Saiakera akademikotik aldendu eta gertuko hizkuntzan heldu dio zahartzaroari Arantxa Urretabizkaia kazetari eta idazleak (Donostia, 1947): Pamiela argitaletxearekin Zahartzaroaren maparen bila liburua argitaratu du. Azaroan, Iruñeko Laba aretoan izan zen liburua aurkezten: zahartzaroaz mintzatu zen liburuaz harago, eta nabarmendu zuen zahartzeko modu tradizionala desagertu den arren, “topikoak” nonahi daudela. Zahartzarorako eredu berriak sortzeko bideak zabaltzen ditu liburuak.
Erdi Aroko mapagileek, ezezagunak ziren lurraldeak seinalatzeko, hicturs sunt dracones (“hemen herensugeak daude”) jartzen zuten. Lurralde horiei ere terra ignota edo terra incognita (“lurralde ezezaguna”) esaten zitzaien. Zahartzarora hurbiltzen ari zenean, mapa gabe eta lurralde ezezagun batean zegoela sentitu zuen Arantxa Urretabizkaia kazetari eta idazle beteranoak. Horregatik, azken urteotan eginiko zahartzaroaren inguruko gogoeta ugari jaso ditu Zahartzaroaren maparen bila saiakera liburuan. Pamiela argitaletxearekin argitaratu du, eta 2025eko azaroan Iruñeko Laba aretoan izan zen liburua aurkezten. Hitzaldi hori eta liburuko hainbat gako dakarzkigu erreportaje moduan.
Zahar hitzaren inguruko gogoetekin abiatu du Urretabizkaiak liburua, horrela hasten da hitzaurrea, eta adibide ulerterraz batzuekin ematen dizkio printzak hausnarketari. Haurtzaroan dagoena haurra da. Gaztaroan dagoena, gaztea. Helduaroan, heldua. Eta zahartzaroan dagoena? Urretabizkaiak argi du erantzuna: zahar hitza hobesten du, adineko jendea, adinduak eta hirugarren adina gisako eufemismoen gainetik. 1947an jaio zen Urretabizkaia, aurten 79 urte beteko ditu, eta taburik gabe mintzo da adinaz: “Beti aurkitzen dut norbait esaten duena zaharrak trapuak direla. Bakoitzak erabili dezala nahi duen hitza, baina nik badakit aspalditik zaharra naizela eta ez dit lotsarik ematen”.
Bere ama zahartzaroan “dezente abiatuta” zegoenean hasi zen gaiaz hausnartzen eta jabetzen. Horri tiraka idatzi zuen 3 Mariak eleberria (Erein, 2010). Liburu horretan, txikitan lagun izandako eta zahartzean elkarrekin biziko diren bi emakumeren istorioa kontatzen du: “Ordutik, nire harridurarako, aditua egin naiz gaian”. Hala, ikusi du zahartzeko modu tradizionala desagertu egin dela, baina ez dagoela eredu berririk. Liburu berri hau, Zahartzaroaren maparen bila (Pamiela, 2025), bide berri hori aurkitzeko maparen pieza bat izatea nahi du: “Belaunaldi oso baten edo agian biren ardura da eredu berri bat sortzea”.
Pertsona zahar bat irudikatzean, gizartean oro har dagoen irudia argi du Urretabizkaiak. Hain zuzen ere, norbaitek entzuteko zain, ahal dela sutondoaren ondoan, besaulki batean eserita dagoen pertsona bat da. Beti atzera begirako kontuetan dabilena, eta normalean, gehiago edo gutxiago, norbaiten ardurapean bizi dena. Urretabizkaiak, bere amaren eta bere lagunen zahartzaroa ikusita, argi ikusi zuen berak ez zuela horrela zahartu nahi: “Emakumeoi, jaiotzen garenetik esaten digute garrantzitsuena dela gu sortu gaituen familia, eta gero guk sortutakoa. Behar duguna familia barruan konpontzen dela esaten digute, eta kanpoan dagoena arriskutsua dela. Esandako guztia jarraituz gero, esan ziguten ez ginela bakarrik egongo zahartzaroan, baina gero ez da beti horrela izaten. Emakume asko engainatuta eta abandonatuta sentitzen dira, nahi bezain txintxo izanda ere, gertatu egiten zaigulako”.
