Euskal prentsako argazkilaritza, itzaletik argira

  • “Inportanteena ez da kamera, inportanteena begia da”. Alfred Eisenstaedt fotokazetari ezagunaren esaldia da. Euskal prentsan azken 50 urteetan argitaraturiko irudietan ere hamaika argazkilariren begirada suma liteke kameraren bestaldean. ARGIAk 100.000 argazkitik gora ditu bilduta bere Fototekan, eta laster publiko egingo du historia bisual hori sarean, sortzaile horien lana itzaletik argira ekartzeko asmoz. 

Askatasunaren Ibilaldia 1977an. Lau zutabe abiatu ziren Agurain, Gernika, Lodosa eta Zarauztik Arazuriraino, eta horrelako irudi indartsuak hartu zituzten orduko argazkilariek. Argazkia: Arturo Delgado / ARGIA Fototeka
Askatasunaren Ibilaldia 1977an. Lau zutabe abiatu ziren Agurain, Gernika, Lodosa eta Zarauztik Arazuriraino, eta horrelako irudi indartsuak hartu zituzten orduko argazkilariek. Argazkia: Arturo Delgado / ARGIA Fototeka
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1976ko azaroaren 25ean, Donostiako tren geltokia jendez mukuru zegoen Madrildik zetorren Talgoa noiz iritsiko. Tren barruan, Karmen Antia, euskal presoen Segoviako ihesa prestatzen lagundu zuelakoan hilabete batzuk lehenago Yeseriasen espetxeratu eta egun horretan libre geratutakoa. Bere semea, Montxo Martínez Antia, 1975eko irailean hil zen Poliziaren eskuetan –bertsio ofizialak esan zuen suizidatu egin zela, baina senideek beti gezurtatu dute hori. eta biktima bezala aitortzeko exijitu dute berriki–. Amnistia osoaren aldarrikapena borborka zegoen une hartan, eta Antiaren ongi etorriak karga emozional ikaragarria izan zuen: “Presoak kalera!” oihuak, Aupa gizona kantaren doinuak, irribarreak, garaipen ikurrak esku goran... Arturo Delgado (1923-1995) argazkilariak eszena hori izoztu zuen bere kamera barruan.

“Arturo Delgado argazkilari bikaina zen, profesionala aspalditik, eta erabateko bohemioa. Argazki-makina beti gainean eramaten zuen, kalean zer-suma. Argazki benetan onak argitaratu zituen ARGIAn”, hala azaldu digu garai haietan aldizkarian hasi berria zen Elixabete Garmendia kazetari beteranoak. Donostiako geltokian ateratako argazki horiek ere publikatu ziren, Pilar Iparragirrek Antiari egindako elkarrizketa eder bat janzten. 

Donostiako geltokian Karmen Antia aske utzitako presoari harrera 1976an, esku goran garaipen ikurra egiten. Argazkia: Arturo Delgado / ARGIA Fototeka

1970eko hamarkadan, Frankismoaren amaierarekin batera, fotokazetaritzak susperraldia izan zuen. Baina erregimenaren zentsuraren ondorioz zaila zen disidentzia usaina zuen ezer argitaratzea, eta askok nazioarteko prentsara bidaltzen zituzten euren argazkiak. 

Bide hori egin zuen Manel Armengol argazkilari katalanak ateratako argazki batek. Bigarren eskuko Canon zahar batekin hartu zuen Bartzelonan, 1976ko otsailaren 1ean, amnistiaren aldeko manifestazio batean: Poliziak kolpeka ekin zion Sant Joan pasealekuan lurrean zegoen jendearen aurka, eta gizon heldu batek eskuak burura nola eramaten dituen ikus daiteke, ke-poteen lanbro artean. Frankismoaren errepresioa erakusten duen irudi ikoniko bihurtu zen. “Orduan ez nintzen kontziente zuen garrantziaz”, azaldu dio 50 urte geroago Sapiens aldizkariari. Armengol La Hoja del Lunes egunkarian zebilen praktikak egiten, baina hor ez zioten argitaratu nahi izan, eta azkenean aireportura joan eta argazkiak New Yorkera bidali zituen pasaiari batzuen maletan sartuta. Egun batzuk geroago The New York Times-ek zabaldu eta irudiak munduari bira eman zion.

