“Mediku nagusiek diote pazienteak garai batean ez zirela kontsultara orain beste etortzen”

  • Dermatologo da Tenerifen (Kanariar Uharteak), baina Durangon zen gabonetan, lantzean behin etxera egin ohi duen bisitan. Bost urte ere bai erbestean, eta medikuaz eta kirolariaz mintzatu zitzaigun, atzera airekoa hartu eta gure artetik urrundu aurretik.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Tenerifen [Kanariar Uharteak] ari zara mediku lanean, ikasketak EHUn egin eta gero. Zurea ere talentu ihesa dela diote.
Leioan eta Basurtun ikasi eta gero, Asturiasera (Espainia) joan nintzen BAME [Barneko Mediku Egoiliarra, MIR gaztelaniaz] azterketa prestatzera. Azterketaren emaitzen arabera hasten gara medikuntza ikasleok espezialitatea eta ospitalea aukeratzen. BAMEa egin orduko ez nekien zer espezialitate aukeratu, baina Covid-a agertu zen eta hilabete asko izan nituen erabakitzeko. Youtube-n ere hainbat bideo daude, eta berton, hainbat medikuk bere espezialitatea zertan den esplikatzen dute. Nik bideoak ikusi nituen, gure amama Natalik ere bai, eta berak esan zidan dermatologiarena. 

Amamak esanda ari zara dermatologia ikasten? Zenbat urte zituen amama Natalik?
Laurogeita hamar urtetik gora! Baina konfinamendua etorri zenez, nahi beste denbora izan zuen bideoak ikusteko. Eta denak ikusi zituen! Eta ez ziren laburrak ere! Amamak esan zidan berari iruditu zitzaiola pozena dermatologoak bizi zirela. Nik dudak nituen, baina hurrena dermatologo batekin berba egin nuen, eta konbentzitu egin ninduen. Horrela, dermatologia egingo nuela erabakia nuenean, eta espezialitatea aukeratzeko txanda heldu zitzaidanean, Euskal Herrian ja ez zegoen dermatologia plazarik. Orduan, Tenerifera joatea erabaki nuen. 

Ez Bilbon, ez Donostian, ez Gasteizen tokirik ez zenuen izan.
Ez. Hemen ez dago plaza askorik ere, eta niri txanda etorri zitzaidanean, denak beteta zeuden. Dermatologo hark, berriz, esan zidan Tenerifeko ospitalea ondo antolatuta dagoela, han ondo lan egin ahalko nuela. Horrekin batera, Kanarietan eguraldia ere ederra da beti, eta horrek kirola egiten ere asko laguntzen du. Eta hara joan nintzen.

Zu, izan ere, kirolaria zara, triatloilaria, eta ez nolanahikoa. Alegia, txapelketak ere irabaziak dituzula.
Bai. BAMEa prestatzen ari nintzen garaian karrera batzuetan parte hartu nuen, eta batzuk irabazi nituen. Europako Txapelketa ere irabazi nuen, duatloian, Errumanian, 2019an. Esan gura dut, kirola egiteko modua izatea ere Tenerifera joateko arrazoia izan nuela. Eta kirola egin dut, baina unibertsitateko azkeneko urteetan Leioan eta Basurtun egon nintzenean baino gutxiago –eta Asturiasen baino gutxiago ere bai–, ze orduan ikaslea nintzen eta, orain, berriz, lanean ari naiz. Nahita ere, ez daukat orduko denborarik. Baina zer edo zer egiten dut.

Bost urte ere bete dituzu Tenerifen, baina etxera itzultzeko asmotan zaitugu.
Pare bat urte barru-edo. Han ez daukat plaza finkorik, eta, hemen, berriz, lana badago. Plazak beteta zeudelako joan nintzen kanpora. Beste espezialitateren bat hartu izan banu, berton lan egin ahalko nuen, baina derma aukeratu nuen, eta derma-n laster amaitzen dira plazak. Batetik, plaza gutxi daude hemen eta, bestetik, denek gura dute derma egin. Modan dago. Baita kirurgia plastikoa ere.

Horixe ez nekizun. 
Bai, bada! Derma-n ez dago zaintzaldiak egin beharrik, mediku dermatologoak beti bere etxean egiten du lo. Askorentzat gauza handia da hori. Bestalde, sistema pribatuan ere hortxe dago. Ospitale publikoan lanik ez dagoenean ere, pribatuan beti dago lana, izan Espainian, izan Europan. Hori ere aukera bat da.

