Agur promesak?

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Promesek, egun, ez omen daukate garrantzirik: antzinako kontuak baino ez dira? Proiektu asko egiten ditugu, baina promesa gutxi. Eta entzuten ditugunak ez dira sinesgarriak izaten. Pentsa, bestela, politikarien ahotik edo iragarkien leloetatik jasotako mezuetan. Engainu deliberatuaren garaian bizi al gara? Horixe da, behintzat, Marina Garcés-ek egindako diagnostikoa Promesaren denbora deituriko saiakera ederrean (Olatz Mitxelenaren itzulpen ederragoan).

“Ezin dizut hitzeman”, esaten dute bezeroaren arretarako zerbitzuetako ahots inpertsonalek. Nori erreklamatu? Zerbait bermatu nahi baduzu, aseguru bat kontratatu eta, baldintzak ez badira aldatzen behintzat, urte batzuetarako garantia izan dezakezu. Non geratu da, ordea, hitzezko konpromisoa? Konpromisoak, hitzaren jatorri etimologikoan, “promesa” eta “harremana” gordetzen ditu: com-promissum. Promesa bestearekiko maitasunetik, leialtasunetik, desiratik egiten da; ez interesengatik. Ez du “horrelakoa naiz” esaten, baizik eta “hemen naukazu”.

Emandako hitzarekiko konfiantzarik ez badago, ordea, susmoa eta gerra besterik ez zaizkigu geratzen

Nietzscheren aburuz, promesak denborarekin lotzen gaitu (memoria eta etorkizun desiragarria margotzen dituen heinean). Gurea, berriz, berehalakotasunaren eta iraungitze dataren denbora da: nola egin promes, ez badago etorkizunik? Agortu egin da Jainkoaren promes salbatzailea, ongizate estatuaren promes babeslea, hazkunde mugagabe eta zoriontsuaren promes kapitalista. Tamalez, promes faltsuek erakusten digute hitzak ez duela ezertarako balio.

Egun, marmar asko dago, baina hitz gutxi: ez al da horren adibide nabaria sare sozialetan dagoen zurrunbiloa? Emandako hitzarekiko konfiantzarik ez badago, ordea, susmoa eta gerra besterik ez zaizkigu geratzen. Eta, agian, hori dela eta jotzen dugu adimen artifizialera, solaskide bila aritu beharrean. ChatGPTri egindako kontsulten %70 gure bizitza emozionalaren ingurukoak omen dira. Baina nor ote da gure solaskide algoritmikoaren atzean dagoena? Adimen artifizialari adimen delegatua deitzen dio Marina Garcések: makinek erabaki dezatela gure ordez! Esango nuke hitza hartzea eta hitza ematea bestelako bide bat dela: hitzak datu solteak ez izateko eta elkarrizketa bat mantentzeko modua; hitzaren eta haren ondorioen subjektuak izatearen aldeko jarrera bat. Zinismotik aldentzeko eta hitzari indarra emateko ariketa. Elkarrizketa hori denborari lotuko gaituen ariketa bat ere bada: esan genuena, esaten ari garena eta esango dugunaren arteko lotura. Jarrai dezagun, beraz, elkarrizketan, irakurle… 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Gizartea
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.