"Arturo Delgado argazkilari bikaina zen, profesionala aspalditik, eta erabat bohemioa. Argazki-makina gainean eramaten zuen, kalean zer-suma. Argazki benetan onak atera zituen ARGIAn”

(Elixabete Garmendia, kazetaria)

Garai bertsuan, Nafarroako ospitalean, Javier Yaben sindikalistak balio handiko beste argazki batzuk atera zituen, Patxi Zabaleta abokatuaren laguntzarekin: Anparo Arangoa leitzarrari guardia zibilek egin zizkioten torturen frogak. Baina kasu honetan argazkiek ez zuten lehenik atzerrira bidaiatu, Zeruko Argia-n publikatu zituzten, koloretan eta tirada handi batekin. Erabaki ausarta izan zen, beldurraren garaiak aldatzen ari ziren seinale.

Geroztik, euskal prentsan argazkilaritzak ibilbide luzea egin du hamaika argazkilaren eskutik, milaka argazkiz osaturiko azken hamarkadetako Euskal Herriaren historia bisuala osatu ahal izateraino. Garai politiko nahasietako manifestazioak, ekitaldiak, protesta sozialak, ehunka pertsonaiari egindako erretratuak... ARGIAk bere artxiboan duen ondarea digitalizatu eta Fototeka batean bildu du online, jendeak eskura izan dezan.

1976ko otsailaren 1ean Bartzelonako Sant Joan pasealekuan, polizia frankista amnistiaren aldeko manifestariak kolpatzen; irudiak munduari bira eman zion. Argazkia: Manel Armengol

Leicaren iraultza  

Louis Daguerrek 1839an dagerrotipoa asmatu zuenetik, argazkigintzak berrikuntza teknologikoen eskutik eboluzionatu zuen. Esposizio tarteak arindu ahala, argazkiak ateratzeko denborak murriztuz joan ziren, eta horrekin batera argazkien funtzioa aldatu zen. Hala, XX. mendea iristerako, egunkariek argazkiak normaltasunez eskaintzen zituzten euren orrialdeetan. 

Baina mugarririk izan bada, hori 1925ean Leica kameraren etorrera izan zen. Txikia eta eramangarria zenez –35 milimetroko zabalerako bobina zuen– aukera ematen zuen irudi dinamikoak hartzeko eta unean-uneko gertaerak jasotzeko. Iraultza izan zen fotokazetaritzarentzat. Ernö Andrei Friedmann zein Gerda Taro –biek sinatzen zuten Robert Cappa pseudonimoarekin–, Henri Cartier-Bresson eta beste askoren lana, kamera horri zor diogu.

Euskal Herrian, Pascual Marin argazkilari tuterarra izan zen Leica erabiltzen lehenengoetakoa 1930eko hamarkadatik aurrera. Donostian bizitzen jarri zenean, hiriko hamaika ekitaldi jaso zituen bere lentearekin, eta funts hori guztia Kutxaren fototekan ikus daiteke orain. Geroago, Antton Elizegi, Sigfrido Koch eta beste argazkilari batzuk ere eguneroko bizitza erretratatzen hasi ziren, orain ikuspegi antropologikotik, orain inpresionismoaren eraginpean. Baina, akaso, euskal prentsako argazkilaritzaren aitzindarietako bat Luis Otaegi (1952-1991) hartu dezakegu. 

1979an Tuteran nuklearren aurkako martxa batean guardia zibilek hildako Gladys del Estal militante ekologistaren hilkutxa hilobian sartzeko unea, Donostian, bere gurasoak begira daudela. Argazkia: Txema Ormazabal / ARGIA Fototeka

Artistikoki pertsona jantzia, Otaegik beste aire bat eman zion argazkilariaren lanari 1970eko hamarkadan. Garai haietan gehienak amateurismoan zailtzen ziren bitartean, berak Nueva Lente aldizkari abangoardista izan zuen iturri. Hainbat hedabidetan kolaboratu zuen, baita Zeruko Argia-n ere, esaterako azaletarako collageak egiten,1980ko egutegirako argazkiak ateratzen, eta kaleko errepresioa kamerarekin jasotzen, Poliziaren amorrurako: “Behin atxilotu egin zuten eta juezaren aurrera eramatean harriz betetako poltsa handi bat jarri zioten ondoan faltsuki: ¡Eso estaba echando! (Hori ari zen botatzen) esan zuten”, gogoratzen du bere lankide ohi Txema Ormazabalek.

