“Gehiagotan aritzen ginen bertsotan gai jartzaile gabe, gaia jarrita baino”

  • Muxikan (Bizkaia) jaio zen 1942an. Bertsolari familia bateko semea, Urretxindorra eta Balendin Enbeita bertsolari ezagunen ondorengoa da. Arabara bizitzera etorri zen Kepa anaia eta beste hiru lagunekin 1970eko hamarkadan, baserritik eta euskaratik borroka egiteko asmoarekin. Araban euskal kulturari eta, bereziki, bertsolaritzari bultzada emateko eskuzabaltasunez eta borondate handiz lan egindakoa da Enbeita. Gasteizko bertso eskolaren sortzaileetako bat izan zen, arabar bertsolaritzaren garapenaren lekuko eta, baita, nola ez, garaien eta bertsolaritzaren aldaketen testigu ere.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Goxo hartu gaituzte enbeitatarrenean, Abornikakon (Araba). Iritsi eta mahaia prest topatu dugu: urdaiazpikoa, txorizoa, ogia… Eta gatzatua irakiten lapikoan. Sukaldeko alde batean Zaballako bertso eskolako lagunek egindako oparia dago zintzilik. Bestean, borrokan lagun izandako adiskideen argazkiak. Kepa Enbeita anaia ere bertan geneukan ongietorria emateko zain. Gurekin aritu da elkarrizketan, eta hemen jaso ez ditugun kontuei buruz berarekin hitz egitera etorriko garela hitz eman diogu. Besteak beste, baserriaz.

Frankismoaren urte ilunenetan jaio zinen, gerraostean. Baduzu bertsolaritzaren haurtzaroko oroitzapenik? Egiten al zen bertsotan zuen inguruan eta etxean?
Aitak. Baina gutxi egiten zen etxean. Eguberrietan, txarribodan, bazkariren bat egiten zenean… aitak kantatu egiten zuen. Eta aitaren anaia ere bertsolaria zen, Sabin. Baina hark bertsoa kantatzen zuenean leihoak itxi behar izaten ziren, beldurra zeukalako. Euskaraz egitea galarazita zegoen, eta beldurra itzela zegoen. Egiten zen bertsotan, hala ere. Gure aitak gehien maite zuen arreba, Miren, preso eduki zuten. Nik erdaraz fraileekin ikasi nuen. 12 urterekin sartu nintzen, eta 18rekin atera. Eskolan 6 urterekin hasi nintzen, 8 urteak arte. Hor ere galarazita zegoen euskara. Ematen ziguten botoi bat euskaraz egiten zuenari. Zuk beste bat harrapatu eta taka! Beste bati eman behar hori. Niri azkenean tokatzen zitzaidan gehienetan, eta nik teilatura bota [barre egin du], eta kastigatuta gero beti.

Nolako zigorra zen?
Han belauniko, gurutzearekin… Egun batez, eskolan geldiarazi ninduten bazkaltzera joan gabe. Nik leihoa zabaldu eta joan egin nintzen, eta bazkaldu eta berriro etorri! Beste behin kastigatu ninduten Espainiako bandera ez musukatzearren. Aitari esan nion, eta aitak: “Horregatik?”. Hurrengo egunean aita maistrarengana joan zen eta errienta itzela egin zion.

Egun berezietan andrazkoek ere egiten al zuten bertsotan?
Nire arrebak nirekin plazan egin du, Basaurin (Bizkaia). Hor izan ginen arreba Libe, Itxaro Borda, Etxahun Iruri eta laurok, bertsotan Basauriko Kultur Etxean. Nik orduan Etxahuni ez nion piperrik ulertzen! Zubereraz egiten zuen. Itxarori bai, ulertzen nion. Han egin genuen laurok… Eta emazteak eta nik promesa eginda geneukan Zuberoara joan behar genuela hamabost-bat egunez, euskalkia ikastera. Euskalki guztiak egiten ikasi dut, hala hola. Orain galtzen ari naiz, ez naiz hainbeste ibiltzen-eta. Baina, hala edo hola, dominatzen ditut denak.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Esaten dute zuen aitona, Kepa Enbeita Urretxindorra (Muxika, Bizkaia, 1878 – 1942),  berritzailea izan zela bertsoaren estilo eta ideologia aldetik. Sentitu zara, nolabait, aitonaren bertsokeraren oinordeko?
Ez nuen aitona ezagutu. Jaio nintzen urtean hil zen. Bere bertso egikera laikoa zen, harik eta mediku bat, Juan Arrospide, agertu zen arte. EAJko pentsalaria zen hura, kristaua. Jaungoikoa eta Lege Zaharra. Hark konkistatu eta eraman zuen gure aitona abertzaletasun kristaura. Ordutik aurrera, bertsoak bakarrik dira Jaungoikoa eta euskara, euskara eta Jaungoikoa… Eta diotenez, omen zeuzkan bertso asko idatziak, baita irabazi zituen bertso idatzien txapelketak ere, eta zeuzkan bertso idatzi asko erre egin omen zituen deabruaren gauzak zirela-eta. Dauzkan bertsoak bertso onak dira; baina dena Jaungoikoa gora eta Jaungoikoa behera.