Zaldi Ero / Argia CC BY-SA

Espezialitatea aukeratzeko arrazoietako bat da, beraz, medikuaren bizimodua izan zenuen: zaintzaldirik-eta egin behar ez izatea. 
Bai. Anatomia patologikoa, derma, alergologia… espezialitate batzuetan zaintzaldirik egin beharrik ez dago, eta jendeak hori gura du. Gehienek, behintzat, ze batzuek zaintzaldiak egiteko eragozpenik ez dute. Betikoa, batzuei gaupasa egitea gustatzen zaie eta, beste batzuk, berriz, lo daude ordu bata orduko! Ginekologia edo obstetrizia egiten dutenek ere zaintzaldiak egin behar izaten dituzte, eta ez dute deskantsurik. Polizia batek, edo suhiltzaile batek, egun bateko zaintzaldia egin, eta libre dauka aste osoa. Medikuak, ez: medikuak egiten du bere lana goizean, segitzen du arratsaldean zaintzaldian, segitzen du gauean, eta hurrengo goizean pazienteak ikusi beharko ditu. Etxera joango da, hurrengo eguna deskantsatzeko izango du, eta segi berriz ere lanera. Bizimodu gogorra da hori.

Egunean zenbat paziente ikusten dituzu kontsultan?
30 eta azkar egin behar izaten dut lan, bestela ezin da hainbeste jende artatu egun baten. Hala ere, nire kasuan, paziente askoren kontsultak errazak dira, azkarrak: orban bat-edo ikusi larruazalean, eta momentuan dakizu ona den edo txarra den. Besterik da kasua konplikatua denean. Esate baterako, Europa iparraldeko jendea oso zuria da, eta azaleko tumorearekin etortzen dira kontsultara. Turistak dira, etortzen dira Tenerifera, etzaten dira hondartzan, erredurak dituzte, eta, jakina, handik urteetara azaleko tumorea! Askoren kasua da hori. Euskal Herrian ere badira larruazaleko tumore kasuak, gutxiago, baina badira, hemen ere oso larruazal-zuriak gara eta. 

Beldurra ere ematen du tumore hitzak.
Baina, normalean, azalekoa bada, operatu eta kito, kirurgia baino ez da behar. Tumorea txikia bada, batzuetan nahikoa da krema ematea. Ez eguzkitarako krema betiko hori, ordea, lesioa espezifikoki sendatzeko krema berezia baino; kimioterapia topiko bat, gura dut esan. Baina egia da tumorea konplikatuagoa denean, zailago dela sendatzen, eta beldurra ere ematen duela.

Eguzkia etsai dugu...
Eguzkia, eta genetika. Hiru tumore mota dira derma-n. Melanoma da tumore txarrena, eguzkiak baino gehiago norberaren genetikak eragiten duena. Beste tumoreak dira kartzinoma basozelularra eta kartzinoma eskamosoa. Hauek biak bai, eguzkiak eragiten ditu, eta kirurgia bidez osatzen ditugu. 

"'Derma'-n ez dago zaintzaldiak egin beharrik, mediku dermatologoak beti bere etxean egiten du lo. Askorentzat gauza handia da hori"

Zer diozu medikuak bizi duen estresaz?
Egunean hainbat jende ikusi behar izaten dugu, eta hori bada estresagarria. Bestalde, itxaron zerrenda ere oso handia da. Gure ospitalean, pazienteek urte eta erdi, bi urte itxaron behar izaten dute espezialistak ikusi orduko. Lehen arretako medikuak askoz lehenago ikusten ditu gaixoak, jakina. Itxaron zerrenda handiari dagokionez, horri kontra egiteko, arduradunek gero eta paziente gehiago jartzen dizkigute egunero kontsultan...

Medikua bera gaixotu arte.
Bai. 

Mediku gehiago izatea, edo gehiago kontratatzea, da soluzioa?
Alde batetik, bai. Beste aldetik, berriz, etorri behar ez duen jende asko etortzen da kontsultara. Hori ere bai. Horixe gertatzen da dermatologian, larrialdietan eta beste hainbat espezialitatetan. Lehen mailako arretan, oraindik eta gehiago, seguruena. Beharrezkoa da jendearen heziketa, eskolan eta etxean ondo erakustea, medikuarenera noiz eta zertara joan jakiteko. Gazte asko, esate baterako, txorakeriekin etortzen dira, ez dira benetako gaixotasunak, edo artatu behar den ezer. Adinekoak, berriz, benetako gaixotasunak dituztelako etortzen dira. 

