Duela hilabete batzuk, Espainiako argitaletxe batek proposatu zidan nire poema liburu bat argitaratzea. Gaztelaniaz nahi zuten, eta azaldu behar izan nien ez zela nire buruan sartzen euskaraz ez den hizkuntza batean idaztea. Ulertu zuten nonbait, itzulpen bat argitaratu zutelako azkenean, baina behin eta berriz eskatu zidaten poema argitaratu gabeak gehitzea, gaztelaniazko irakurleak saritzeko nolabait. Eta horrela plazaratu zen liburua azkenen, bonus track batekin, alegia. Lerro hauek idazten ari naizenean Chus Pato poeta galiziarra aurkitu dut aireportu batean, eta barre egin dugu, Cagliari-ra noalako ni eta bera Calgary-ko elurteei buruz ari zaidalako galdezka. Burutara etorri zait bere poema zati bat: Nire jatorrizko hizkuntza faxismoa da. Patok gaztetatik zekien poeta izanen zela eta galegoz idatziko zuela. Izan ere, ama hizkuntza bat oso zaila da erauzten. Askotan esaten du bere ama hizkuntza galegoa dela, nahiz eta bere gurasoek erakutsi ez. Izan ere, amonak galizieraz hitz egiten zuen, eta gurasoek beren artean ere bai, baina seme-alabei gaztelaniaz hitz egiten zieten, arazorik ez izateko. Hortaz, bere ama hizkuntza halako zurztasun linguistiko bat da, ez amak ez eta aitak ere ez baitzuten inoiz gaztelaniaz ondo egin. Ama hizkuntza ez baita beti biologikoa, historikoa ere izan liteke.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.