Bertsolari familia zen zuena. Aita ere Bizkaiko txapelduna, Balendin Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1906 – 1986).
Aita handia izan zen, 36ko Gerra aurretik ere txapelduna izan zen-eta. Gero, lau urte espetxean egin zituen. Mezulari bezala ibiltzen zen kotxearekin, dokumentuak eramaten frontetik mendietara-edo… Hor harrapatu zuten. Puerto de Santa Marian, Cadizen (Andaluzia) eduki zuten. Gero, 1958 eta 1959an egin ziren Bizkaiko lehen bi txapelketak aitak irabazi zituen. 

"Borrokaren barruan, guretzako horietako bat zen baserriko iraultza egitea, eta euskara sustatzea hemen"

Hitz egiten al zen etxean gerrari buruz?
Bai, gure etxean gehiago beste batzuetan baino. Eta amak asko. Ama gogorragoa zen aita baino.  

Aitarekin ikasi zenuen bertsotan?
Neuk bakarrik. Fraileekin egon nintzen 18 urte bete arte. Atera nintzenean, gai jartzen hasi nintzen. Jon anaiak eta lehengusu batek bertsotan egiten zuten, eta ni gai jartzaile joaten nintzen. Behin, Zornotzako (Bizkaia) auzo batean bertsotan ari zirela eta ni gai jartzen, entzuten nien entzuleei: “Hori beroi izango dek ona”. Eta bukatu zenean esan zidan: “Orain bota ezak heuk bertsoa!”. Eta nire anaia, aurpegi gogorra izan da beti Jon, eta bota zidan: “Entzun duzu, ezta?”. Han kantatu nuen lehendabiziko bertsoa hasi eta buka plazan. Egun horretan bazkaltzera joan ginen Carmelo Cedrún Athletic-eko atezainaren etxera, eta ez nintzen isildu ere egin bertsotan! Handik hasi nintzen plazetan.

Zer izan duzu nahiago, txapelketa edo plaza?
Plaza. Azpiko oholek ihes egiten zidaten txapelketan. Oso urduri egoten nintzen. Gogoan dut Bizkaiko final batean, Durangon, liburu azoka egiten zen lehen edo bigarren urtea zela, hotza egiten zuen, eta ni izerditan. Jon Lopategik esan zidan: “Gaixorik hago”. Orduan nire lagunari, emaztea izango zenari gero, esan nion: “Ni ez noa gehiago txapelketara”.

Non ezagutu zenuen emaztea?
Areatzan (Bizkaia). Joan nintzen ni zahagi-mutil. Lanean nenbilen eta lagun batek esan zidan: “Goazen dantzatxo bat egitera”. Han ezagutu nuen. Esan nion: “Zuk zelan daukazu izena?”. Berak: “Abelina”. Eta nik: “Abelina? Eta ni Abel? Gaurtik aurrera Abelina ez, Abelena!”. Handik urtebetera-edo atera ginen. Bertsozalea izan da bera ere.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Gaiak zelakoak izaten ziren zu bertsotan hasi zinenean?
Oso ezberdinak. Gaurko gaiak lehengoei jarrita, ulertu ere ez zuten egingo. Dena den, gehiago egin dut bertsotan gai jartzaile gabe, gai jartzailearekin baino. Gu joaten ginen lehenago herri batera eta herriko jendearekin egon. Guztiaz ez zinen jabetzen, baina hango bromak-eta entzun, eta gero ahal zena egiten genuen. Adibidez, Izurtzan (Bizkaia) egon ginen bertsotan Xabier Amuriza, Abel Muniategi eta hirurok. Hango dantza taldeak aspaldi galduta zuen euren ikurriña berreskuratu zuen, eta harekin dantza egin nahi zuten, baina alkateak ezetz: edo Espainiako banderarekin, edo ezer ez. Abadeak utzi egin zien, eta elizan dantzatu zuten. Hori ikusita, gaia hor geneukan. Aguazilak bota zigun: “Beste era batera ere egin daiteke bertsotan, edo?!”. Nik bertsotan esan nuen herriko gauzekin ohartzen ginela eta hori kantatzen genuela, eta berak beste gairen bat baldin bazeukan, igotzea zeukala gurekin bertsotan egitera. Jende bat txaloka hasi zen, eta hark “nahikoa da” oihu, eta hartu makila eta altabozen kablea apurtu zuen. Jendea aguazilaren kontra, eta Amuriza, Muniategi eta hirurok, tabernara! Handik 25 urtera-edo deitu ziguten berriro. Hori 1966an edo izango zen, ze 1967an espetxera joan nintzen bertsoengatik. Uste nuen Izurtzako horiengatik zela, baina Gernikan (Bizkaia) kantatu nituen beste bertso batzuengatik izan zen. Eta han ez genuen ezer esan.

