argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Eskuekin
Ula Iruretagoiena 2026ko urtarrilaren 21

Modernitateak, bizitza erosoago baten aldarrikapenean, bizitzaren industrializazioa bultzatu du kementsu, eta baita lortu ere. Eskuekin egiten ziren lan nekezak egitea erdietsi du teknologiak. Eskuak zikintzea, gorputzak izerdi egitea edo hotza pasatzea, eta egiten dugunarekiko ukimena (eta gertutasuna) ekiditea lortu dute makinek. Lan-ekintza askotan lanbidea erraztu egin dute zeharo, iragarritako lanordu laburrak kendu gabe beti ere. Baina makinak ez du eskua ordezkatu. Eskuekin egiten zena beste modu batean egitea lortu du industriak, eta bide batez, ekonomia boteretsuagoa sortu. Makinak gehiago, azkarrago eta erosoago egiten duela ezin uka, eta ezaugarri horiek bermatzen dute dirua egiteko makina bat sortu izana. Eta lan-eremu askotara iritsi da: agroindustriara, modaren industriara, medikuntzaren industriara, eraikuntzaren industriara... Erosotasuna eta garapena lortu dira maila handi batean, eta eskuek egiten duten lanaren inperfekzio eta mimoa ezabatu da produktuetatik.  

Eraikuntzan, material sintetikoek naturalak ordezkatu dituzte, teknika gutxiago eskatzen duten eraikuntza sistemekin, baina industrializazio prozesu handia duten materialekin. Eraikuntza makinan eta buruaren trebetasunean oinarritzen da, “eskulan merkea” ahalbidetuz. Bestalde, industrializazioak eskuekin egiterik ez diren eraikuntzak posible egiten ditu, eta alderantziz, badira hainbat lan esku trebeen beharra dutenak. 

Zurgin, errementari, zeramikari, igeltseroen belaunaldiak erretiroa hartzen duenean, zein esku-jakintzarekin eraikiko dira makina batekin egingarriak ez diren eraikuntza-lanak? Ordezkatuko duen belaunaldi bat prestatzen ari ez garenez, diseinatzaile eta kalkulatzailez beteriko diseinuak egiteko bulego-kideak mahaian eserita izango ditugu, diseinua nork gauzatu bila. Eraikuntza-artisaua deritzogun arloan esku finak beharko dira. Eta hau ez da deialdi erromantiko edo alarmista bat, ekonomia ereduak kanporaturiko beharren agerbide bat baizik.