taldea sortu zuen: Enarak. The Beatles talde ezagunaren bertsio batzuk jotzen hasi eta Txindokiren magalean, Larraitzen, antolatutako “akelarrenainoko” ibilbidea izan zuten, denboran laburra eta protagonisten buruetan garrantzi handiegirik gabea. Orain Beñat Iturrioz film zuzendariak, Juanjo Iturrioz Enarak taldeko kide izanaren semeak, historiaren zati txiki horren dokumentazio lana egin eta ikus-entzunezkora ekarri digu. “Orain dela 50 urteko aita nor zen? Galderari erantzuteko hasi nuen ibilbide hau, Enarak zer izan zen ezagutzeko”, aitortu digu Iturriozek. "Taldearen historia ezagutzeko bide horretan ohartu naiz txikitik egindakoaren garrantziaz, edo garrantzi gehiegirik ez duten eta egunerokoan ematen ditugun pauso txiki horien guztien osotasunak egiten duela herrigintza, kultura eta herria”, adierazi du. “Inurri lan hori ez da, askotan, balioan jartzen; eta ez dut esan nahi zerbait handia izan zela esan behar denik, ez; txikitasun hori da baloratu nahi izan dudana dokumentalean eta horrexegatik da filma txikia, Enarak izan zen bezala, baliabide gutxirekin sortua”. Txikitasunak eraldatzeko duen garrantziari aitortza egin zaio sari honekin.

‘Enarak’ dokumentala, ikus-entzunezko saria: Jose Iñurrita, Beñat Iturrioz eta Juanjo Iturrioz. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

ENTZUNEZKOA: Antxeta irratia
Bizi ditugun garai hauek kazetaritza ausarta behar dute, ardi-larruz jantzitako otsoei  mozorroa kentzeko gai den kazetaritza, eskuin muturrak hauspoturiko diskurtsoei aurre egiten diena. Antxeta irratiko Koldo Nausiak eta Aimar Lopezek, taldeko kideen babesean, kazetaritza ausarta egitea erabaki zuten, auzokideen patruilak, segurtasunaren izenean, Bidasoa inguruan antolatzen hasi zirenean. “Publikoki egin zuten Whatsapp taldeetan sartzeko deia eta ni sartu egin nintzen”, adierazi du Nausiak. “Ikusita ze mezu arrazista eta xenofobo zabaltzen ari ziren, erakundeengana jo genuen modu arduratsuan; baina bestaldera begiratu zuten edo are, begirunez hartu zuten fenomenoa”. Publiko egitea erabaki zuten orduan eta tokiko hedabideak egindako ikerketa lanari esker bideo erreportaje bat zabaldu zuten, Bidasoatik kanpora ere, lau haizetara zabaldu dena. “Eskuin muturraren laborategiak dira patruila horiek eta ez dira gure eskualdera mugatzen, noski, leku gehiagotan ere sortzen ari dira antzekoak”, azpimarratu du Antxetako kideak. “Ikusi dugu jende bat gai honekin kezkatuta dagoela eta erakundeen jarrera kritikatu dute, baina gorroto diskurtsoak ere jaso ditugu eta sumatu dugu molestatu egin genuela bideoarekin”, dio.

Antxeta irratiak 25 urte beteko ditu aurten eta egindako eta egiten den lanaren errekonozimendua da sari hau: “Sendotu egiten gaitu proiektu modura eta bide onetik goazela erakusten digu”, amaitu du Nausiak.

Antxeta irratia, entzunezko saria: Koldo Nausia eta Aimar Lopez. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

INTERNET: Inguma datu-basea
14.000tik gora egileren, 48.000tik gora dokumenturen eta 220 erakunderen erreferentziak aurki daitezke klik batean UEUren Inguma datu-basean. Feminismoaz, ekonomiaz, historiaz, biologiaz, matematikaz, euskarari buruz... okurrituko zaizkigun jakintza-esparruetako milaka lanen erreferentziak daude bertan, 25 urteotan biltzen joan direnak. “Euskarazko produkzio zientifikoa bazegoen, baina bakoitza bere aldetik, barreiatuta, eta zerbait topatzea ez zen erraza, beraz, maila akademikoan euskaraz egiten dena biltzeko helburuarekin sortu zen Inguma, zainketaren ikuspegitik”, azaldu du Idoia Torregarai UEUko kideak. Argi-ilunak dituen gaia da, euskarazko produkzio zientifikoaren egoera, azken ikerketen arabera, ez baita ona; beheranzko joera nabari ei da. “Maila zientifikoan euskara ez da kontuan hartzen eta euskararen ingurukoa ez den ezer gutxi produzitzen da herri honetan euskaraz. Baina mende laurden honetan zehar sortu dugun datu-basea altxor bat da eta, oraindik ezkutuan badago ere, denon eskura dagoen altxorra. Irakasle, ikasle, komunikabide, herrigintzako elkarte... gai konkretu bati buruz euskaraz dagoena ezagutzeko hitza sartu besterik ez duzue egin behar!”, aldarrikatu du.