Horregatik kartzelara!
25.000 pezetako multa. 25.000 pezeta, orduko hartan, ingeniari batek urtean irabazten zituen. Sarjentuak esan zidan: “Asko da, e”. Eta nik: “Pezeta bakarra balitz ere, ez nuke ordainduko”. Hilabete egon nintzen [kartzelan]. Kepa [anaia] atera eta ni sartu. Gero, 1970ean berriro, eta 1980an, berriro biok eraman gintuzten Carabanchelera [Madrilgo espetxe bat]. “Terroristak gordetzea” egotzi nahi izan ziguten.

Hori baino lehen, Bizkaian bertsotan egitea ere debekatu zizuten.
1969an izan zen. Binakako txapelketa egin genuen: bi Bizkaitik, bi Gipuzkoatik, bi Nafarroatik eta bi Iparraldetik. Hor bai utzi zidatela kantatzen, baina hortik kanpo, soilik Gipuzkoako eliza batzuetan kantatzen nuen, apaiz progresistek uzten zigutena.

Sasoi horretan irekiera gertatu zen Elizan, ezta?
Bai, beno, baina gero denak eraman zituzten Zamorara, e. Apaiz aurrerakoi guztiak.

Bertsotan egitea galarazi zizutelako etorri zineten Arabara?
Ez. Nekazal proiektu bat genuen. Bost lagun etorri ginen. Borrokaren barruan, guretzat horietako bat zen baserriko iraultza egitea, eta euskara sustatzea hemen. Euskara aldetik zerbait egin dugu behintzat. Baserria beste kontu bat da. Herri honetan lehen denak bizi ginen baserritik; gaur, etxe bakarra. Etorri diren beste guztiek egiten dute baserritarren ereduaren kontra. Hori ari da gertatzen herri txiki guztietan. Hemen zaindu da pixka bat. Baina egin dutena izan da beraien oporraldirako etxetxo batzuk egin lurrik onenetan. Etortzen direnetan, oilarraren kukurrukuaz kexu dira eta 11:00 arte ezin da traktorerik atera, beraiek deskantsatu egin behar dutelako. Herrian gehiengoa dira, herriko junta haiek dira.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Hasieran alfabetatzen-eta ibili zineten, eta euskara irakasten gero.
Bai, eta dantzan ere bai. Herriko jendearekin egoten ginen. Gu bezala Bizkaitik etorritako bi familia zeuden, eta nafar batzuk ere bai. Beste inor ez zegoen euskaraz zekienik. Eta zekitenek ez zuten egiten.
Kepa Enbeita: Eraman gintuztenean ez ginen ezagunak herrian. Sei hilabete generamatzan hemen. Jendearentzako shocka izan zen. Herriko batek besarkatu egin ninduen bueltatu ginenean. Hortik aurrera hasi zen jendea guri esaten euskara ikasi nahi zuela. Frankismoaren indar politiko eta polizialen aurkako erreakzio bat jada bazen.