Trantsizioko urte horietan argazkilaritzan bete-betean aritu zen Ormazabal, eta berari ere suertatu zitzaion behin baino gehiagotan atxiloturik amaitzea: “Poliziek, nahiz eta gu ezagutu, gure kontra egiten zuten. Oraindik ez zituzten prentsarentzako besokoak atera, Espainiako armarriaren irudia zuten horiek... Baina besokoa edukita ere, lehenengo jo egiten zuten”, dio donostiarrak. Aitak etxean zuen kamera zahar batekin atera zituen lehen argazkiak, lagunekin mendira joatean. Halako batean, norbaitek esan zion Zeruko Argia-n bazegoela beharra, eta horrelaxe hasi zen freelance moduan.

Leicaren lehen serieko kamerak argazkigintzaren historia aldatu zuen.

Magazine itxura izatera

1976. urtea “Euskal kazetaritzaren urtea” izendatu zuten. Aldaketa urtea izan zen Zeruko Argia-rentzat, egunkari formatu handia utzi eta magazin modernoen itxura hartu zuelako –Anaitasuna hamabostekaria ere aurpegi berriturik kaleratu zuten–. Horrela, Lemoizko zentral nuklearreko koloretako irudi batekin zabaldu zuen lehen azala euskal astekari dekanoak. Iruñeko Gráficas Navasal enpresan inprimatzen zen orduan eta Elixabete Garmendia astero joaten zen frogak zuzentzera. Azaldu duenez, barrualdeko argazkiek oraindik ez zuten gehiegi “luzitzen”, izan paperagatik edo inprimatzeko moduagatik, eta horregatik argazki onenak kontrazalerako uzten zituzten, Lazkao Txikiri Donostian Anoetako Belodromoan Bertsolari Egunean egin zitzaion omenaldikoak, kasu. “Bada garai horretako beste argazki bat, ez bereziki ona, baina bai gaur egun bitxia gertatzen dena: Jorge Oteiza zigarroa pizteko ahaleginean”, gogoan du Garmendiak. 

“Poliziek nahiz eta gu ezagutu, gure kontra egiten zuten. Oraindik ez zituzten prentsarentzako besokoak atera, espainiar ezkutua zuten horiek... Baina besokoa edukita ere, lehenengo jo egiten zuten”

(Txema Ormazabal, argazkilaria)

Kulturako zein politikako aktualitatearen berri ematen zuen erreferentziazko medioa bihurtu zen Zeruko Argia, eta horretarako kolaboratzaile sare sendoa zuen, tartean argazkilariak: Arturo Delgado, Pello Loubet, Philipe Etxeberri, Txema Ormazabal, Luis Otaegi, Luis Mitxelena, Koldo Aretxaga, Tomas Arozena.... Gazteagoak ausartago aritzen ziren kalean, betiko argazkilariak edo plumillak –kazetariei horrela deitzen zieten– baino, Ormazabalek dioskunez; berak bazekien non gertatuko ziren protestak, “mobidan" zegoelako. Hori da euskal prentsako argazkilaritzaren beste gakoetako bat: inplikazioa.

Teknikoki ere gauzak desberdinak ziren. Orain klik batean bidaltzen dena lehen wirephoto izeneko fax itxurako makina konplikatu batekin egin behar zen kable bidez, “orratza argazkiaren gainetik pasata”, dio Ormazabalek. Aldizkariko azalak egiteko normalean diapositibak erabiltzen ziren, kalitate handiagoa ematen zutelako, baina bestela negatiboekin egiten zuten lan, txuri-beltzean: “Argazkiak azkar errebelatu behar zirenez, batzuetan dirua galtzen genuen, karrete osoa ez genuelako amaitzen”. Hori saihesteko, negatiboak metroz hasi ziren erosten eta beraiek muntatzen zituzten neurrira. Baina kalkulua ez zen batere erraza. Errebelatzeko, berriz, berak gela-ilun bat prestatu zuen etxeko komunean, izan ere, oraindik oso gutxi ziren beren laborategiak zituzten egunkariak. 

Prekarietate hori garaiko ezaugarria izan zen, 1980. urtearen bueltan euskal prentsa krisi betean sartu baitzen; aldizkari ugari itxi zituzten eta ARGIAk –Zeruko izateari utzita– ere gorriak ikusi behar izan zituen. Baina aurrera atera zen, Joxe Mari Ostolazak eta Joxemi Zumalabek gidatuta hasiera batean, eta hurrengo hamarkadan taldea indartu zen jende berriarekin –Josu Landa, Pello Zubiria, Jon Barandiaran, Iñaki Uria...–. Biziraupen testuinguru horretan, kazetariek eta gertuko kolaboratzaile zein lagunek ateratzen zituzten argazkiak, eta "Argia" izenarekin sinatzen zituzten, anonimotasuna mantenduta eta eskuzabal jokatuta. Artxiboan, egiletza jakinik gabeko mota horretako milaka argazki gordetzen dira, baina benetako izen abizenak zituzten kazetari eta militanteek eginak izan ziren sarritan.