Paziente askok premiarik gabe jotzen dutela medikuarenera, alegia.
Jende asko hipokondriakoa da! Zera txiki bat, eta medikuarenera! Askotan ez da beharrezkoa. Ni derma-ko esperientziatik ari naiz, Tenerifetik, baina hemengo dermatologoekin berba egin, eta gauza bera esaten didate. Eta mediku nagusiekin, adinekoekin, berba egin, eta horixe esaten dute, pazienteak garai batean ez zirela kontsultara orain beste etortzen. Gaur egun, berriz, edozein aitzakiarekin datoz dermatologoarena.

Zertan da medikuaren estatutua? Greba deialdia ere egin zuten abenduaren 9tik 12ra...
Askorik ez dakit, inguruko lankideek-eta esandakoa besterik. Besteak beste, egiten ari diren negoziazioetan medikuek ere presente egotea eskatzen dute, eta hori ondo ikusten dut.

Zergatik ez dute medikuek erizainek duten indarra, adibidez?
Erizainak asko direlako, sindikatuta daudelako, eta gogor lan egiten dutelako sindikatuko lanean. Medikuen artean, berriz, gutxi dira sindikatu batean afiliatutakoak. Medikuok geure lanean ari gara, eta ez gara beste ezertaz enteratzen. Beti ari gara estudiatzen, nobedadeak aztertzen, gauzak egiteko modu berriak zertan diren jakin nahian. Kongresuetara joan, eta beti daude gauza berriak. Eguneratuta egoteko, derrigorra da medikuen batzar horietara joatea. Ez aspertzeko ere, oso modu interesgarria da eguneratuta egotea. Medikuok geure lanean, eta erizainak, berriz, lanean eta beren eskubideen alde borrokan. 

Medikuen maila bera eskatzera ere iritsi dira zenbait erizain…
Erizainek guk baino ardura gutxiago dute pazientearen gainean, gure ezagutzak ere ezberdinak dira. Kontua ez da medikuak erizainak baino inportanteagoak edo beharrezkoagoak direla esaten ibiltzea, lan ezberdina egiten dugu-eta. Unibertsitateko ikasketak ere ezberdinak ditugu.

"Etorri behar ez duen jende asko etortzen da kontsultara. Hori ere bai. Horixe gertatzen da dermatologian, larrialdietan eta beste hainbat espezialitatetan"

Ohi denez, goizeko zortzietatik arratsaldeko hiruretara egiten duzu lan…
Bai, Tenerifeko Santa Cruzeko ospitalean. Arratsalde batzuetan, kirofanoko lana izaten dut. Eta astean behin, arratsaldez, ospitale pribatuko lana. Hilean zortzi-bederatzi aldiz, hegoaldeko ospitale batera ere joan behar izaten dut, baita zenbait osasun zentrotara ere, espezialista kontsulta pasatzera.

Esan nahi dut, kirola egiteko leku egokia zelako ere aukeratu zenuela Tenerife...
Eta egiten dut. Goizean lan, eta arratsaldean kirola, pribatuan lan egiten dudan arratsaldean izan ezik. Triatloia entrenatzen segitzen dut, baina lehen baino askoz gutxiago: osasunari eusteko beste-edo! Kar, kar… Astelehenean igeri egiten dut, igerilekuan; udan, itsasoan. Astean behin edo bitan, korrika. Beste behin, gimnasiora joaten naiz, indarra ere landu behar izaten da eta. Gainerakoan, bizikleta, eta hilean behin-edo, surfa, olaturik baldin badago, behintzat. Horrela nabil.

Zaldi Ero / Argia CC BY-SA

Lagunik egin duzu Tenerifen?
Bai, kirolaren bidez. Izan ere, kirolariok beti jotzen dugu elkartzera, taldea osatzera, modu horretara askoz errazagoa da-eta bizikleta hartu eta entrenatzea, edo korrika irtetea. Egia esanda, lagun gehiago egin ditut Tenerifen kirolaren bitartez, lanaren bidez baino. Bestalde, kontuan hartu behar da han eguraldi bera dugula beti, eguzkia. Neguan eguraldi freskoago egiten du udan baino, baina beti da eguzkia. Horregatik ibiltzen dira han hainbeste ziklista profesional ere, neguko entrenamendua egiten.