Gasteizko bertso eskola geroago hasi zen.
1982an, bai. Banuen lehendik ideia, baina ez nekien norekin eta nola egin. Harremana banuen Laudioko eta Aiaraldekoekin. 1981ean, UEUk antolatuta, Xabier Amurizak hitzaldi bat eman zuen bertsolaritzari buruz, eta hara joan ziren denak. Liburuak ere atera zituen: Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua. Horra ere joan ziren gasteiztarrak, Gasteizen ere egin nahi zutela-eta. Ez dakit orduan Amaia Otsoa ere etorri ote zen. Hura izan zen Euskal Herri osoan txapelketa ofizial batean kantatu zuen lehen emakumea. Orduan, horiek etorri zirenean nigana proposamen horrekin, Gasteizen bertso eskola egitekoa, nik ilusio handia neukan. 1982an hasi ginen dantza talde baten lokalean. Gero, nirekin espetxean egondako bat, Txustaren [Joxe Agustin Iriondo] tabernan. Hogei bat lagun etortzen ziren. Atera kontuak: 1984an jada Arabako lehen Bertsolari Txapelketa egin genuen, eta hamaseik parte hartu zuten. Ez galdetu zelakoa izan zen. Horrenbeste ez dut sufritu… Baina egin zen!

Nolako bidea egin du Arabako bertsolaritzak?
Lehenengo txapelketa egin genuenean uste genuen hurrengo egunean bertan Euskal Herriko txapelketara joango ginela, baina… [barre]. Baina egin du bere bidea. Bertsolari onak daude. Lehenengo txapelketa hura eta gero inork ez zuen entzun ere egin nahi txapelketarik. Sariketa bat antolatu genuen. Laudion egin genuen finalerdi bat, La Puebla de Labarcan bigarrena. Orduan ikastoletan nenbilen bertsolaritza ematen, 1983tik. Errioxako umeek eta gurasoek, a ze amor propioa! Horiek militanteak ziren. Gero egon dira beste bi belaunaldi-edo, eta badaude bertsolari onak. 

"Arabako lehen txapelketa egin genuenean, hurrengo egunean bertan Euskal Herrikora joango ginela uste genuen!"

Zure ustez, zer behar du bertsolari onak?
Bestea hitz egiten ari dela, jada erantzuna pentsatzen egon. Azkartasuna. Teknika. Eta teknika da praktika eta praktika. 
Kepa Enbeita: Patxi Etxeberriaren heriotza dela eta, Ane Labakari galdetu diote ea harengandik zer ikasi duen. Esan zuen, bertsolari batek azken oina pentsatu eta bertsoa josi beharrean, erantzuna lehenengo bota behar duela eta gero bertsoa josi. Joxe Mari Aranaldek [apaiza zen Añorgan, Orixeren iloba] hitzaldi batean Bizkaiko bertsolaritza eta Gipuzkoakoa bereizi zituen. Esan zuen Bizkaikoa bertsoa josten doala, eta Gipuzkoakoa bertsoa betetzen azkena botatzeko. Eta Patxik erakutsi ziona Labakari horixe zen. Beraz, Aranalde ere ez zebilen guztiz zuzen, baten bat bazegoen Gipuzkoan horrela egiten zuena!

Bertsolaria olerkaria al da? Literatura jasoa da, ala herrikoia?
Bertsolaritza da herrikoia. Bertsolaria izan daiteke olerkaria, edo olerkaria bertsolaria; baina bertsolaria da, berez, herrikoia. Olerkaria da pausatua, hausnartzen duena, eta bertsolaria da momentuko indarra, momentuko txispa. Eta momentuan bere tankera ere erakutsi behar du: alai dagoen, haserre… Nik bi gauzak maite ditut, baina bertsolaria naiz.
Kepa Enbeita: Bertsolaritzak saltoa eman du. Batzuek hartzen zuten ezjakinen gauzatzat, baserritarrena… Hori bertsolariak ere sinistu zuen sasoi batean, eta bertso paper asko egiten ziren, elkarri adarra jotzeko-eta. Baina gaur egunean, bertsolaria pasatu da unibertsitatera.
Abel Enbeita: Baina herrietan ez zen horrela ikusten bertsolaria. Bertsolaria gure herrian izan da “konsejua”. Jendeak aholkua nori eskatzen zion? Bertsolariari.
Kepa Enbeita: Gure aitak bertso bat badu esaten bertsolaria dela herriaren bozeramailea. Beraz, herriaren pentsamenduaren, herriaren sententziaren, herriaren “kontsejoaren”, Abelek esan duen bezala, eroalea da bertsolaria. Hori da kantatzen duena. Horregatik bere bertsogintzan eta bere filosofian bertsolaria oso pertsona etikoa izan behar zen, exenplu ematen zuena. 


Bertsolaritza kanalean gehiago
2026ko otsailaren 9
Arabako Bertsolari Txapelketa 2026
Aroa Arrizubietak irabazi du Oiongo lehen saioa

2025eko abenduaren 29
Patxi Etxeberria bertsolaria zendu da
Agur ahots sakoneko plazagizonari

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.