Egunkaria, argiaren uberan

“Argazki on bat, ahaztu ezin duzun hori da”. Joseph Koudelkaren esaldia da, ijito herria hain ederki dokumentatu zuen argazkilari txekiar-frantziarra. Ijitoek “euretako bat” bezala hartu zutelako erretratatu ahal izan zituen eguneroko bizitzan, naturaltasunez. 
Zein dira, beraz, norberak ahaztu ezin dituen argazki horiek? Leire Arzuaga ondo akordatzen da 1993an Bosnia-Herzegovinako gerratik ihesi zetozen herritarrei ateratako argazkiez. Haien artean igaro zituen hainbat aste, Euskal Herriko erakundeek errefuxiatuak hartzeko martxan jarritako programaren baitan. Irudietako batean sei emakume ikus daitezke euren seme-alabekin Markina-Xemeingo Boluko zubia gurutzatzen: poltsak eskuan daramatzate oraindik, irribarretsu, baina sorterrian bizi izandakoa islatzen dute begiradan. “Oso berezia izan zen niretzat testigantza hori uztea”, azaldu digu. 

Bosnia-Herzegovinako gerra-errefuxiatuak Markina-Xemeinera iristen, poltsak eskuan dituztela. Argazkia: Leire Arzuaga / ARGIA Fototeka

Arzuaga “kasualitatez” hasi zen prentsarako argazkiak ateratzen. Berari moda argazkilaritza gustatzen zitzaion, baina Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan goi mailako gradua ikasten ari zela Ander Gillenea ezagutu zuen, eta berak proposatu zion Euskaldunon Egunkaria-n hastea. Han taldetxo bat zegoen jadanik: Gillenea, Edurne Koch, Aitor Bayo... “Nik ez dut nire burua argazkilari gisa sentitzen, baina haiek bai, eta oso onak ziren”, dio. Bayo ARGIArentzat ari zen lanean, eta kanpora joan behar izan zuenez, bere ordez hasi zen Arzuaga. Horrela korritu zuen Euskal Herri osoa, Enkarterrietatik Zuberoaraino, elkarrizketak eta erreportajeak argazkiz jasotzen.

"Begiarekin ikusten genituen grisen gama guztiak, itzalekin jolasten genuelako. Eta errebelatzerakoan ere, eskuaren arabera, nahi zenuen tonua atera zenezakeen; batzuek marabillak egiten zituzten”

(Leire Arzuaga, argazkilaria)

Prentsako argazkilaritzan emakumerik apenas zebilen orduan –1970eko eta 1980ko hamarkadetan María Angeles Goikoa iruindarrak eta Isabel Azkarate donostiarrak ireki zuten bidea– eta lanbide arras maskulinizatua zen: “Gizonezkoen mundu batean aritu behar izan genuen, baina euskal medioena ez zen territorio arrotz bat guretzat eta ondo moldatu ginela uste dut, naturaltasunez”, azaldu du gure solaskideak. Egunkaria-ren laborategian –Lasarte-Oriako ARGIAren egoitza berean zegoen, aldizkari honek bere baliabideak eta azpiegiturak utzi baitzituen euskarazko egunkaria sortzeko– pasatako ordu luzeez oroitzapen politak ditu Arzuagak: “Giro oso ona zegoen eta momentu estuetan bat egiten genuen”.   

Eskuinean, Lizarrako akordioaren sinadura 1998an, Gerry Adamsen bisitarekin (argazkia: Alberto Elosegi / ARGIA Fototeka). Ezkerrean goian, Marc Legasse pentsalari anarkista-abertzalearen azken irudietako bat 1996an (argazkia: Gari Garaialde / ARGIA Fototeka). Ezkerrean beheran, buhameak eta kauterak khestuei begira, Altzürüküko maskaradan, 1992an (argazkia: Aitor Bayo / ARGIA Fototeka).