Iruditegi kolektiboan dagoen zahar hori, zahartzaroaren estereotipoen eta topikoen adibide bat da, baina ez bakarra. Urretabizkaiak topiko ugari jaso ditu liburuan. Esate baterako, zaharrak haur bilakatzen direla; gaztaroan “errebelde” izatetik, zahartzaroan “konformista” izatera pasatzen direla; orain ez dela “zaharren garaia”; eta zahartzaroak jakintsu egiten gaituela. Urretabizkaia: “Zahartzaro tradizionala desagertu da, baina ez dira desagertu zahartzaroaren inguruko topikoak. Nahiko nuke egia izatea, baina zahartzaroak ez zaitu jakintsu egiten. Zahar jakintsu gutxi batzuk ezagutzen ditut”.
Onurak nagusi
Urretabizkaiaren esanetan, azken hamarkadetan nabarmen, zahartzaroa gauza negatiboekin lotu da eta gaztaroa, berriz, gauza positiboekin: “Jendeak esaten dit zaharra naizela, baina nire ideiak gazteak direla. Nire ideiak dira nire aldaka edo belauna bezain zaharrak”. 3 Mariak eleberria idatzi zuenetik hitzaldi asko eman ditu zahartzaroaren inguruan, eta bertaratu diren pertsonei zahartzaroaren inguruko alde onak eta txarrak galdetu dizkie: “Nire harridurarako, onurak ajeak baino ugariagoak izan dira”.
Onuren artean, besteak beste, liburuan aipatzen ditu lotsa galtzea, erretiroa, denbora nork bere modura erabiltzeko aukera, ametsak betetzeko aukera eta denbora, zaletasun berriak probatzekoa, askatasuna, eskarmentua, lagun berriak egitea, pentsioa izatea –nahiz eta baxua dela salatu– eta barne bakea.
"Esan ziguten ez ginela bakarrik egongo zahartzaroan, baina ez da beti horrela izaten"
“Esaten digute lagunak soilik txikitan egindakoak direla, baina ez da egia. Errazegi orokortzen dugu. Ikusi ditut pertsona zaharrak lagunak egiten, eta bikote harreman berriak izaten ere bai”, esan du. Azaldu du, baita ere, amets horiek gauzatzeko zenbait espazio existitzen direla, hala nola zaharren klubak, irakurle taldeak edota joskintza tailerrak: “Gauzak egon badaude, kontua da pausoa eman behar duzula. Etxean geratzen bazara egun osoa ez zaizu horrelakorik gertatuko”.
Zahartzaroaren kalte edo ajeetan aldiz, gorputzaren gainbehera, ospearen galera edo ingurukoen nahiz urrunekoen begirada gutxiesgarria, ikusezintasuna eta desiratu gabeko bakardadea aipatu ditu. Urretabizkaiak liburuan dio “bakarrik”, “euskarririk gabe”, basamortuaren erdian “abandonatuak” eta “ikusezin” utzi dituztela zaharrak, eta horrek askoren ustetan etengabe kexu diren pertsonak bilakatzen dituela zaharrak: “Iruditzen zait ez dugula oraindik asmatu nola eman kexetatik aldarrietara igarotzeko pausoa. Hori da gaurko zaharron erronka oraintxe bertan, kexak aldarri bilakatzea eta aldarri horiek entzunaraztea”.
Bestalde, liburuan azpimarratzen du zahartzaroa iraultzarako garaia ere badela, eta gizarte osoaren ardura dela zahartzaroaren mapa sortzea: “Ondorengoei, belaunaldi gazteagoei zor dieguna ez da itxura antzeztea, ez da etengabe deskantsatzea, ez obedienteak eta otzanak izatea, ezta geure burua gizartearen bazterrean kokatzea ere, edo gizartearengandik aparte bizitzea. Zahartzaroaren kontrako diskriminazioaren kontra jardutea zor diegu, zahartzaroan ere bizitza autonomoa izan dezakegula frogatzea, eta proiektuak ere izan ditzakegula; zahartzaroaren mapa osatzeko lana zor diegu”. Modu horretan, maparen zati bat gazteei eskaintzea da liburuaren proposamenetako bat.