Nola bateratu dituzu lana eta kirola?
Ahal izan dudan moduan! Kanarietara joan nintzenean, kirol maila altua neukan, aurretik ikasten egon nintzelako eta entrenatzeko hainbat denbora eduki nuelako. Tenerifera etorri eta berdin entrenatuko nuela pentsatzen nuen, baina lanean hasi nintzen, mediku egoiliar, eta zaintzaldiak ere egin behar izan nituen. Azkenean, lesionatu egin nintzen, eta orduan ezin izan nituen bateratu lana eta goi mailako kirola! Uste dut faktore asko izan zirela. Esate baterako, Tenerife leku berria zen niretzat, eta, bestalde, hemen, Durangon, gurasoen etxean bizi nintzen. Hara joan, eta etxebizitza berria, erosketak norberak egin behar, jatorduak ere bai. Eta, batez ere, lana!

"Hasten gara lanean, eta besterik ez balego bezala bizi gara. Batzuetan, ahaztu egiten zaigu ondo lo egitea, ondo jatea, kirola egitea. Hiru gauza horiek inportanteak dira"

Zaintzaldiak egin zenituela esan duzu, baina hori ez zen zure asmoa.
Ez, baina Tenerifera joan nintzenean, lehenengo urtean, egoiliar nintzela, egin behar izan nituen, han bai derma-koek eta bai barneko medikuek ere egin behar izaten dituztelako. Zaintzaldietan mediku nagusi bat gurekin zen beti, laguntzen, baina, hala ere, guk gau osoa ospitalean eman behar izaten genuen. Eta handik irten, apur bat deskantsatu, eta entrenatzen hastea, larregi izan zen. Lesionatu egin nintzen. Lehenengo, hankan hartu nuen min, estresaren metatartsoa izan nuen, gainkarga, deskantsatu barik entrenatzeagatik. Osatu nintzen, baina, harrezkero, lasaiago entrenatzea erabaki nuen. Moldatzen naiz, baina ez naiz lehen beste entrenatzeko gauza.

Durangon izan zaitugu gabonetan, baina Kanariar Uharteetan izango zara elkarrizketa hau argitaratzen den orduko. Azkeneko galdera: bi urte barru Euskal Herrian izango zaitugu lanean?
Etortzeko erabakia hartuta daukat, baina ez dakit noiz etorriko naizen. Han, kanpoan, ondo nago, gelditzea ere ez dut baztertzen, baina, oraingoz, berriro Euskal Herrira etortzea pentsatzen dut:  hemengoa naiz, hobeto moldatzen naiz hemen, hementxe dauzkat lagunak eta familia. Etorri nahiko nuke, etxea erosita eta lana non egin pentsatuta. Bitartean, hango bizimodua aprobetxatzen ari naiz.

                                                                                 *          *          *

Hizkuntzak

“Tenerifen, bertokoak dira paziente gehienak. Hala ere, irlaren hegoaldeko ospitale batera ere joan behar izaten dut hilean hainbat bider, eta han denak dira atzerritarrak: ingelesak, alemanak edo frantsesak, gehienbat, nahiz eta italiarrak eta errusiarrak ere badiren. Ez dakite euren hizkuntza baino, eta batzuk ‘itzultzailearekin’ etortzen dira kontsultara: telefono bidezko aplikazioa da euren itzultzailea. Beste batzuek, berriz, batere gabe etortzen dira, seinalatzen dizute orbana larruazalean, eta badakizu zertara etorri diren”.

Osasuna

“Uste dut orain garai batean baino gehiago zaintzen dugula geure osasuna, baina ez askorik ere. Hasten gara lanean, eta besterik ez balego bezala bizi gara. Batzuetan, ahaztu egiten zaigu ondo lo egitea, ondo jatea, kirola egitea. Hiru gauza horiek inportanteak dira. Sasoian egonez gero, Hiru Handiak korrika egitea, edo urtean ironman bat, ondo iruditzen zait, gero errekuperatzeko denbora baldin badaukazu. Ni, hala ere, mendian oinez ibiltzen naiz. Korrika, asfaltoan”.

AZKEN HITZA

Dermatologoarena

“Lehenengo, eguzkitik babestu: jantzi txapela eta erabili kremak. Ez egon eguzkitan etzanda eguerdiko ordu bietan. Tenerifera etortzen diren atzerritarrek ere badakite hori, baina beren herrialdean halako eguzki falta dute, heltzen dira Kanarietara, etzaten dira hondartzan, eta hantxe egoten dira azkeneko segundora arte aprobetxatzen, erretzen ari direla konturatu barik!”.

 


Medikuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.