2026ko lehen hilabetea bukatzen ari dela eta, Argien lurraldean, jadanik lau feminizidio ofizial kontatu dituzte Frantziako Estatuan. 2025ean 165 izan ziren, 2024an 107. Bai, lotsagarria da. Zilegi izango litzateke galdetzea zer egiten duen Poliziak. Zer egiten du Justiziak? Zer egiten dute politikariek?
Poliziak biktimen hitzak ukatzen ditu. Noustoutes kolektiboaren arabera, salaketak egin dituzten biktimen %66k haien harrera txarra gaitzesten dute. Justiziak erasoak ez ditu kondenatzen (kasuen %98). Politikariek gure aldarrikapenak eta eskubideak zikintzen dituzte.
Beharbada, Brigitte Macron frantses lurraldeko lehendakariaren esposaren balentriaren berri ukan duzu: abenduan, Ary Abittan-ek, bortxaketaz akusatua izan den umoristak, ikusgarri bat egin zuen. Gizonak jadanik telebistan adierazi zuen bere biktima hura akusatzeaz barkatzen zuela. Hala ere, bere bihotz ona neurtu beharko genuke zehaztuz epaiketak ez zuela hobengabetu, kondenak ez duelako segidarik ukan, froga eskasez. Talde feminista bat agerraldira joan zen jarrera salatzeko. Baina, hor zegoen Brigitte Macron eta erasotzailea lasaitu zuen antzerkia bukatuta kamaren aitzinean: “Ez kexa, alu zikin horiek isilaraziko ditugu”, aldarrikatu zuen.
Alu zikinak. Ordezkariek horrela deitzen dituzte bortizkeria maskulinoen kontra oldartzen direnak
Alu zikinak. Ordezkariek horrela deitzen dituzte bortizkeria maskulinoen kontra oldartzen direnak. Noski, erran horiek eskandalua sortu dute.
Alta, beharbada polemika honek beste bat ezkutatzen du: garai berean, Le Canard Enchainé astekariak inkesta bat argitaratu zuen, eta adierazi zuen Macron andereak “Txanpon Horiak” kanpaina solidariotik bi milioi euro desbideratu zituela. Populakuntzaren emaitzetatik hartua izan den dirua da eta ospitaleetako haur eta familiei zuzendua da. e-France elkarteak ere, emaztearen lagunez osatua, zama berreskuratu du. Kanpaina horren helburua? Haurrak interneten babestea.
Ez nintzateke ausartuko erratera lehendakari bikoteak feministak erabili dituela desbideratze salaketa gordetzeko, nire ustez pertsona horiek, gobernuan diren beste guztiak bezala, muina arte ustelak direlako. Macron anderea Baionara etorri zen urtarrilean, eta talde feministek bere aurka protestak egin zituztelarik, Poliziak lotu zituen. Berriz ere, injustiziak salatzeko espazioak ukatuak dira populuen menpekotasunean oinarritua den frantses demokrazian.
2026ko lehen hilabetea bukatzen ari dela eta, emazteak hiltzen eta bortxatzen dira. Horren kontra borrokatzea, abusuak salatzea, Argien lurraldean, alu zikina izatea da.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.