"Ikusi ditut pertsona zaharrak lagunak egiten, baita bikote harreman berriak izaten ere"
Aliantzen premia
Mapa sortzera bidean uste du belaunaldien arteko aliantzak “oso aberasgarriak” direla, eta gazteekin harreman horizontalak sortu eta elkarrengandik “asko ikasi” daitekeela: “Esan ziguten sufritzera etorri ginela mundu honetara, baina badakigu ez dela egia. Ikastera etorri gara. Disfrutatzera ere bai, baina nik ez dut egon nahi egun osoa disfrutatzen”.
Liburuaren inguruko elkarrizketa batzuetan galdetu diote ea gazteentzako liburu bat den, eta horrek ez dio graziarik egin Urretabizkaiari: “Ez dut uste gure burua islatuta ikusteko irakurtzen dugunik. Batzuetan besteen bizitzak ezagutu nahi ditugulako irakurtzen dugu. Ez dut ulertzen zergatik zaharren gaiak ezin diren besteentzat interesgarriak izan. Zaharrak gizartetik kanpo gaude, ala?”.
Azaldu du, bestetik, arrazoi asko daudela zaharren gaiak alboratzeko. Horien artean, ez molestatzeko esaten dietela dio: “Adin batetik aurrera esaten digute goizetik gauera eta astean zazpi egun deskantsatzen eta disfrutatzen egon behar dugula. Baina beti, erabakiak hartzen diren lekuetatik aparte”. Behin jubilatuta atseden hartzeaz gain, beste gauza asko egiteko aukera dagoela uste du. Horrez gain, argi du ez duela egonean egon nahi, deskantsatzen: “Ez dakit horrenbeste atseden behar dugun. Deskantsatzea aukera bat izan behar da, baina ez betebehar bat”.
Gogoetak saiakera liburuan jaso aurretik, urteak eman ditu Urretabizkaiak zahartzaroa aztertzen. Urteetan irakurritako liburuak hartu, azpimarratutakoa ikasi, bere begiekin ikusi, eta hitzaldietatik jasotako informazioarekin osatu du liburua. Halere, kontatu du kostata aurkitu duela informazioa, oso gutxi direlako gaiari heltzen dioten liburuak. Idazketa prozesuari ekin zionean, argi zuen ez zuela aholkuz jositako liburu bat idatzi nahi, irisgarria izatea zela funtsezkoena. Horregatik, saiakera akademikotik aldendu eta gertuko hizkuntzan heldu dio zahartzaroari: “Ez naiz sekula ahalegindu esaldiak korapilatzen. Berrogei urtetan nahiko izan banu egin izanen nukeen, baina ez da nik bilatzen dudana. Ahozko hizkuntzatik hurbil dagoen zerbait bilatu dut”.
"Ez dugu asmatu kexak aldarri bihurtzen; hori da zaharron erronka oraintxe"
Horri lotuta, Zergatik panpox (Hordago, 1979) eleberria kaleratu zuen garaiko pasarte bat ere kontatu du: “Jendeak esaten zidan: ‘Irakurri dut eta ulertu dut’. Arreta ematen zidan, ematen duelako liburu bat irakurri eta ulertzea oso arraroa dela. Batzuetan galdera bat botatzen dut: 'Ulertu duzu, ados, eta gustatu zaizu?'”. Horrekin batera, irakurketa arintzeko eta irakurlearengana gehiago hurbiltzeko pasarte pertsonalak sartu ditu, batez ere, amari lotutakoak.
Zahartzaroaren gaia zabala da oso, eta ertz askotatik landu daiteke. Urretabizkaiak bere aletxoa jarri nahi izan du saiakera liburuarekin. Alabaina, gai asko lantzeke gertatzen direla sentitzen du. Adibidez, sexualitatea, erotismoa eta diru kontuak. Zahartzaroaren inguruko hitzaldietan zahartzaroaren onuren eta ajeen zerrendak egitea proposatzen die entzuleei, eta hausnarketa sustatzeko gauza bera proposatzen die liburua irakurtzen dutenei.