Milaka irudik islatzen dute 1990eko hamarkadako mugimendu sozial eta kulturala ARGIAren argazki artxiboan: Bilboko metroaren obrak, Delirium Tremenseko taldekideei elkarrizketa, Amnistiaren Aldeko Batzordeen manifestazio bat, Maite filmaren grabaketa... Eta sinaduretan, Arzuaga, Bayo, Gari Garaialde edo Alberto Elosegi nabarmentzen dira, besteak beste. Ilford markako paperean eta txuri-beltzean dira asko: “Begiarekin ikusten genituen grisen gama guztiak, itzalekin jolasten genuelako –dio Arzuagak–. Eta errebelatzerakoan ere, eskuaren arabera, nahi zenuen tonua atera zenezakeen; batzuek marabillak egiten zituzten”. Gero digitalizazioa etorri zen, eta izaera “artesanal” hori galdu zuen prozesuak, horrekin amaitu zuen ibilbidea: “Nik jarraitzen dut analogikoa izaten”.

1990eko uztailean Euskaldunon Egunkaria-ren “0”. zenbakia inprimatu zuten Donostiako Belodromoko ekitaldi batean zabaltzeko; diapositibetan dago gordeta une hori.

Argiarekin marraztea

Digitalizazioak, batez ere, azkartasuna ekarri zuen. Dani Blancok azkenetan zela ezagutu zuen analogikotik egindako trantsizioa, eta bere esanetan, hasiera batean argazkien kalitatearen kaltetan izan zen hori, 2,6 megapixeleko kamerak erabiltzen baitziren. Baina, teknologiak gorabehera, erretratu on bat berdin-berdin aurkitu daiteke orain zein duela bi, hiru edo bost hamarkada, “argia betikoa delako”, dio. Blancok garrantzia handia ematen dio argiari: “Esan ohi da argazki bat ateratzea argiarekin marraztea dela. Argazkilaritza kontrolatzeko ongi ulertu behar duzu argiak nola funtzionatzen duen: gogorragoa izan daiteke, leunagoa, zeharka etorri...”, azaldu digu.

1990eko hamarkadako CompactFlash memoria-txartela, jadanik deskatalogatua. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA Fototeka

Ia hogeita hamar urte daramatza ARGIAn lanean eta oso ongi ezagutzen ditu argazkilari bati suertatzen zaizkion egoera: “Batzuetan argazkiak oharkabean atera behar dituzu, eta beste batzuetan jendearen konfiantza irabazi eta lan psikologikoa egin”. Hala ere, denbora honetan Blancok zerbait ondorioztatu badu, hori izan da existitzen dela argazkigintza bat sozialki ekarpena egin dezakeena, balio batzuetan oinarritzen dena, ARGIAren kazetaritza eraldatzailea den moduan. Aurrera begira zer? Adimen artifizialarekin marra gorri bat gurutzatu dugula uste du eta lanbidea aldatuko duela: “Internetek lanbide asko aldatu zituen bezala, adimen artifizialak ere aldatuko ditu, erronka handia dago hor”, ziurtatu du ARGIAko lantaldeko egungo argazkilari donostiarrak. Fototekan gordetzen diren argazkietatik 31.000 berak egindakoak dira.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa Iruñean, 2014an. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA Fototeka

Euskara, politika, gizartea... ondare grafikoa

1980an Pasai Antxoko Ikusmira Galerian erakusketa kolektibo bat paratu zuten, Deia, Egin, El Diario Vasco, Zeruko Argia eta Ere hedabideetan agerturiko argazkiekin. Beharbada, prentsako argazkilarien lan sortzaileari balio artistikoa eta periodistikoa emateko lehen urrats gisa har daiteke. ARGIAn, bai astekariaren azalekin bai argazkiekin, egin izan dira antzeko ekimen gehiago geroztik. 

"Ondorioztatu dut existitzen dela argazkigintza bat sozialki ekarpena egin dezakeena, balio batzuetan oinarritzen dena”

(Dani Blanco, argazkilaria)

2015ean Trantsizioak erakusketa antolatu genuen Oñatin, Argia Egunaren egitarauan, eta ondoren beste hainbat herritan ere egon zen ikusgai. ARGIAko funtsetik aukeraketa lan sakon bat egin ondoren, 250 argazki esanguratsuren testuinguru historiko eta soziala kontatu genuen erakusketan. Lan horrek balio izan zuen jabetzeko euskara, politika eta gizarte gaien inguruan Euskal Herriaren historia hurbileko ondare grafiko bat gordetzen zela erredakzioko apalategietan eta zerbait egin behar zela galtzen ez uzteko. 