Herri honen garapen osasuntsu baterako beharrezkoa da euskarazko produkzio zientifikoa, ikerketa, dibulgazioa, eta bide horretan opari bat da Inguma. 

Inguma datu-basea, Internet saria. Ezkerretik eskuinera: Oskia Agirre, Goiaz Elgezabal, Marije Bidaguren eta Ane Sarasua. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

KANPAINA: Aroztegiko Elkartasun Komitea
Boterearen eta diruaren babesean sortu zen Aroztegiko proiektu suntsitzailea, eta proiektuaren aurrean planto egindako lagunek elkartasunaren babesean egin dute epaitegirainoko ibilbidea. Elkartasuna eta salaketa mimoz, eraginkortasunez eta kemenez antolatzeagatik eman zaio Aroztegiko Elkartasun Komiteari garaikurra. “Baztanen historikoki egon da auzolanerako joera eta gai honek denok ukitu gaitu, kolore guztietako jendea zegoen zazpi auzipetuen artean eta kolore guztietako jendea mugitu ahal izan dugu, hori da arrakastaren gakoetako bat; eta ausardiarekin jokatzea ere bai”, esan du Elurre Iriarte Bañez komiteko kideak. 
Baztanetik harago, Euskal Herriko txoko askotara iritsi da Aroztegiko proiektuaren gaia, epaiketaren injustizia eta epaituekiko atxikimendua. “Elkartasuna izugarria izan da eta lortu dugu kriminalizazioa gutxitzea, talde kriminaleko kide izatearen akusazioak kentzea; eta lortu dugu diot, badirudielako elkartasunak ez duela emaitzetan eraginik, baina bai baitauka”, azaldu du.
Dena den, azken sententziaren zain daude oraindik eta isunak ere hor daude. Beraz, igandean bertan, Argia Saria jaso eta bi egunera, diru-bilketa kanpaina jarri dute martxan: “Elkartasun uholdea aprobetxatuko dugu”, azpimarratu du Iriartek.

Aroztegiko Elkartasun Komitea, kanpaina saria: Maitane Maritorena eta Elurre Iriarte.  Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

MEREZIMENDUZKOA: Zenbat gara
Hizkuntza eta herri bat osasuntsu dagoenean, pentsaezina da toki horretan inor hizkuntza hori ikasten hasi eta lau pareten artetik ateratakoan, kalean, dendan, tabernan, anbulategian... inorekin hizkuntza horretan ezin aritzea. Hori zen euskararen eta euskaldunen egoera Bilbon duela 30 urte. Eta horri buelta eman nahian sortu zuten Zenbat Gara elkartea Gabriel Aresti euskaltegiko zenbait irakaslek, “euskaldunentzako erreferentziak eta, beraz, egoera errealetan mintzatzeko aukerak emateko helburuarekin”, azaldu du Jabi Zabala elkarteko kideak. “Etsigarria zen ikasle askorentzat, lotsagarria, euskaltegian euskara ikasi baliagarria zelakoan eta kalera ateratakoan ezin inorekin mintzatu”. 

Hiru hamarkadotan egindako lanaren emaitza da, Zabalaren arabera, aldaketa nabari dela Abandoko Done Bikendi inguruan, kultura munduan, aisian, gau-giroan, haurren munduan… “Lehen ez zeuden erreferentziak daude, eta euskarak duintasunezko erreferentzia du erdigunean, nahiz eta erdarak jarraitzen duen zentroa okupatzen”, adierazi du. 

Gaur egungo egoeraren aurrean argia da: “Hizkuntza politika sendorik egon ezean erdaldunak ez du ikusten euskara ikasteko beharrizanik. Bestalde, gizabanakoengan jartzen da erantzukizuna, eta neurri batean denok dugu ardura egunero euskaldun gisa bizitzeko, baina hizkuntza politika sendorik gabe, hizkuntza heroiak izatea eskatzen zaigu eta jendeak ez du zama horrekin bizi nahi”, dio Zabalak.

Larrialdiko alarma piztu da, baina Bilbon ez daude etsitzeko eta “sariak indarra ematen” diela esan dute, saria eskuetan, Aritz Estibez eta Eider Del Canto elkarteko kideek. 

Zenbat gara, merezimenduzko saria: Aritz Estibez eta Eider Del Canto. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

ARGIAren mezua: Jauzi bat egin nahi dugu

ARGAZKI GALERIA | Horrela izan dira 2026ko Argia Sariak

Kronika: Lau orduko burbuila

 


Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.