Eskolaren aurkako eraso neoliberala

DOM CAMPISTRON
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gauza batzuk kontatu nahi nizkizuen, hezkuntzan gertatzen ari dena ulertzeko lagungarriak izan zitezkeelakoan. Baina, egia esan, askotan kontatu dira dagoeneko. Adibidez, Rosa Cañadell-ek bikain azaldu zuen duela urte batzuk Hezkuntza publikoaren aurkako eraso neoliberala izenburuko artikulu batean. Orobat, Eduardo Luque-k eta Pilar Carrera-k ederki idatzi dute gaiaz, beren liburuaren tituluak adierazten duenez: Tontoago nahi gaituzte. Eskola, ekonomia neoliberalaren arabera. Bi irakurgai oso gomendagarri, eragin handirik izan ez duten arren (nire ustez, salatu duten horrek eragin erradikala beharko luke izan, borroka atseden gabean sartu behar gintuzke, hezkuntza-sistema jasaten ari den oldarra gelditu eta bere funtzioa berreskuratu arte).

Egile horiek ekarri ditut hizpidera, askotan aipatzen diren beste batzuk baino ezezagunagoak direlako eta, baita ere, pedagogia arloan prestakuntza itzela eta titulu anitz dituztelako. Seguruenik, inkontzienteki neure burua babestu guran egin dut, sare sozialetan jasotzen hasi naizen kontrako iritzi –esan dezagun– apurtxo bat iraintzaileen aurrean, hezkuntza-aditu batzuen partetik, ideia jakin batzuk defendatzeagatik. Batek isiltzea eskatu dit eta nire klaseak segur aski izugarri txarrak direla iradoki du, izutu egin nauena (ohar mentala: neure burua zentratu behar dut, eztabaida ez baita ea nire eskolak onak edo txarrak diren –ziur izugarriak direla, ikararen emotikonoa txertatu hemen–, baizik eta zein diren hezkuntza sistemaren zerizana eta helburua; ai ama, ez dakit lortuko dudan). Horregatik, oraingoan ados egotera mugatuko naiz, oso labur aipatu egileek azaltzen dituzten ideiak defendatuz. (Dena adituen baimenarekin, apalki gogoratuz exekutibo agresiboak barik, pertsona ikasiak direla. Gainera, ni ez bezala, irakasle apartekoak dira).

Hezkuntza erreformek irakaskuntza emantzipaziorako tresna izateari uztea bilatzen dute, eta merkatura bideratutako salerosgai bihurtu

Bada, aipatu autoreen arabera, nazioarteko hezkuntza politika 1990eko hamarkadatik hona birdefinitzen ari da, kapitalismoaren beharretara egokitzeko. Enpresa-balioek ideal humanistak ordezkatu dituzte, eta hezkuntza zerbitzu errentagarri bilakatu. Neoliberalismoak konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren sustapena ekarri digu, Munduko Bankua bezalako erakundeen esku-hartze gero eta handiagoarekin batera, hezkuntza politikak euren beharrizanen arabera moldatzea lorturik. Hezkuntza erreformek irakaskuntza emantzipaziorako tresna izateari uztea bilatzen dute, eta merkatura bideratutako salerosgai bihurtu, jakintza praktikoa eta errentagarritasun ekonomikoa lehenetsita, ezagutza sakonaren gainetik (pentsamendu kritikoa izena merezi duen zerbait ezartzeko gauza den bakarra).

Antza, herritarrok ez dugu geure burua hezi behar kultuagoak eta, ondorioz, manipulatzeko zailagoak izateko: geure buruan inbertitu behar dugu, Pantomima Full estiloko ekintzaileen parodietan lez. Autoreok eta beste askok hezkuntza-globalizazioak teknologiarekiko gehiegizko menpekotasuna ezarri duela salatu dute, baita irakasleen prekaritatea ere. Paradigma-aldaketa honek gizarte otzanagoa sortu nahi du, korporazioen interesetarako funtzionalagoa, hezkuntza- eta kultura-maila sakrifikatuz lehiakortasunaren alde (onartuko didazue intelektualki izugarri pobretu diren entzuleek bakarrik jasan ditzaketela galaxiako jabearen hitzaldiak). Neu ere analisiari nire baratzeko baratxuriren bat gaineratzen saiatu naiz liburu batean, baina hobe duzue ez irakurtzea! Nire klaseak txarrak direlako susmoa bota duen adituaren arabera onartezina da saiakera (beste hitz bat erabili du, baina ez dago hiztegian). 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia pedagogiak Gizartea Hezkuntza
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.