Argazkiak berreskuratu, ordenatu eta digitalizatu egin ziren Jaurlaritzaren laguntzaz, eta orain Fototeka batean jendearen eskura jarriko ditu ARGIAk. Blancoren aburuz, garrantzitsua da ulertzea zergatik egiten den hori: alde batetik, ez duelako zentzurik euskal begirada kolektiboa duen altxor bat “disko gogor batean ahaztuta” edukitzeak; eta bestetik, argazkilariaren lana aitortu eta zaintzeko modua ere badelako. Argazkiaren atzealdeak ere inporta duelako, alegia. 

100.000 argazkitik gora ARGIA Fototekan
Espainiako Polizia Nazionala Donostian, 1985ean. Argazkia: ARGIAren artxiboa

100 urte baino gehiagoko ibilbidean momentu historiko askoren lekuko izan da ARGIA, eta 1960ko hamarkadatik aurrera horietako asko argazkietan jasota geratu dira, ehunka argazkilariren lanari esker. Hamarkadaz hamarkada aldizkariaren argazki artxiboa handitzen joan da eta milaka irudi horiek herritarrei itzuli eta eskura jartzeko Fototeka prestatzen aritu gara azken urteetan; laster publiko jarriko dugu.

Argazkiak kalitate handian deskargatu ahal izango dira, Creative Commons lizentziek exijitzen dituzten baldintzetan eta lizentzia horiek eskaintzen dituzten aukera zein bermeekin erabiltzeko. Besteak beste, ezinbestekoa izango da argazkiaren egiletza eta iturria behar bezala aipatzea eta erabilera egoki bat egingo dela ziurtatzea. Horretarako, webgunean, argazki bakoitzaren ondoan informazio osatua eskainiko da, egilea, urtea, lekua eta testuingurua zein loturekin. Gainera, argazkiak urtearen, argazkilariaren, protagonistaren edo bildumaren arabera bilatu ahal izango dira. Ez dugu ezagutzen munduan beste hedabiderik halako ondare grafikoa libre eskaintzen duenik.

ARGIAn egunero erabiltzen ditugun argazkiekin elikatuko dugu Fototeka. Proiektu irekia da, euskal komunitatearen eta Euskal Herriko errealitatearen ispilua izateko helburuz sortu baita. Horregatik, etxean argazki historikoak edo esanguratsuak eduki eta ondare hori denon eskura modu seguru batean utzi nahi dituenak, Fototekako ateak irekita izango ditu: fototeka@argia.eus helbidera idatzi eta gustu handiz aztertuko dugu gaia. 

ARGIAn edukiak libre eskaintzeko hautu kontzientea egina dugu, kultura librean sinesten dugulako. Eta hori ezinezkoa litzateke ARGIAko harpideen babesik gabe. Beraz, milesker bihotzez horrelako proiektuak aurrera ateratzen laguntzeagatik.

Argazkien intrahistoria erakusteko 'Itzaletik argira' saila astekarian
Loiolako herri harresia 2014an. Argazkia: Axier Lopez / ARGIA Fototeka

ARGIAk bere artxiboan dauden argazki historikoak komentatzeko saila irekiko du astekarian: Itzaletik argira. Memoria ariketa izango da, baina iraganeko argazkiei begirada emateaz gain, gaur egungo eztabaida eta auziekin lotura duten aktualitateko gaiak landuko dira zeharka. 

Zer egiten du ertzain batek ahoan pilota-jaurtigailuaren bala-zorroa duela, 1988ko Bilbon? Polizia ereduaz ez al dugu ezer ikasi ordutik? Eta Joxe Arregiren hiletako argazkikoek, ba ote zekiten gau horretan bertan ezezagunek hilkutxatik aterako zutela, bere gorputz ubelduari argazkiak atera eta torturaturik hil zutela frogatzeko? Duela 40 urteko Herri Urrats jaialdian, nola demontre daude Citröen 2CVak aintzira ondoan aparkatuta? Eta duela 30 urte argazkia atera zioten tokiko eskola-jantoki hura, existitzen ote da oraindik?

Argazkien intrahistoria erakutsiko du sailak, irudian ikusten dena azaldu eta ikusten ez denaz pentsarazten jartzeko irakurlea. Beti ere argazkia bera eta bertan ageri diren protagonisten bizitzak erdigunean jarrita. Gainera, papereko aldizkarian astero izango duen txokoaz gain, bloga ere izango du webgunean, motzean eta pilulaz pilula, azken mende erdiko gure historia kritikoa osatzen joateko.

 


Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.