Asteburuan Dabne kooperatibak egin duen lantegi batera joan naiz: “AArekin elkarlanean, noiz eta nola”. Lantegian adimen artifizialaren funtzionamendua erakutsi digute, hizkuntzaren erabilera antolatuaren (informazioaren) eta ezagutzaren arteko ezberdintasunak bereizteko moduak ulertu, eta adimen artifizial eredu ugari dagoela ikusi dugu, hala nola lizentzia libredunak eta zerbitzari lokaletan instalatu daitezkeenak.
Lantegian ohartu naiz gobernu faxistek, korporazio ustiatzaileekin elkarlanean, AA bidez munduan egin dezaketen kakazteaz. Kakaztea zuzentzeko, hezkuntza komunitatearen lana (gurasoak, eskola...) ez da beti nahikoa izango. Horregatik, zenbait eragile teknofeminista AAk sortzen ari dira, eremu digitalean dauden korporazioen negozio ereduetan eragiteko.
Batzuok badugu internet beste modu batean erabiltzeko aukera, edo ez erabiltzekoa. Beharbada, pribilegio horrekin bizi garenok ezetz esaten diogu AAri eta kito, bizi ditugun mundu txikiak kudeatzeko nahikoa baliabide kognitibo, kultural eta sozial dugulako. Kakazte horretatik eraginik pairatu gabe sartu-irten gaitezke. Badakigu, edo saiatzen gara behintzat, modu seguruenean eta neurrian internet erabiltzen. Kontsumitzaile hutsak ez izateko aukerak sortu ditugu. Baina bide hori egitea ez da begi-bistakoa, ezta erraza ere askorentzat. Eta emakume hauek hezkuntza formal, ez formal eta informalak kale egiten duten lekuetan eragiteko moduak bilatzen dabiltza. Badelako eremu digitalean ematen diren gorroto, bortizkeria eta adikzioak berenganatzeko bereziki zaurgarriak direnak, eta birusak bezala, dinamika horiek behin hartuta zabalkuntza bektore bilakatzen direnak. Gorrotoari loturiko jokabideak areagotzen dituzten negozio eredu digitaletan eragiteko, AAk sortzeko bideak hasi dituzte emakume hauek.
“Itakarako bidaiari ekitean bidea luzea izan dadila eskatu, abenturaz betea, esperientziaz betea. Ez beldurrik izan lestrigondarrei ezta ziklopeei (...). Ez dituzu aurkituko, zure arimaren barruan ez badauzkazu, ez baditu zure arimak zure aurrean jartzen”.
Odisea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.