Aste batzuk daramat geopolitikaren zoramena orriotara ekartzea saihesten. Baina nola aritu sozioekonomiaz, kapitalismoak eta botereak ezarritako araurik gabeko nazioarteko politika testuinguru gisa jarri gabe?
Zorionez, sare libreetan topatzen ditugu ezinegona bideratzen laguntzen diguten mezuak, baita zerbait egiteko beharrari erantzuna emango dioten tresnak ere. Esaterako, kontsumitzaile kontziente gisa AEBetako produktuei boikota egiteko aplikazioak; Israelgo produktuekin deskubritu genuen No Thanks aplikazioaren gisara, AEBetako produktuak identifikatzekoak ere zabaldu dira (Non USA eta Made O’Meter).
Halako tresnek laguntzen digute kontsumo kontziente bat egiten, muga etikoak markatuta. Dena den, egungo testuinguruan eta imajina ditzakegun eszenatokiekin, iruditzen zait kontsumo kontzienteaz haragoko jauzia egitea ezinbestekoa dela. Kontsumoa denez gero sistema eraldatzeko gakoetako bat, bihur gaitezen gu ere subjektu kontsumitzaile aktibo.
Zentzu honetan, kontsumo kooperatiba integralak izan daitezke, beharbada, ekosistema eraldatzaileak saretzeko egitura interesgarrienetakoak. Izan ere, beren baitan batzen dituzte kontsumitzaile –edo erabiltzaile–, langile edota proiektuari laguntzeko prest dauden erakundeak. Izan elikadura, energia, telekomunikazioa... oinarrizko zerbitzu eta produktu ia guztiak irabazi asmorik gabeko erakunde eta sareen bidez eskuratzea posible da. Zerbitzu publikoekin bete nahi ez dituzten hutsuneak, autoeraketaren bidez estali ditzakegu, antolaketa eta ahalduntze kolektiboaren aldeko apustua eginez.
Hau guztia dakart, Goiener eta Izarkom irabazi asmorik gabeko kooperatibek Iruñean elkarrekin zabaldu duten bulegoko inaugurazioa ospatu berritan. Kontsumoa egituratzeko proiektu kooperatiboen sorrera bezain garrantzitsua delako hauen sareak sustatzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.