Oiartzuarrak, lehen intsumisoak

Oiartzun XIX. mendearen hasieran, bertako konpainiaren matxinada ahalegina itzali eta urte batzuetara. Irudia:Pio Zuazua / Zumalakarregi Museoa
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Irun, 1793ko ekainaren 29a. Joakin Egia Narrosko markesak eskutitz bat bidali zuen Errenterian bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusietara: “Jose Ignacio Sorondo, Oiartzungo Konpainiako kapitainak jakinarazi didanez, bere konpainiako soldaduek dagoeneko armak eskutan dituzte eta, gaur bi hilabeteko zerbitzua bete izanaren aitzakiaz aztoratuta zeudenez, ahalegin guztiak egin dituen arren, ez du lortu soldaduak lasaitzea eta errespetuari eustea. Nire izenean bihar arte geldirik egon daitezen eskatzeko agindu diot, baina ez dakit lortuko ote zuen”.

Konbentzio Gerra betean (1793-1795), Frantziako armada oraindik Gipuzkoako lurretan sartu ez zen arren, Oiartzungo bailarak 100 soldaduko ekarpena egin zion foru ejertzitoari. Baina errekrutatzea ez zen erraza izan Hego Euskal Herrian, bereziki, mugatik gertuko Nafarroako eta Gipuzkoako herrietan. Izena eman zezaten diruz saritu behar izan zituzten gazteak; oiartzuarren kasuan, hiru erreal koarto jasoko zituzten egunean. Gainera, baldintza bat jarri zuten: beren jarduera probintziara mugatuko zen. Eta, hala ere, desertzioak gero eta ugariagoak ziren.

Banan-banako desertzioak ohikoak ziren garaian, halako ahalegin kolektiborik ez zen ordurarte egin. Egoeraren larritasuna ederki islatu zuen Narrosko markesaren eskutitzak

Baina Oiartzunen gertatutakoa haratago joan zen. Xose Estevez historialariak jaso zuen gertatutakoa Las matxinadas en Euskal Herria (s. XVI-XIX) (Matxinadak Euskal Herrian, XVI-XIX. mendeak) lanean, eta bertan dioenez, “gerra garaiko lehen intsumisio saiakera ezaguna” izan zen. Banan-banako desertzioak ohikoak ziren garaian, halako ahalegin kolektiborik ez zen ordurarte egin. Egoeraren larritasuna ederki islatu zuen Narrosko markesaren eskutitzak. Batzar Nagusiei eskatzen zien esateko zer jarrera hartu behar zuen matxinatuekin, “baita hemendik aurrera halako asmoak adieraziko dituzten gainerakoekin ere”. Garbi dago matxinada kutsatu eta zabalduko zen beldur zirela.

Batzar Nagusiek markesari eskatu zioten matxinada nortzuk piztu zuten jakitea eta zegokion bezala zigortzea. Baina azpimarratu zuten zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa zela, “bestelako ondorioak” saihesteko, hau da, matxinada ez hedatzeko.

Ez dakigu Narrosko markesak zer neurri hartu zituen, baina pentsa liteke Batzar Nagusiek beren helburua lortu zutela, Oiartzungo konpainiaren matxinadaren berri ez baitzen gehiago jakin. Hala ere, Xose Estevezen esanetan, “egoeraren aurrean inkonformismo larbatuaren zantzuak antzematen dira” lehen oiartzuar intsumiso haien ahaleginean. 


Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.